M

Publié le par Duny-Pétré

Maiatza heldu denian

 

Lehengo artzainari eta goiherri garbietan laketzen direneri.

 

 Maiatza heldu denian,

 Bero baita iruzkian,

 Ardiak dira pentzian,

 Auserki janez, asian,

 Etzanik ur bazterrian,

 Lokarturik itzalian,

 Amentsak oro mendian!

 Bana zer dugu haizian?

 

 Haizia da huxtuz ari!

 Mendiz mendi, herriari

 Eman ditu frango berri:

 Ukanen dugula sarri,

 Osto, lili, belar, xori,

 Esker mila Jinkoari.

 Bana, hegoak ekarri,

 Zer ote da soinu hori?

 

 Arramantza, urrunetik,

 Jalgitzen da zelaiatik.

 Iduri luke jadanik,

 Ehun ahotz erhoturik

 Zerbait jotzen dutelarik.

 Ez baitugu galarrotzik

 Espos zahar baten gatik,

 Artalde bat da segurrik!

 

 Ardiak dira urbiltzen,

 Sasu hegitik agertzen,

 Bide guzia betetzen,

 Maldaren gainerat heltzen,

 Hantik arrabotsa sortzen,

 Oiharzunak iratzartzen,

 Gure karrikan hedatzen,

 Jende batzu bilarazten

 

 Artaldia joaredun,

 Jiten zauku, bulun-bulun!

 Badira naski berrehun

 Manex, ta beraz Euskaldun,

 Ile gozo ta esnedun,

 Azkar, ahul tzar edo hun,

 Artzainarentzat untasun,

 Holakorik ez da nihun!

 

 Heldu dira, lerro-lerro,

 Jabetuz bazterrak oro,

 Aintzinian, lehen marro,

 Ardi, axuri, zikiro,

 Atzar, antxu, harro-harro,

 Koska, putar, eta gero

 Hunat oihu, harat orro,

 Kaka mehe, putza bero!

 

 Joariak errepikan,

 Uztaietikan dilindan,

 Eskuin dilin, ezker dalan,

 Karrankaz edo firrindan,

 Sekulako fandangoan!

 Nafarroko herrietan,

 Artaldia da bidian,

 Egun hor eta bihar, han.

 

 Ederrena: marro gaitza,

 Bizkar zabal, ile latza,

 Begi gaixto, mutur beltza,

 Adar gogor ta zorrotza,

 Joare lodi: zer beltza!

 Izigarriko azantza,

 So direnak ezin mintza,

 Badu hunek azken hitza!

 

 Zakurrak, lanari lotuz,

 Ehausika ta kexataz,

 Nausiak ontsa manatuz,

 Ardi galdiak xekatuz,

 Axuri zonbait haizatuz

 Bide xuxenari, buruz,

 Mihi busti bat hedatuz,

 Nihun ezin errexituz!

 

 Astoa, ttalakarekin,

 Tarrapatan dabil arin.

 Kakoletan badu berdin:

 Zaku, zorro, saski, dupin,

 Artzainaren tresnarekin.

 Arri, arri!... gaizo Martin,

 Atzo harturik atsegin,

 Behar duk orai leherrin!

 

 Artzainak, zangoz ernia,

 Orotan badu begia,

 Eskian makil handia,

 Lepoan inguratia

 Axuri sortu berria,

 Eta lagunduz ardia,

 Balinbada nekatia,

 Hain gora baita mendia.

 

 Maiatzaren lehenian,

 Goitiago joaitian,

 Utzi dute beherian,

 Ardi usaina lohian,

 Ilakina laparrian,

 Uli gaixtoa sasian,

 Suntsituz, bihurgunian,

 Bidexkaren errautsian...

 

Maiatz. (1983, 4.zk.) 31

 

Manexen marrakak

Maiatza beldu denian,
Artaldiak badoatzi.
Manex ardiak, bulunban,
Denak buruz mendiari.
Artzainak, egun batian,
Zaintzen ditu ehun ardi,
Ta gaizoa, urruntian,
Bakarrik lotzen lanari:
Iratiko bortietan,
Manex anitz, gizon guti!...

Donibaneko feiran,
Ardi ta marro nasaiki.
Eroslek oro tratuan :
Zonbat diru «manex» hori?
Hantik etxeratekoan,
Edanez geroz polliki,
Aferak ez untsa joan,
Xuberotarrak maltzurki :
Garaziko merkatian,
Manex anitz, gizon guti!...

Oi Manexak, oraikoan,
Altxa kopeta gizonki.
Trufariek gurekilan
Beharko dute ikusi...
Zer uste dute, marrakan
Belarrez girela bizi?
Etxe bazter alorretan,
Goizetik arrats izerdi,
Ikusten da, arto jorran,
Manex anitz, gizon guti!...

Herriko pilota plazan,
Hola Manex! Jo ederki!
Bestatik landa, borrokan,
Kaiet lehen makilari!
Joanes, irakoitzetan,
Zer mutiko andrekari!
Eta gauaz, kontrabanden,
Ganix dugu aintzindari!
Beraz, gure herrietan,
Manex anitz, gizon guti!...

Igortze
Jon-Doni-Joane, zuri,
Donibaneko armetan,
Eman dauzute, ixilki,
Axuri bat zango petan...
Uste baitzuten, segurki,
Sartzen direla zeruan
Manex anitz, gizon guti!...

 

1960-1-1

Gure Herria, 38, 1966, 6. zk. 

 

Manexen solasak

Zerbait idaztu beharrez,
Ta bethi nunbaitik minez...
Alta denekin bihotzez,
Horra nun den zien Manez.

Oi adixkide maitiak!
Egin ditzagun othoitzak
Aurten bederen «manexak»
Erran ditzan zuhur hitzak.


Geroztik, azantz gaberik,
Mokokariak utzirik,
Ariko niza ixilik
Eskuara goraturik?

Behar litake, bultaka:
«Manexak» untsa pereka,
Xuberotarrak balaka,
Eta Kaskoinera... barka!

Araiz baditut lagunak,
Jende gurbil eta hunak,
Oihu iten daitatenak:
«Ez erran astokeriak!»...

Zatozte bada lasterkan,
Pierra, Pattin, edo Pettan,
Ez uzteko bakarrikan
Herritar bat solasetan.

Eskuaraz idazteko,
Zanpez zirezte jeikiko,
Manexek erran orduko,
Denek «Elgar» laguntzeko...

Eskual Etxean bihar,
Eginen dugu biltzar,
Hea nola eman indar
Bizi dadin gure «Elgar».

Bildurik zer nahi jende,
Denak lantsu, denak erne,
D’Etchandy ta Legarralde
Harrituko dituzie.

Eskual enbaxadorrak
Zirezte, oi Paristarrak!
Erakuts, adixkidiak,
Nor diren Euskualdunak!..

Onhart othoi kantu hori,
Izanik ere mentskeri,
Eta nigar edo irri,
Lot giten eskuarari!

Beraz oro izan untsa;
Eskual Etxentzat: Gora!
Jinkoak eman dezala
Deneri urthe ba huna.


1960-1-1

 

1944 - 1964

Jende xehe zonbaitek, espanturik gabe,
Bihotzaren bidia beti dute hartzen.
Ez xekaturik zer den, berendako hobe,
Girixtinoki dira xede bati lotzen.

Bandera zabaldurik, trunpetariekin,
Karrikak ez dituzte oihuz harrotuko.
Zimino bat bezala behar dea egin
Dohakabe direnak ontsa laguntzeko?

Arrabots egiliak plazarat jin dira,
Lehengo tiro gaitzak aipatuz burrunban,
Zalapartak utzirik, Amatto nun zira?
Hobi baten ondoan, hantxet, otoitzian!..

Frantximent aho handi, ohore gosiak,
Alpatzen dute gerla, ta hiltze bakarrik.
Ixiltzen niz baitakit, ene ahaidiak
Deika ari direla mugaz bestaldetik.

Hemen, zer gerta ere, gauden gu Euskaldun,
Jakinik ez dugula, Europa handian,
Paristar zonbaitekin bezik maitasun...
Gure kontrabandixtek dakite zer erran!

Izar jin berri batek gauan argitzen du.
Atzoko muga tzarra doha erortzerat.
Oi, herritar maitiak, behar gira bildu,
ZAZPIAK BAT eginez, ta gero DENAK BAT!


1964-8-20

 

1974 - 1981

Itzul edo mitzul,
Eta beti berdin tipul!


Gure Jaun Handia, 1974-ko hitzak jan eta, ari da berriz erran-
merranka tirahala. Bainan zer bilakatu dira: «Euskal Departamendua»,  
«Euskal Kultura», «Gazteriaren geroa herrian»? Bozkatzeko tenorean,  
orhoit Euskaldunak!.. Diela zazpi urten huna zer kantatzen nien:


1974-ko maiatzaren bozkak

Aurtengo bozkek, Frantzian,
Errekesta gaitza zuten,
Zeran, President gaietan,
Zernahi gizon baitziren,
Gehienak, espantian,
Ilargia hitzemaiten!..
Euskal Herriko aldian,
Guy Heraud Jauna ginien,
Irrati ta telebixten
Ederki zela mintzatzen.

Bana, halere izanik,
Hemengo jende osoa,
Arrunt buria galdurik,
Egona da tuntuloa...
Oi, Euskalduna! Zergatik
Duzu zabaltzen ahoa,
Onartuz, uste gaberik,
Zure etsaien orroa?
Ardiek, olak utzirik,
Segitu zuten otsoa!

Geroztik, abertzaleak,
Ez hitz eman nornahiri!
Bota ditzagun begiak
Euskal bide xuxenari,
Erranez erran beharrak
Oraiko gazteriari:
Axola guti egintzak
Egun baten aseari,
Bainen zuhurki kasumak
Gero gertatzen denari!

Donibane Garazitik 1974-ko maiatzaren 6-an

Montpellier-ko sendailuak

 

Donibane-Garaziko haur txar bat nintzalarik, ene amatxiren etxetik intzuten ahal nintien, goiz-arrats tirahala kantuz, bi dendari mutxurdin, debru zaharra mihian zutenak. Lapurtarrak ziren, eta beren euskara ederrak errekesta handia zien Garaztarren artian. Haurren katiximak, meza liburiak, eta kantikak oro, etzirena lapurtarrez ixkiatiak? Jaun Erretorak ere, bere predikalkitik etzena lapurtarrez ari igande guziez?

Beraz, nahi edo ez, ikasi nien emazte horien ahotik hemen aipatuko dutan kantu bat. Bainan ez nien uste biziki zaharra zela, beharbada mendez-mende herriko kantariek berritzen baitzuten lehengo euskararen itxura, bakotxak bere aldetik. Egun ahatik, iduritzen zaut, olerkiaren eta musikaren arabera, hamabost edo hamasei mendeko usain bat badiola.

1.— Haste-hastetik, kantu hortan agertzen baita Montpellier-ko Uniberzitiaren fama handia, Salamanka-koa bezan ontsa ezagutia baitzen lehen. Badakigu, bestiak-beste, hango medikien eskola mundu guzian aipatia zela. Eta Frantzian, hamasei garren mendeko idazle bat, François Rabelais, etzena preseski hantik ateratu mediku?

2.— Kantu hunek ezagutarazten baitauku fraide ahalge gabeko bat, arrunt lizunkeriari emana. Ez dea hori ere, Erdi-Mendeko marka bat? Frantzian segurik, denbora hortako idazki zonbaitetan, badira naski delako «moines paillards» batzu, eta nornahiri irriak lotarazten dituztenak.

3.— Bertsu horietan, antzerki jostagarri zaharretan bezala, jende gaixtoek biltzen baitute azkenian sekulako zafraldi bat makil ukaldika. Berdin ez direa bururatzen Frantsesek deitzen dituzten «farces moyenâgeuses» horiek?

Zorigaitzez, ez niz aski jakintsun kantu hunen musika hemen eratxikitzeko.

 

1

Fraide txar batek jakin zuen

Etxekandre bat gaizki zela,

Haren senarra hor ez baitzen.

Kyrie, kyrie,

Haren senarra hor ez baitzen.

A la mezon,

Kyrie, eleison!

 

2

Agur Madame! Hunat jinik

Ikasi dut eri zarela,

Bai eta ganbaran bakarrik...

Kyrie, kyrie,

Bai eta ganbaran bakarrik,

A la mezon,

Kyrie, eleison!

 

3

Senarra dizit Montpellier-ren,

Ene sendatzeko urketa,

Ez baitzaut sekulan itzultzen...

Kyrie, kyrie,

Ez baitzaut sekulan itzultzen...

A la mezon,

Kyrie, eleison!

 

4

Ez baduzu Jauna zurekin,

Oi Andere maitagarria,

Nik artatuko zaitut berdin...

Kyrie, kyrie,

Nik artatuko zaitut, berdin...

A la mezon,

Kyrie, eleison!

 

5

Gaizo senarra, Montpellier-tik

Heldu zen arrunt leherrina,

Sendagailuak ekarririk...

Kyrie, kyrie,

Sendagailuak ekarririk,

A la mezon,

Kyrie, eleison!

 

6

Haren beha zagon bidean

Etxeko mutil azkarrena.

Zer da berri gure herrian ?..

Kyrie, kyrie,

Zer da berri gure herrian,

A la mezon,

Kyrie, eleison!

 

7

Etxekandrea gau guziez,

Fraide batekin ohatzen da,

Zuretzat otoitzak eginez...

Kyrie, kyrie,

Zuretzat otoitzak eginez,

A la mezon,

Kyrie, eleison

 

8

Harritzen naiz!... Ez dut sinesten

Fraideak sendatu duela,

Hor nintzalarik eri baitzen...

Kyrie, kyrie,

Hor nintzalarik eri baitzen,

A la mezon,

Kyrie, eleison!

 

9

Beraz, etxekoen ixilik,

Ikusiko duzu ganbara,

Saski handi hunen barnetik...

Kyrie, kyrie,

Saski handi hunen barnetik,

A la mezon,

Kyrie, eleison!

 

10

Nausia sartu zen saskian,

Bere mutilak ekar leza.

Ereman zuen bizkarrian...

Kyrie, kyrie,

Ereman zuen bizkarrian,

A la mezon,

Kyrie, eleison!

 

11

Xixto huntan dautzut ekartzen

Xoriño bat ixil-ixila.

Hasten balinbada kantatzen...

kyrie, kyrie,

Hasten balinbada kantatzen,

A la mezon,

Kyrie, eleison!

 

12

Emaztea ohean zagon

Fraidearekilan etzana.

Xoria kantuz hasi zakon...

Kyrie, kyrie,

Xoria kantuz hasi zakon,

A la mezon,

Kyrie, eleison

 

13

Hortan, saskitik ateratuz,

Nausiak makil ukaldika,

Fraide ta andrea zanpatuz...

Kyrie, kyrie,

Fraide ta andrea zanpatuz,

A la mezon,

Kyrie, eleison!

 

14

Nor da nausi etxe batean?

Iduri du senarra dela,

Izanikan ere saskian...

Kyrie, kyrie,

Izanikan ere saskian,

A la mezon,

kyrie, eleison

 

Borroka edo ez, Frantses idazlek, anitz ixtorio irri egingarrietan, erakusten dauzkute gizagaizo batzu, erranez «cocu, battu et content» direla. Kantu huntan ahatik, ikasi dugu Euskaldun Jaun bat bederen ez dela segurki kontent «cocu» bilakatzen delarik!..

Bainan, bada beste argibide bat jakiteko nuntik heldu ziren mota hortako bertsu zonbait. Badakigu gure arbasoek jostatzen zirela ezin gehio, eskandala bat gertatzen zelarik herri batian. Berehala, gazte guziak debriak hartiak ziren, besta jostagarri bat behar zutela egin. hala nola: toberak, tutak, eta galarrotzak... Hantik laster, igande eder batez, denak agertzen ziren herriko plazan, jantzariekin bai eta bertsulariekin, erakutsi nahiz zer pentsatzen zuten «afera» hortaz. Azkenian, bixtan da besta bururatzen zela irrietan... edo aharretan! Beraz, nik uste dut hemen aipatu dutan kantu hori, hola sortu zela lehen, ohidura zaharreri esker.

Geroztik, ez dut sekulan intzun kantu hori, ez eta ere leitu liburietan. Beraz, beti nago zer debru izan behar zen delako «Fraide txar» hua. Iduritzen zaut Frantximenta edo Kaskoina zela, «Agur Madame»... horren gatik, eta bereziki kantariak errepikatzen baititu ele bitxi horiek lelo nausagarri bat bezala: «A la mezon»... edo «A la maison»... Hala izanik, hemen ere ez dea ageri Frantses hizkuntzak etziela errekesta handirik gure aintzinekoen artian? Ez baita atzo sortia Euskararen eta Erdararen borroka!

 

Maiatz. (1982, 3.zk.) 60-61

 

Mundu baten egiteko...

Oihanetan, anitz adar,
Udan itzal emaiteko!
Egurrak, su eta pindar,
Negian du berotuku!
Ura, kantu edo nigar,
Menditik itsasorako!
Haize-hegoak du, biar,
Euri txar bat ekarriko...
Ene ustez, ta dena her,
Badea hor harritzeko?
Orotarik dugu behar
Mundu baten egiteko!

Garazin, mutil azkarrak
Uda lanetan artzeko;
Badira jende zirtzilak
Alferretan egoiteko;
Bainan ere nahasiak,
Auzo baten jorratzeko;
Bai eta kontrabandixtak
Mugazainez trufatzeko;
Zonbait aldiz, ostalerrak,
Paristarren bipiltzeko...
Oro ditugu beharrak
Herri baten egiteko!

Sagaroia, bethi sista,
Sugias da nausituko;
Guk, badugu jende mota
Etsai bakotxaren dako;
Han, lagun dezaten ETA
Gordeka gudukatzeko;
Hemen, Indar berri susta,
Xuxen ihardokitzeko;
Her aldia, eman Enbata
Lo diren inharrosteko...
Denetarik behar baita
Euzkadiren egiteko!

Igortze
Elgarrekin eta botzik
Lanari gira lotuko.
Eskualdunak izanik,
Etzirezte samurtuko...
Orai aski mokokarik!
Biar ez dea beharko
Gure seme orotarik
Zazpiak bat egiteko?


1966-3-6

Herria, 1966, 822. zk.

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article