Aurkibidea, bio, biblio,

Publié le par Duny-Pétré

Piarres Hegitoaren olerkiak

 

Pierre Duny-Pétré

 

 Donibane Garazin 1914eko apirilaren 3an – 2005eko martxoaren 24an

 

1-   Aurkibidea

2-   Bizitza

3-   Bibliografia eta artikulu bat

4-   Olerkiak

 

 

 

g  Zure eskuinean, aurkituko duzu zerrenda bat: "Articles récents" deitzen dena. Klik eginezazu "liste complète" gainean. Artikulu guziaren zerrenda ikusiko duzu. 

 

      

1- Aurkibidea

Anitz erran, jeusik eman

Aipatiak ez diren sasi-gudarieri

Aita Mugika jakintsunari

Aizinarik gabe...

Ama maitia

Amaren besta baita

Apez Eskualduneri

Ardiak

Arin-arin berri bat

Arri, arri mandoko !

Arrotzen artean

Arrotzen zakurkeria

Aztaparrekin

Basanderiaren kantia

Berak erranez

Domingo Agirreri

Don Jose Estornes-Lasa Jaunari

Ene lehengo laguneri

Eskual Herriko makurrak

Eskual radioari

Eskualdun radioari

Etxe xaharra

Etxian nor da nagusi ?

Europako emazteak

1939-1940

1940-1944

Euskal oilotegia

Euzkadiko oiharzunak

Francoren eritasunaz

Garaziko herria

Garaziko herriari

Garaziko hiri nausi zaharrari

Gatia eta axeria

Gure gazteak

Gure mutila tuntulo

Haize hegoa Garazin

Hantxetan Eiheraberrin

Harrak eta haritza

Hegitoren errepostia

Iholdiko elizari

Iholdiko esne-lantegiari

Ipurdian

Irrati etsaiari

Iratzar giten

Jende handi zonbaiteri

Jo aintzina!

Kaikutik

Laminen kantia

Lehengo "Amerikano" bat Kaliforniatik

Luhusoko langileri

Maiatza heldu denian

Manexen marrakak

Manexen solasak

1944-1964

1974-1981

Montpellier-ko sendailuak

Mundu baten egiteko

Nafarroari

Oi Eskualdunak

Ostiko bat

Otxoak eta zakurrak

Pilotakariak

Presundegian

Sagia bihitegian

Sakelak hutsik

Santibate Garazin

Sorginen kantia

Ureat bota dezate

Xerria basurdetu nahia

Zakurra eta axeria

Zakurraren buztan petik

Zakutik edo zorrotik

Zer giren bestenaz

Olerki ttipiak

 

Aldizkariari

Euskalzaleari

Urte berri on

Beste

 

2-   Bizitza

 

Z

INEZ garaztarra zen Pierre Duny-Pétré, garaztarra errotik, aita Lekunberrikoa, ama Donibane berekoa. Sortu zen 1914eko apirilaren 3an Espainiako karrikako etxe eder batean, XVIII. mendekoa hain zuzen, giltza egile baten etxea, nafar itxurakoa, bere baratzeñoa gibelean. Aita guarda izanez, Aldudeko, Baigorriko, Urdoz auzoko eta Donibane Garaziko eskola publikoan egin zituen lehenbiziko estudioak eta gero Baionako lizeoan, hasi zituelarik filosofiako ikasketak bigarren gerla aintzin. Ezagutu du, beraz, bi gerlen arteko Donibane Garazi herri euskalduna, bere asteleheneko merkatuarekin, han biltzen baitziren Garaziko herri guzietako laborariak eta ere Baigorriko eta Iholdiko kantonamenduetarik heldu zirenak. Ardi, marro, behi, zaldi, asto, gizonen sal-erospenak, emazteak jiten zirela ere etxeko mozkinen saltzeko, barazki, arroltze, oilo, oilasko, hitz batez poalleria guzia.

Hogeita bost urte zituen Pierre Duny-Pétré-k hasi zelarik bigarren gerla, jadanik senditu zuela bere bihotzean Espainiako guduka, euskaldunen zorte tristea, bilduak zirelarik Donibane Garaziko gaztelu zaharrean erbestean ziren euskaldun haurrak Lafitte apezari eta orduko Donibaneko alkateari Haranburu jaunari esker. 1940.ean, Somme ibaiaren ondoan Alemanek preso hartu zuten, baina hor agertzen da Pierre Duny-Pétré-ren jeinua, bost aldiz eskapatuko dela, seigarren aldian 1942.an askatzen dela osoki, Marseillara etorriz bere osaba Jean Pétré-ren ondora. Jaun hau da Frantzia Hego Ekialdeko erresistentziaren buru eta berehala jarraikitzen zaio osabari, gerla segituz Alemanen kontra sasigudari gisa.

 

Duny-Pétré P. 1984 profil rap

Pierre Duny-Pétré


1944.ean Frantzia libratzen delarik sartzen da polizian, lehenik DST deritzan adarrean eta gero izendatzen dute komisario departamenduetako hiri nagusietan egiten duela bere lana, azkenik Pauen ukanen duela bere lanpostua. Anartean ezkondu da Jeanne Idieder Iholdi Haranburuko alaba errientsarekin, sema bat Ellande ukanen dutela. Polizia lana eta abertzaletasuna ezkondurik daude Pierre Duny-Pétré-ren baitan. Alde batetik bizitzeko duen ofizioa eta bertze aldetik bihotzean barna sartua zaion sendimendu sakona. Enbata mugimendutik hurbil dago eta astekari horretan idazten du izenorde batzuen pean izan diten Garaziko Manex eta bere gardentasunean Jon Donipétry. Mauleko aberri egunean, 1972.an agertzen da jendeen artean, zenbait egunen buruan erretretara doala. Polizia batek han ikusirik salatzen du eta deitua da Parisera Poliziako nagusi haundiaren aitzinera.

Abertzale izan baino lehen euskaltzale da Pierre Duny-Pétré. Harremanetan sartzen da René Lafon Bordeleko Unibertsitateko euskal katedradunarekin, hasiz etnologiako ikerketak, Basa Jaunari buruz eta gero, ikusirik zer beherekada daukan euskarak Garazin eta Iparraldean, biltzen ditu, haur kantu, eskolako jostetak, erran zaharrak, horiek guziak berak entzunak Alduden han bizi zelarik edo Donibane Garazin, bilduz ere bere familian, bai eta ere bere andrearen familian. Ikus horretarako Gure Herria aldizkaria, Anuario de Eusko Folklore eta, azkenik, Xirula mirula, deitzen den liburu batean agertuko da luzaz egin duen ikerkuntza. Euskaltzain urgazle izendatua izana da 1963.an bereziki bere olerkari emaitzaren

gatik. Olerkaria baitzen Pierre Duny-Pétré, idazten zituen olerkiak agertu direla Gure Herrian, Elgar-en, Herrian, Eusko gogoan.

Maite zuen bereziki balada deritzan frantses erdi aroko olerki mota Guillaume de Machaut edo François Villon-ek erabili zutena. Baladak hiruzpalau estrofa baditu hamar neurtitzekoak, neurtiz bakoitza hamar silabaduna, errimak gurutzatzen direla (a b a b a b a b a b) eta azkenik «igortze» deritzan sei neurtitzeko estrofa errima berekin (b a b a b a b). Berrogeita sei neurtitzetan bukaera berak izanen dira (ia, ez) orain irakurriko dudan Berak erranez tituluarekilako balada:

1

Izanik omen pilotaria,

Erran ta erran ari zen Manez,

Zer den oraiko «Joko Berria»...

Hortan, jabetuz, pilota batez,

Trenkatu nahiz beti kintzia,

Hutsak eginik aldi guziez,

Atxeman zien estakuria:

Eskietan min, edo bestenez

Pilota-plaza zakon ttipia!

Xapelduna zen... berak erranez!

2

Roxali deitu neska gaztia,

Betikotz eder ezin egonez,

Mutzurdina zen bilakatia,

Parisen sehi lehen izanez.

Bana geroztik, zer kondaria

Emaiten zaukun dena gezurrez:

Miss izanikan, egunkaria

Zen estalia haren potretez!

Jinkoak daki nun den egia.

Erregina zen... berak erranez!

3

Kaskoin ergel bat, mihi luzia,

Mintzo zen gerlaz, untsa edanez.

Lehertu zien, hor, etsaia,

Lau gizon hilik ukaldi batez!

Gure Pettiri trufatzailia,

Irrintzinaka hasirik tanpez,

Ikaran zagon kalakaria,

Ahoa nunbait hetsi beharrez,

Beldurrarekin zuri-zuria.

Gerlaria zen... berak erranez!

4

Bere buriaz arras hartia,

Gizon gazte bat, urruntik jinez,

Iduri zaukun zela Printzia,

Mintzatuz zaldiz edo langilez,

Aipatuz etxe ta jauregia.

Ezkonduz geroz, espanturik ez...

Borda batian zien tegia,

Ama gaixoa, langilen ordez,

Asto maingu bat, bere zaldia.

Haberatsa zen... berak erranez!

 

Igortze

Jaun frantximenta, gora Frantzia!

Dena espantu, oihu eginez.

Harrotzen duzu jende guzia.

Paristarrak du sinesten zinez

Mundian dela, Frantses handia,

Lehen-lehena... berak erranez!

                    Piarres Hegitoa.

 

Hautatu dudan baladak erakusten du olerki mota egokia dela iraganaren aipatzeko alde batetik eta jorragailu pollita dela denbora berean. Hori izan da Piarres Hegitoa-k erabili duen gai nagusiena. Iragana bere oroitzapen xoragarriekin «Mais où sont les neiges d’antan !» delakoaren oihartzuna, ezeztatzen ari dela, hautetsiek, agintariek ez dutelarik deus egiten euskararen hiltzaile den bizitzeko manera berriaren kontra, gehienetan haren laguntzaile hurbil ez balinbadira esku mutil bilakatzen. Hori zen Pierre Duny-Pétré-ren kezka, hortakotz salatu ditu bere olerkietan, hobeki ulertua izaiteko idazten zuela Garaziko euskalkian. Laurogeita hamaika urte ez ditu osoki bete. Zendu da martxoaren 24ea, Martxoaren 26an elizkizunetan galdegin zidan familiak irakur nezan Pierre Duny-Pétré-k idatzi zuen olerki bat. Hautatu nuen Harrak eta haritza deitzen dena. Eskaintza da: Gure herri pollita eta gure euskaldungoa xehatzen dituzteneri ene samurgoarekin eta azken bertsuak salatzen du gogorki orduko joka-moldea:

 

Har horiek bezala, gizona da galtzen,

Geroaz ez delarik zinez axolatzen.

Itsutuki lanari balinbada lotzen,

Hautsi, motz eta trenka, makur edo zuzen.

Zirt hunak, zart harat, dena du xehatzen.

Hortarik, azkenian, zer zako gertatzen?

Ontasun ederrenak ditu fundikatzen

Ta Jainkoak emanak debrurat igortzen.

 

Halakoa zen Piarres Hegitoa, euskaltzale eta abertzale suharra. Goian bego.

 

Jean Haritschelhar

 

3-   Bibliografia

 

+ Ahozko euskal literatura Garazin, ipuinak : http://ahozko-euskal-literatura.over-blog.com

+ Piarres Hegitoaren olerkiak: http://piarreshegitoarenolerkiak.over-blog.com

+ Basa jauna ou le Seigneur sauvage dans les légendes basques, Société de Sciences Lettres et Arts de Bayonne, 1960, n° 92, 93 et 94.

+ Xirula mirula, l’enfant basque à travers ses amusements, ses terreurs naïves, ses formulettes récréatives burlesques et superstitieuses, Eusko press éditeur, Bayonne, 1996, 206 p. et Revue Anuario de Eusko folklore n° 34 de 1987 et n° 35 de 1988-1989. http://xirula-mirula-duny-petre.over-blog.fr

+ Quelques Basques dans la tourmente (1939-1945) : http://pierredunypetre.over-blog.com

+ Colonel Pétré-ren bizitza : http://colonel.petre.resistance.marseille.over-blog.com

 

 

 

Pierre Duny-Pétré-tik

Piarres Hegitoarat

 

 

Pierre Duny-Pétré, idazle izena Piarres Hegitoaren euskal izkiribu gehienak argitarazten ditu hemen Euskalzaleen Biltzarrak. Aurten, ehun urte eginen zituen. Garaziko olerkari eta prosalari hunen obra xumea, zabaldua izan zen kazeta eta agerkari ainitzetan berrogoi-ta-hamar bat urtez. Baxenabartar eskualkiari errotik atxikia zen Piarres Hegitoa bainan Euskal Herritik kanpo, frantses estatuko leku desberdin batzuetan biziko da 1932tik 1980a arte. Bere sort-herriaz urruntzea dela kausa bai et gizon ixila delako ez da maiz euskal kultur guneetan ibiliko. Garai hortan, Iparraldeko idazle frango eliza katolikoari lotuak dira edo Uztaritzeko semenario ttipian ikasketak eginak dituzte, Piarres berriz laiko bat da. Liburu hunek ikusterat emaiten dauku baxenabartar idazle hunen ikusmoldea ohartuko den aldaketaren arabera, bere atxikimenduak eta iritziak.

Saiatuko gira, hemen, jakitera nola Pierre Duny-Pétré Piarres Hegitoa bilakatu zen eta bere idatzien pentsamendua aipatzea.

Antton Luku idazleak argitasun batzu ekarriko dauzku Piarres Hegitoaren prosaz moldatu idatziak euskal hizkera herrikoian kokatuz.

 

1944-tik 1992rat

Piarres Hegitoaren lehen idatzia 1944eko olerki bat da: urte horretan Marseille deitu hiriko karriketan indarka sartu Alemaniarren kontra borrokan ariko da mosketoi eta grenadak eskuan. 1992ko martxoan, Koxe Larre, Garaziko kantonamenduko hautagai abertzalearen agerkariarendako bere azken artikulua idatziko du Piarres Hegitoak. Aldaketa geografikoak eta ideologikoak adierazten du idazlearen ibilbidea berrogoi-ta-hamar urtez.

Alegia eta balada andana bat bada hemen. Santibate ere, aipaturik da bixtan dena: hau ezagutu duen lehengo ohidura baita nun ospatzen ziren zirtzilak. Garazi aldean kondatzen ziren egun guzietako ixtorio eta hitz laxozko ipuin, alegia eta beste biltzen ditu Piarres Hegitoak. Ororen buru, Piarresek idatzi zituen artikuluen bidez, Baxe Nabarreko kultura eta politika inguruko gertakari ohargarriak aipatuak dira.

Pierre Duny-Pétré-k, Garazi eta Baigorri artean pasatuko du haur-denbora. Bigarren mailako ikaskuntzak Baionako lizeoan (1) eginen ditu. Hau izanen da beretzat bere sort-herritik kanpo lehen aldikotz bizitzea.

Bere aita mugazain izanez bere haurtzaroa iraganen du herri batetik bestera, hala nola Donibane Garazi, Ezterenzubi, Aldude... Aix-en-Provence aldeko unibertsitatean segitzen ditu filosofiako ikasketak eta lizantza ardiesten. 1937an, Ipar Katalunian den Argelès-sur-Mer eskualdean, espainiar iheslari errepublikanoen onartzean parte hartzen du bere erreximenduarekin. 1940ean preso hartua da Whermacht deitua zen alemaniar armadatarik. 1942an Alemaniatik eskapatzen da. Jean-Baptiste Pétré koronela, bere osebaren ganat doa: hau eskualdeko Erresistentziaren burua da Marseille hiri delakoan. Liberazioan, Franco-k bere podere politikoa atxikitzen du eta lehen lehendakaria desherrirat kondenatua da bere kidekoen gatik. Bestalde, Palestinan juduek nekeziak dituzte israeldar estatua sortzeko. Horiek guziak ikusi edo entzuneta ahalmenik gabe dago Piarres Hegitoa. Bainan oinazealdi huntan beretzen ditu ezagutza politikoaren oinarriak: bereziki, mesfidatzen da amerikar, ingeles edo frantses gobernuetaz. Hauek galdatzen dute beren populuari sakrifikatzea berek aldiz hitzemanak ez eginez.

 

Kanpotik sartu kultura 

1945ean itzultzen delarik, ohartzen da Garazi kanbiaturik: gazteak herritik kanpo, ama-hizkuntza erdaratua eta euskal kultura utzia kanpoko beste bat sarraraziz. Bere sort-etxearen inguruan, España karrikan, Donibane Garazin ez du gehiago entzuten euskaraz mintzatzen. Ze lastima! Xaharretarik intzuna eta mintzatua den hizkuntza gazteek ez dute gehiago erabiltzen edo gutti. Aldakuntza horiek beharrezkoak izanen dira Pierre Duny-Pétré-ren ideia eta segurtamenen finkatzeko.

Hastapenean, gizon hau egoeraren kontra agertzen da ez delakotz usu ados. Jadanik aipatua izan diren bere lehen eta azken testuek hori agusterat emaiten dute. Gaitzesten zituen boteretsuak, ixtorikoki hala beharra izan diren gertakari eta asturu gaitzen aitzinean. Pierre Duny-Pétré-ren lanbidearekin arrunt bertzelakoa bihurtzen da. Frantziako hiri batzuetan lan egin du komisario gisa. Podere duten gizonekin ainitz harreman ukan ditu, adibidez, prefetak, prokuradoreak, deputatu etabar. Horien arteko akatza: ohore gose eta herra ezagutuko du. Hastiatzen duen mundu hori idazten du euskaraz (ama-hizkuntzean). Jakinez egun guziez frantsesez mintzatu behar duela nahi ta ez, olerkiak asmatzea euskaraz da beretzat behin-behineko libertate baten gozatzea. Olerkiak eta ametsak, Euskal Herri urrun baten borroka goraipatzeaz, ezin-jasanezkoak adiaraztea lagunduko dute egun guziez bizitzeko bere sort-herritik kanpo. Enbata mugimendua sustengatuko du sortu orduko 1960-1961an.

 

Formakuntza

Alabainan, ez ditu Pierre Duny-Pétré-k euskarazko ikasketak segitu. Hortakotz, munduko bigarren gerla artino bere burua senditzen du jakitate eskas batekin euskal literaturari buruzko arloan. Memento hortan, Clermont-Ferrand, Marseille, Amiens aldean bizi da. Berak ikasiko eta beretuko du euskal kultura XIX eta XX-garren mendeetan zabaldu duten euskalarieri esker. Lokartu aitzin irakurriko dituen liburuak hauek izanen dira: Pierre Lhanderen hiztegia, Pierre Lafitten gramatika, Herria, Gure Herria eta Eusko Jakintzaren irakurpena, arkatza ehien artean. Kondaira mitologikoak, sorginkeria, karlisten gerlak oso gustukuak ditu. Bere liburutegian aurkitzen ahal dira XVI-etatik XX-garren mende arteko euskal liburu klasiko gehienak. Haatik, Hegoaldetik heldu den literatura gutti du, salbu Antonio Zabalak (1928-2009) argitarazi Auspoa deitu bilduma gehienbat estimatzen zuena. Berrogeita hamarreko hamarkadan, Bordeleko literatura fakultatean ari den René Lafon erakaslearen ezagutza eginen du. Harreman adiskidetsuak ukanen ditu goi-mailako hizkuntzalari horrekin, 1974a (zendu zen urtea) arte.

Pierre Duny-Pétré greziako eta latinezko mitologia, lehenagoko eta lekuko literatura bereziki xahar eta gazteen artean helarazten zen literaturaz jabetuko da. La Bibliothèque bleue deitu almanaka eta XVII-garren mende hastapenean herrietan agertzen ziren obrek sortarazten dakote jakin-nahi zorrotz bat bai eta ere François Villon, Guillaume de Machaut, Rutebeuf edo Marguerite de Navarre idazleen baladak. Begiesten ditu bereziki alegien idazlariak hala nola Esope, Florian, La Fontaine eta beste. Gero, Claude Gaignebet eta Mikhail Baktinen liburuak erakaspenez beteak zazko bai eta ere Bertolt Brecht-ek idatzi "Histoires d'Almanach".

 

Baladak eta ixtorio-mixterioak

Pierre Duny-Pétré-ren lanak bi sentsu hartuko ditu: lehenik, ikerketa bat frantsesez "Basa jaunaz, euskal ipuinetan", 1960an argitaratua, ohizko kantu eta hitz laueko testuen aurkezpena (1958 eta 1962 arteko hiru eta laugarren nazioarteko piriniar ikerlanaren biltzarra); bestetik, "Xirula Mirula": Garaziko haurren joko eta erraiteko molde kantatua eta mintzatuen bilduma, 1987-88an ateratua Joxemiel Barandiaran zenari esker bere Anuario de Eusko Folklore deitu agerkarian.

Olerkien inguruko lanaren aldetik manera desberdinak ditu: balada eta alegiek leku garrantzitsua hartzen dute. Alegia, gizonak basa kabale edo etxe-abereen (gatu, azeri, asto, garratoin, zakur, urde, etabar...) ikuspegiarekin amesten duen egoeren ezaugarria da: hau guziak azkenian erakaspen bat agerarazteko. Maite dituen idazteko molde horiek erabiliko ditu. Pilotariak kintzea trenkatzeko bezala, ez beti onhartzea etsaiak errana edo egina bai eta haren kitzikatzea bere idazlanetan irakur daiteke. Gertakari ezaguna baten kari (Munduko bigarren gerla, urtatseko agiantzak, Beheran apez-nagusiaren aldatzea Donibane Garazitik, bozkak, esne prezioaren apaltzea, Donibane Garaziko ondare arkitektuaren funditzea, Iholdiko elizaren berritzea, etabar) idatzi olerkiak argitasun bat emaitea da behin irakurleari.

Eta azkenik, aurkitzen dira ere olerki batzu nun idazleak bere pentsamenduak emaiten dituen edo haserrealdia botatzen arrazoin baten alde edo kontra: Franco-ren hilzoria, Christiane Etxalus-en preso emaitea, Burgos-eko auzia, dena udatiarrentzat, Luhusoko buztin-xuria erabiltzearen gelditzea, etabar. Idatzi batzu kitzikatzeari, zonbait aldiz, moldegaizkeriari aski hurbil daude bainan...

Piarres Hegitoa Lafitten segurtamen berekoa da : idatzi aise konprenitua izaiteko gisan eta euskara herrikoian erran-molde bereziez koloreztaturik, indarra emanez eta atsegin izanez.

 

Prosa eta literatura herrikoia

Pierre Duny-Pétré-k "Ipuinak, ahozko euskal literatura Garazin" kapituluan diren kondairak bilduko ditu bere ingurukuak behatuz berrogoi-ta-hamar eta hirur-hogoi hamarkadan. Frango agertu-gabeak dira. Batzu hala ere Gure Almanakan argitaratuak izan dira. Piarres Hegitoak berak prestatu argitalpen hau motaka eman zituen: mitologiko ipuinak, irriteko ixtorio eta bereziki bi gerlen artean Garazin ezagutuak izan ziren bere gisako presunetaz. Garaztar eskualkiaz idatzi lan hunek atsegin handi bat eskaintzen dauku hizkuntza eta etnografia mailan. Erakusten dauku orduko jendeen sendimendua beren eguneroko bizi moldea aipatuz eta gaurko egunean kasik desagertua dena. Umorea etzen falta, jendea arrallerian aise ari zen: irakurtzalea ohartuko den bezala ez behar bada lehengo egoera beretaz. Ez ditu Piarres Hegitoak merkatuan, familian, supazterrian entzun testuak grabatu. Ahozko hizkuntza guziek bezala, behatu eta hitzak hartu ondoren bere gisan arramoldatu ditu ixtorioak bere entzule edo irakurtzaleeri itzuli aitzin.

Artikulu gehienak hirurogeita hamarreko hamarkadan agertuak izan dira: Principe de Viana deitu nafartar aldizkari euskaldunaren eskabidezko lan bat izan zen. Bihilabetekari hori, Principe de Viana aldizkariaren eranskin gisa agertzen zen, Nafarroako gobernuaren bidez. Baxe Nafarroako berrien ohituki idaztea galdatua izan zitzaion. Aldizkariaren joera ikusiz beldur zen beti bere artikulua ez agertua izaitea: ororen buru ez da sekulan holakorik gertatu. Orduko abertzaleek salatu gaiak aipatzen ditu: udatiar-keta, lur-espekulazioa, Valéry Giscard d'Estaing frantses gobernuburua Arhantsusin, etabar. Batzutan, bere idazteko moldea aldatzeko, haur baten gutuna hautatzen zuen: Gilenek bere Ameriketako Pettan osebari.

 

Bere deitura

Bukatzeko bere deituraz hitz bat: Duny-Pétré ez da euskaldun izen bat. Heldu da bi abizenen bidez: Eugène Duny bere aitarena eta Marie Pétré, bere amarena. Duny familia Lekunberri Dunieniakoa da sortzez, ofizioz mugazain eta soldado. 1820an Biarnotik jin ziren iduriz. XVIIIgarren mendean Pétré familia ehule zen Donazaharren. Beste batzu Donibane Garazi inguruan den Portaleburu auzoan, Napoléon deitu bideari hurbil kokatu ziren. Gero, España karrikarat bizitzerat etorri ziren eta sarrailgoan, harozgoan, zurgingoan, eskalapoi egiten... ari izan ziren. Duny eta Pétré familiak "gorriak" ziren.

Izen bat baino gehiago erabiltzen zuen Pierre Duny-Pétré-k bere idazlanak izenpetzeko: Piarres Hegitoa, Garaziko Manex edo Jon Donipetry. Azken hau gehiago Enbata aldizkarian egiten zituen artikuluentzat. Hegitoa Euskal Herriko kalastra xahar batian aurkitua izan zen bere adixkide bateri esker. Eiheraberri auzoko bide baten izena da. Horri hurbil Piarres Hegitoaren ait'et'amek lurra erosi zuten 1935ean, Hegitoa deituko duten etxearen eraikitzeko. Ohiduren arabera Euskal Herrian, presuna bat izendatua zen etxearen izena hartuz. Beraz, huna Piarres Hegitoa izenpeduraren azalpena.

 

*

 

Lehenagoko lurraldea oroituz, Piarres Hegitoa ohartzen da pena handirekin aldatuz doala, eta aldaketa horiek, bere nortasuna, sort-herria desagertzeko lanjerrian emaiten dituztela... Sorrera berreskuratzea izan zen bere lehenbiziko arrangura. Bere sort-herriak bizi izan dituen egoera gogorren arrazoinak ezagutzen ditu. Piarres Hegitoa geroari so den gizon bat da. Gazterian konfiantza badu, jazar-aldiaren indarran eta aginduan. Hitz joko eta olerkiaren bidez, zoratzea leialki jende xumea da bere gutizia. Euskal Herriko jende umil, langile, laborari, zirtzileri atxikia izan da gure Piarres Hegitoa... "according to my bond, no more, no less", atxikimenduak galdatzen duen bezala, ez hainbat ez gutiago. "Hain aberats beharrean, hain bekan etsimenduan eta hain onetsia mespretxuan" (2).

 

 

(1) Louis Colas (marrazkian), René Cuzacq (ixtorioan) eta Albert Léon (filosofian): huna zoin izan ziren bere erakasleak bainan euskalari horietan bihi batek ez dako euskal kultura aipatuko.

(2) "Most choice, forsaken; and most lov'd, despis'd", King Lear, 245.

 

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article

Grammaire Basque 26/10/2010 16:50


Milesker!

grammairebasque.over-blog.com