A

Publié le par Duny-Pétré

Anitz erran, jeusik eman

«Zazpiak bat» ez izanik,
Behar ginuke Frantzian,
Ardietsi gobernutik
«Hiruak bat» herri huntan,
Eskualdunak bakarrik
Departamendu batian,
Biziko gira goxorik
Gure ohidurekilan...
Paristarrak, urrunetik
Irri batekin hortzetan,
Guretzat, elheak hutsik:
Anitz erran, jeusik eman!...

«Hiruak bat» ez izanik,
Zer egin kaskoinekilan?
Nahi ginuke ahatik,
Gure eskola guzitan,
Mintzaira ikas ttipitik.
Hori dugu, oraikoan,
Zoko-moko orotarik
Galdegiten debaldetan...
Frantximentak, untsa janik,
Bere aferez kakakan,
Guri kasu ez eginik:

Anitz erran, jeusik eman!..

Eskuara ez izanik
Gure ikastegietan,
Eskualdun bat, nunbaitik,
Mintzo dea radioan?
Ba, bainan Espainiatik
Ari zauku solasian...
Segur ez da ahalgerik
Frantziako gobernian!
Emankizun bat, goizetik,
Uzten dauku... uztailian.
Espantiak, ez baimenik:
Anitz erran, jeusik eman!...

Igortze
Badea azkatasunik
Ohono gure herrian?
Munduan etzen Frantsesik
Eskualdunak Gernikan
Lehen biltzen zirelarik!
Bai eta joko tzarrian
Oraiko Jaunak, engoitik,
Debru zaharra mihian,
Badaube bide beretik:
Anitz erran, jeusik eman!..

1964-3-30

Herria, 1964, 718. zk.

 

Aipatiak ez diren sasi-gudarieri

 

«Ils sont morts, ils sont tous tombés dans la montagne,

Tous, sur le dos couchés, en braves devant Dieu,

Et si leurs yeux s’ouvraient, ils verraient le ciel bleu.»

Victor Hugo, Hernani.

 

Alemanekin ados ez baitzen,

Gerlan sarturik hogoi urtetan,

Kartsuki joka gauaz ari zen.

Gurekin zagon mendi leizetan.

Soldado berdek kolpatu zuten,

Tiroka hasiz ilun beltzian.

Gizagaizoa, leherrin zien,

Oihu bat gabe, malda gainian.

Haren izenaz nor da orhoitzen?

Etzen izarrik horren besotan...

 

Bilakatu zen aintzindaria,

Izanik trebe sasi-guduan.

Oroz gainetik, zoin perestia

Ageri zaukun zorigaitzetan.

Maite ginien haren irria,

Eta bihotza zien eskian.

Batzutan, utziz bere ogia,

Gosetieri beharrez eman,

Jan gabe zoan egun guzia:

Etzen izarrik horren besotan...

 

Tiro zapartak bazirelarik,

Bai eta zonbait lagun ikaran,

Ezin jalgituz gudu tokitik,

Zer ikusten zen, ordu berian?

Gure nausia, sispa harturik,

Irri batekin, bera borrokan,

Eta gu, gero, haren ondotik...

Ezti-eztia, bonben erdian,

Manatzen zien, egonez xutik:

Etzen izarrik horren besotan...

 

Aintzindaria zauku suntsitu,

Ixilik hil da, sasu batian,

Nehork etzauku behin salatu

Nuntik heldu zen, norat zabilan...

Zer gerta ere, dugu landatu

Kurutze txar bat hobi lurrian.

Jinko handia! Otoi sarrazu

Arima hori zure zerian,

Zeren, debrurik ez balinbadu,

Etzen izarrik horren besotan...

 

Igortze

Printze bat zira, Jaun Marexala,

Bada langile zure menian!..

Guriak, lehen, etziren hola,

Karlixten gudu harrigarrian.

Hik, «Tio Tomas», egin duk gerla (1)

Xapel-Gorrien leku gaixtoan.

Hantxet hila hiz, bestek bezala:

Etzen izarrik hire besotan!..

 

Marseillean, 1944 eko uztailian.

(1)                 «Tio Tomas»: Tomas Zumalakarregi Jeneralaren izen-goitia.

 

 

Aita Mugika jakintsunari

Agur, Aita Mugika, jakintsun handia!
Orai atheratu da zure hitztegia,
Denentzat Ian ederra, ta miresgarria,
Eskuararen alde, zer laguntzailia!
Izan dadin Jinkoa bethi goratia.

Zuk, erlia bezala, eginik eztia,
Nun-nahitikan duzu bildu mintzairia,
Xede neketsu bati kartsuki lotia,
Iduriz Loiolako Iñaki Saindia.
Azpeitiak du berriz emaiten argia!..

Irakurle maitia, ez egon ixilik!
Xuberotar bat edo Manex bat izanik,
Liburu berri hori lauda zak gogotik,
Zeren frogatzen baitu, deneri, geroztik,
Euskaldunen artian ez dela mugarik.
 
Aizinarik gabe...

Euskal idazlen biltzarrerik ezin etorriz...

Beti lantsu zorigaitzez,
Urte batetik besterat,
Egun herrestan izanez,
Bihar harat edo hunat,
Zernahi egin beharrez
Atxemaiteko oren bat,
Geldirik ezin egonez,
Nola banoa debrurat!..

Otoi, Jaun adixkideak,
Ez odol gaixterik egin!
Urruntik, gure oihuak
Entzuten baitira berdin,
Gora euskal idazleak!
Zeren, izan gabe sorgin,
Biltzen ahal gira denak,
Bederen bihotzarekin!

Pabetik 1979 eko otsailaren 5 ean.

Ama maitia

 

Eliza xuri batian,

Kantuz ari da jendia,

Zure ohoratzekotan,

Andera-Dena-Maria.

Nola, maiatz ederrian,

Histen duzu iruzkia,

Distiranta izanikan

Eta denentzat saindia?

Zu baizira, bihotzetan,

Jesusen ama maitia!

 

Buba, buba !.. Ohakoan,

Hauxeda ñiñi ttipia!

Emazte batek, ondoan,

Emaiten dako kantia,

Edo hartzen du besotan

Bere ume gosetia,

Bularretik edan dezan

Esne bero ta eztia.

Nor da  hor, beti barrandan?

Haurraren ama maitia!

 

Goizik, sukalde lanetan,

Andereño bat ernia

Ari da, bera karraskan,

Prestaturik askaria,

Irriz edo nigarretan,

Harat, hunat, haurreria,

Heldu zako zango petan!..

Hor zira, asaldatia,

Oilo bat, xiten erdian,

Etxeko ama maitia!

 

Girixtinoki elizan,

Laudatzen du igandia,

Bai eta ere kalakan,

Egiten du merkatia,

Ari baita berriketan

Gure etxekanderia!..

Hemengo bazter orotan,

Euskara erabiltzia

Ohi duzu, denekilan,

Euskaldun, ama maitia!

 

Igortze

Jaunari esker, agian,

Luzaz eder ta garbia,

Egonen zira etxian

Pare gabeko lilia,

Izanik, gure gogoan,

Betikotz: ama maitia!

 

Donibane Garazin 1964-5-17

Herria, 1964, 723. zk.

 

Amaren besta baita

«Arri, arri mandoko»... bezala erraiteko.

Amaren besta baita...
Utzirikan josteta,
Panpin edo pilota,
Goazen liliketa.
Izanen da buketa
Ahal bezain pollita,
Horrekilan zut-zuta,
Emanen dugu potta,
Amaren besta baita...

 

1960-5-28

 

Apez eskualduneri

 

Gure apez euskalzaleen jazarleak, debriak ereman ditzula !

 

Garaziko herrian, apez bat ginuen,

Girixtino kartsua, ta gogo zorrotza,

Euskaltzale, idazle, jakintsun ta zuzen,

Jende xumen alderat emanez bihotza.

Etzitien handiak aski perekatzen,

Beraz haizatu dute... Hau da makur gaitza!

Holako tzarkeria, nik ez dut barkatzen:

Ohore ta goresmen, zuri, Jaun apeza.

 

Eskualdun haurretan, Gizona da hazten,

Gizon hoberenetan, agertzen apeza.

Hau ez du, mundu huntan, biziak lotsatzen,

Gogotik hartu baitu bide bat bortitza.

Jende hitsen artean da berdin ibiltzen,

Hemen ele goxo bat, edo hor laguntza,

Frangotan urdeari bixkotxak ekartzen!..

Ohore ta goresmen, zuri, Jaun apeza.

 

Mugaren bestaldetik, nork ez du aditzen

Abertzale gaixoan azken oihu latza?

Joka presundegian dituzte botatzen.

Nuntik agertuko da Jainkoaren botza?

Gure Apezak oro, han, beharra baitzen,

Zuzenaren alderat eman dute hitza.

Artzain onak ez dira otso bilakatzen!..

Ohore ta goresmen, zuri, Jaun apeza.

 

Igortze

Printzea, espantuan, elizan da sartzen.

Jaun horrentzat bakarrik ote dea meza?

Haren bidetik denak umilki baztertzen...

Oihu egin nezake hor izan banintza:

Gure Jesus maitea lastoan sortu zen!..

Ohore ta goresmen, zuri, Jaun apeza.

 

1969-8-18

Herria 1969, 994. zk. 

 

Ardiak

Zer xira xu Manez: ardia ala gizona?


«Mee, mee, mee...
«Ardi kaka mehe!

Artaldia, tarrapatan,
Badabila bidexketan.
Jaun artzaina gihilian,
Zanpa-zanpa bizkarrian,
Ostikoka ipurdian!
Xakurño bat, hasarrian,
Ehausika zango petan,
Ausikika ixterretan!
Ardi tuntulak lasterkan,
Bixta labur begietan,
Gauza guti gogoetan,
Jeusik gabe buruetan,
Ta marrakaz debaldetan...
Hola ditake, frangotan,
Gure mendien eletan.

«Mee, mee, mee...
«Ardi kaka mehe!

Mendian nintzan gau batez,
Errepika hau intzunez,
Loa ezin atxemanez,
Bertsu horiek emanez.
Mundu huntan, ene ustez,
Ardiak gira, segurrez,
Jaunen nahiak jasanez,

Sekulakotz BA erranez,
Ukurtuz edo ahuspez,
Zutik egoiteko partez,
Ikaran, beti beldurrez,
Mainguak, zangotik minez,
Geroari so nigarrez,
Intzirika... eta jeusez.
Zer ari gira bestenez?

«Mee, mee, mee...
«Ardi kaka mehe!

Jeiki giten bada hortik,
Gure mendien gainetik,
Ardikeriak utzirik,
Paristarreri erranik:
Errak to! Eta zerduk hik?..
Ezpada zuzentasunik,
Guk ez diagu beharrik
Hi bazalako nausirik.
Hemen, Euskadin izanik,
Aberria maitaturik,
Mintza litake, geroztik
Euskararekin bakarrik!
Zakutik ede zorrotik,
Burutuk edo besotik,
Gizonak gituk nunbaitik!..

Donibane Garazin, 1973-4-22

Euskaldunak, 1975, 13. zk.

 

Arin-arin berri bat

 

Goberniek badakite

Triku trakun egiten.

Herria bipiltzen dute

Gizentzeko Parisen !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Goberniak emaiten du

Langileri saria.

Zergarekin ebasten du

Sari horren erdia !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Auzoan balinbadugu

Petrola, gaza, ura,

Ontasun nork biltzen du ?

Paristarrak segura !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Goberniak hetsi dauku

Herriko lantegia.

Eskualdunak aski du

Parisen bizitzia !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Utziko dugu geroztik

Etxia kaskoineri,

Bilakatzeko gogotik

Jaun Paristarren sehi !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Jaunek ez baitute maite

Eskuara gaixoa,

Udan naski hilen dute

Eskual radioa !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Artetik, denak samurtuz,

Ari gira mokoka,

Arrotzen dako bozkatuz…

Biba errepublika !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Oi haurrak ! Lehen bai lehen,

Arrangurak utzirik,

Sekulakotz izan gaiten

Eskualdunak baizik !

 

Arrotzen urdekeria

Izanen da lehertia!

 

Herria, 1967, 883. zk.

 

Arri, arri mandoko!

Erna, erna, gazteño!
Bihar goizik jeikiko
Lantegi bat egingo,
Herrian egoiteko,
Hobeki bizitzeko,
Sosak anitz bilduko,
Ba, bainan noren dako?
Zerga-biltzalen dako!..
Eta gero fitexko,
Jaun Paristarren dako!..

Zer othe da: maquereau?

 

Enbata, 1968, 85. zk.



 

Arrotzen artean

 

Euskaldun batek badaki

Ttipitik Ianian artzen,

Hitz eman eta norbaiti,

Sekulakotz atxikitzen.

Jakinik giriztinoki

Ongi eta gaizki zer den,

Ez du, esker Jinkoari,

Ibiliz han edo hemen,

Buruzagi arrotzeri

Ipurdia milikatzen!..

 

Sor lekia nien utzi,

Herrian lanik ezpaitzen.

Gerlan ibiliz ederki,

Petzero nintzan egoiten!

Bizi delarik zuzenki,

Es da laster aberasten.

Kopeta gogor, gizonki,

Nik ez dut, han edo hemen,

Paristar Jaun Handieri

Ipurdia milikatzen!..

 

Batasun huntan sar hadi,

Lagunek erten zautaten,

Hor ukanen duk zernahi!

Lohia badute jaten,

Beren osagarriari!

Ez niz hola ni gizentzen.

Beti nahiz egon garbi,

Nik ez dut, han edo hemen,

Gizon erosle jenderi

Ipurdia milikatzen!..

 

Gernikako arbolari

Bihotzez ari niz lotzen,

Eta seme ttipiari

Euskara dut erakasten.

Gure ohidurak, naski,

Dira pollit eta xuxen.

Nor gira gu, ta nor niz ni?

Ez dute, han, edo hemen,

Nafartarrek nornahiri

Ipurdia milikatzen!..

 

Igortze

Ai-ei-ai, mutillak xuti!

Etxekoek egon diten

Herrian beti nagusi.

Ez dakigu, guk bederen,

Gobernu tzar etsaieri

Ipurdia milikatzen!..

 

1972-ko jorrailaren, 28-an

Pays, 1977, 16. zbk.

 

Arrotzen zakurkeria

 

Airea: «Buhamiek badakite...»

 

Goberniek badakite

Trikun-trakun egiten,

Herria bipiltzen dute

Gizentzeko Parisen!..

 

Leloa: Arrotzen zakurkeria

            Izan bedi laudatia!

 

Goberaiak finkatzen du

Lan zonbaiten saria :

Zergekilan ebasten du

Sari horren erdia!..

 

Goberniak nekatzen du

Herriko lantegia :

Baserritarrak aski du

Parisen bizitzia!..

 

Utziko dugu geroztik

Etxia turizteri,

Bilakatzeko gogotik

Jaun Paristarren sehi!..

 

Arrotzek egin daukute

Golf-zelai bat berria:

Euskaldunek aski dute

Belarraran moztia!..

 

Parisen ez dute maite

Euskararen ospoa.

Lehertu nahi lukete

Ikastola gaixoa!..

 

Bainan gu beti samurtuz,

Ari gira mokoka,

Etsaien alde bozkatuz,

Biba errepublika!..

 

1988-6-1

 

Aztaparrekin

Euskal Herrian egoiten direneri,

Zernahi gertaturik ere.

Oi, Manex laboraria!
Nola lanak dituk egin,
Galdurik hire sehia?
Geroztik ez duk atsegin:
Lurretan aste guzia,
Edo, bilakatuz hargin,
Berritzen duk barrukia!..
Hortzetan irri bat ekin
Da sortzen errepostia:
Lotzen niz aztaparrekin,
Jinkoa laguntzailia!..

Maitatuz hire mendia,
Izanik artzaina, Pattin,
Nola biltzen duk esnia,
Bakarrik kotxiarekin?
Eri zelarik ardia,
Sorgin, lamin, edo tortin,
Hiaurek duk sendatia!..
Ez baita burutik arin,
Pattinek, ezti-eztia:
Lotzen niz aztaparrekin,
Jinkoa laguntzailia!..

Piarres arrantzaria,
Galerna sortziarekin,
Binbilikatuz untzia,
Arraina hartzen duk berdin.
Gaixto delarik leria,
Nola duk, behin-ezbehin,
Tiratzen sare bustia?
Zalantzen gibelez-aintzin,
Mintzo da itsasturia:
Lotzen niz aztaparrekin,
Jinkoa laguntzailia!..

Igortze
Baduka bihotzian min,
Euskaldun abertzalia,
Arrotzek baitute Orhin
Hiltzen etxeko xoria?
Ez baduk nahi leherrin,
Begirazak mintzairia,
Hiaurek, aztaparrekin,
Jinkoa laguntzailia!..

 

1967-1-15

Herria, 1967. 861. zbk.

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article