D-G

Publié le par Duny-Pétré

Domingo Agirreri

Agur, Ondarroako itsaso bazterra!
Ehun urthez uhinak jotzen du leihorra,
Hango «Goiko-kalean» sortu zen mundura
Domingo de Agirre, Euskalzain suharra,
Idazle, olerkari: hau aphez zuhurra!

Aphez saindu bat eta mariñel semia,
Laudatzen du Jinkoa maitatuz herria.
Hedatu behar dugu bere khar handia.
Bizi dadin bethikotz euskara garbia.
Beraz, gora Euzkadi eta Bizkaia!

Zubikarai Jaunari, eskaitzen dakot nik,
Eskerrak, goraintziak, bainan urrunetik...
Zeren, Ondarroako berriak ukanik,
Kaskoin-herri tzar huntan, Périgueux-n izanik,
Iduri zaut nizala urbildu etxetik !...

Périgueux-tik, 1964-6-14

Boga Boga, 1964, uztaila abuztua 15.

 

Don Jose Estornes-Lasa Jaunari

Erronkariko uskara,
Mendian zagon ixilik...
Oi, jakintsun Nafartarra,
Ez duk, axola gaberik,
Gayarren mintzai ederra
Utziko leizetan hilik!
Gaizo uskara zaharra,
Berriz ibil hadi xutik,
Ta jalgi hadi mundura!
Oiarzunak, bortietik,
Izabatik Iruñara,
Bazterrak iratzarturik,
Estornes Lasari: Gora!...
Biziko baita, geroztik,
Erronkariko uskara.

1979ko martxoaren 20an.

 

Ene lehengo laguneri

 

Aspaldiko haur-lagunak,

Muttiko ta nekattoak,

Nafarroko herrikoak,

Zorigaitzez zahartiak,

Bai eta batzutan hilak,
Agur deneri, gaixoak !

 

Euskara karrikan baitzen,

Nun-nahitik erabiltzen,

Ikasi dugu mintzatzen,

Jostatzen eta samurtzen...

Bana laster irria zen

Haurren artian

Nausitzen !

 

Goxoa zen sukaldia,

Hauta, talo ta esnia,

Menditik urbil etxia,

Eliza, liliz betia,

Pilota-plaza, handia,

Eta ni, ttipi-ttipia!..

 

Oroitzapen horiekin,

Ene bihotzian dut min,

Bana zoin ezti den, behin,

Intzutia «Martin-Tortin»,

Ta«Harla-Marla-Kin-koan-Kin»,

Ametsetan ere berdin!

 

Anuario de la sociedad de Eusko-Folklore, 1987, 84.


Eskual radioari

Uztaila heldu denian,
Agertzen dira goizian,
Eskualdunak radioan.
Aurten girea baruran,
Eskuara ez ukanikan
Bi egun baizik astian?

Bainan aldiz, zorionez,
Paristar bat, ene ustez,
Eskualtzen ari da zinez,
Iixilik ezin egonez,
Mintzaturik ere nekez,
Gurekin izan beharrez!...

Mundu guziak jakinik,
Itsaso bazterretarik
Mendiraino, nun-nahitik,
Bixtan da, aspaldi danik,
Ez dela Eskual Herririk
Eskual mintzaire gaberik.

Radiolari maitiak,
Izanik ere arrotzak,
Segi zuen lan ederrak!
Nahiz oraino ttipiak,
Bilaka diten handiak
Emankizun eskualdunak!...

 

1966-7-14

Herria, 1966, 835. zk.

 

Eskualdun radioari

Oi! Eskuara maitia,
Betzik aditzen zitugu,
Airez-aire igorria,
Eta Baionatik heldu...
— Radio miresgarria,
Eskuara mintza zazu!..

Orai, urrun izaitia
Naski berdin balio du:
Utzirik ere herria
Bi beharrietan dugu!
— Radio miresgarria,
Eskuara igorrazu!..

Nun zira, bertsularia?
Kebla berri bat emazu,
Zeren etxeko irria
Nun-nahi intzunen dugu...
— Radio miresgarria,
Eskuara kanta zazu!..

Baionan, kide ernia!..
Eskerrak merexi ditu.
Emak hor! adixkidia,
Eta programe-ri kasu...
— Radio miresgarria,
Eukuara maita zazu!..

Igortze
Gora Eskual Herria!
Radio bat sortu zauku,
Ahula, bana garbia...
Araiz azkartuke dugu,
— Radio miresgarria,
Eskuara heda zazu!..
 
Herria, 1961, 582. zk.

Eskual Herriko makurrak

Basa-jaun edo sorginak
Mendiko leize beltzetan;
Ohoin edo tratulantak
Iruñeko ferietan;
Alfer edo edaliak
Goizetik ostatietan;
Emazteño nahasiak
Auzoarekin kalakan...
Lehen ziren hor, debriak,
Zoko-moko guzietan!...

Iphar haize edo hormak
Mertxika lili denian;
Gaitz aro edo galernak
Idortiarekin udan;
Eritasun edo minak
Artzen delarik lanian;
Beltzuri edo nigarrak
Jende gaixoen etxetan...
Hetarik bai zer asiak
Zoko-moko guzietan!...

Arrotzen harginkeriak
Zut-zuta gure pentzetan;
Eta leku pollitenak
Bethikotz itsusturikan;
Kaskoin edo Paristarrak
Etxe berri horietan;
Erdaraz mintzo direnak
Eskuara utzirikan...
Zer izigarrikeriak
Zoko-moko guzietan!...

Gure muthiko gaztiak
Lanik gabe herrietan;
Laborarien semiak
Ehunka Ameriketan;
Pariseko goberniak
Espantuka debaldetan;
Hemengo abertzaliak
Zazpiak bat ezin ukan...
Hortan gira, gaizo tresnak,
Zoko-moko guzietan!...

Igortze
Othoi, ene herritarrak,
Makur horien erdian,
Segi Jaunaren legeak!
Bana, gure biltzarretan,
Berri ditzagun xedeak
Atxikitzeko gogoan
Euskadiko ohidurak
Zoko-moko guzietan!...

 

1965-6-10

Herria 1965, 776. zk.

Etxe xaharra

Etxe zaharra, gure herrian,
Xuri-xuria, pentzen erdian,
Leiho gorriak hego aldian,
Miru-buztana haize beltzian,
Iduri zauku,  arratsaldian,
Atso gaixo bat lo iruzkian!…

Harri batian, borta gainetik,
Deiturak ditu zizelaturik.
lzar, kurutze, lilien petik,
Irakurtzen da, lau mendez danik,
Bere lekian dagola xutik,
Nola sortu zen, ta zoin eskutik?

Ofiziale, mutil, sehia,
Herrikoa zen kide guzia:
Eñaut hargina, buruzagia,
Erramun, harri-pikatzalia,
Bai eta Pettan, mahaxturia...
Zer langiliak, Jinko maitia!

Mintza baladi behin etxola,
Erran lezake azkarra dela,
Aro gaixtoa berdin zakola,
Bana laguntza behar lukela,
Ez gelditzeko, borda bezala,
Jende gaberik, eta su-hila.

Erran lezake, nola, geroztik,
Seme gazte bat joan zen hortik,
Indietarat, denak utzirik,
Jinen ote da haberasturik?..
Etxe gaixoan, iduriz  hutsik,
Etziren egon zaharrak bezik.

Hango semia, urruntik jinez,
Etxe huts hartan, iluntze batez,
Ixil-ixila sartu zen brixtez,
Zoko guziak beltze atxemanez,
Hil-herritarat laster eginez,
Otoitzian zen egon nigarrez...

Urte berian, han zen ezkondu,
Andriarekin untsa laketu,
Langilekilan lanari lotu,
Etxe xaharra dena berritu,
Bana lehengo gauzak apaindu:
Zein euskaldunki zuten artatu!

Etxian eder harri alkiak,
Teilatu zabal, murru handiak,
Borta gainean, itze lodiak...
Oraiko kaskoin tegi berriak,
Haren ondoan ttipi-ttipiak,
Zer ote dira? Oilotegiak!

Ukanik ere maina-tokia,
Utzi dakote pegartegia!
Berotzeko du tresna guzia,
Bainan halere supazterria!
Beraz zer etxe maitagarria,
Edertzen baitu Euskal Herria!

Jende horiek, behar lukete
Bizi goxoki, ta anitz urte,
Zeren bihotzez maite baitute
Aiten etxia, zinez nik uste.
Hilen nahia segi dezate:
Lur petik ere manatzen dute!..

 

Donibane Garazi, 1965-4-18

Herria, 1969, 987. zk.

 

Etxian nor da nagusi ?

Euzkadiko anaia,
Frantziarat hiz ihesi,
Xekatuz libertatia,
Ta hemen laketzen hasi.
Paristar tzar bat, legia
Itzulirik ta nahasi,
Duk hire kasatzailia!
Etxian nor dan nagusi?..

Espainiako egia
Beharko dea sinetsi?
Franco-ren erabakia,
Izanikan no edo si,
Horren manamendia
Frantzian dute onetsi.
Zer desohoragarria!
Etxian nor da nagusi?..

Aspaldi, jende maitia,
Gernikan duzu ikasi
Goratzen Euskal Herria,
Eta geroztik ikusi
Madrilen presundegia.
Noren dako da itsusi
Herriaren maitatzia?
Etxian nor da nagusi?..

Intzunik Euzko deia,
Gure ganat zira jeutsi,
Oi Aphezpiku saindia!
Zuk ez duzu borta hetsi,
Gure Zenator handia!
Saratik duk ihardetsi,
Auzaphez adixkidia:
Etxian nor da nagusi?..

Igortze
Euzkadiko gobernia
Nehork ez baitu erosi,
Gure bandera garbia
Behar dugu inharrosi,
Jakin dezaten, debria,
Etxian nor den nagusi!..

1962-30-10

Enbata, 1962-12, 20. zk.

 

Europako emaztiak

           
Miseris succurrere disco...
                 Virgile, Eneide, I. 630.

1939-1940
Ipar herrialdetan, gerla dugu galtzen.
Guduen ondotikan, preso zorigaitzez,
Artalde bat bezala, itsuki goazen,
Etsaia sakur gisa, jan gabe ta oinez.

Ehunka, lerro-lerro, arrunt leherrinak,
Laster joaiten gira Belgikari buruz,
Gogoa ilun eta begiak zorrotzak,
Gure gose gaixtoa ezin errexituz.

Burraso, haur, emazte, bide bazterretan,
Zerbait egin beharrez presonaren alde,
Beren baskari txarra nahi zuten eman,
Bana Fritz horiekin, dena zen debalde.

Bethuneko hiria agertu zelarik,
Gu, mutur zikinak eta beti preso,
Bazen andereño bat, karrika hegitik,
Ogi bat askietan, eni so eta so...

Jauzika, neskatoa da gure lerrotan,
Irriz ta esku batez sispak basterturik,
Bere ogiarekin, pott bat eman zautan,
Alemanek zanpaka, ken zadin bidetik.

Ihesiz lekutu zen, orkatza bezala,
Goraturik besoa azken agurrian,
Nigarra begietan, erran nakon hola:
Hik badun, gaixo neska, zerbait bihotzian!

 

1940 - 1944
Gerla debru hortarik, orroitzapen anitz,
Ametsetan bezala gogorat jalitzen...
Izigarrikeriak nunbait izan balitz,
Emazte gisako bat, laguntzaile hor zen.

Flandreseko alaba, lanaren artetik,
Zure beso azkarrek ekartzen zituzten
Ogi ta esne-zopa, etsaien ixilik,
Preso ziren gisonak zerbait jan zezaten.

Neskato Alemana, Colognen sehia,
Agian bonben pian etzira suntsitu!
Ifernian zen Peter, zure etsaia:
Urrikalgarri baitzen, zuk duzu maitatu.

Wallon herri batian, zuk laborarisa,
Gauaz nindoalarik, lotuz ihesari,
Erran datazu hola: Frantses baliosa,
Alemanak hor dira, enekilan zauri!

Alpeseko artzaintsari, agur gudariek!
Maquis’etan ibilis, mendi zokoetan,
Haren gezurren gatik, S. S. hiltzaliek
Bidia galdu zuten... biziarekilan.

Zer bilakatu zizte, orai anderiak?
Mutiko hun batekin agian ezkondu?
Ohorezko xingolez etziste josiak,
Bana Jinko maitiak araiz ikusten du!

 

Gure Herria, 36, 1964, 6. zk.

 

Euskal oilotegia

Diela zonbait urte, etxalde batian,
Gertatu ziren bozkak, oiloen artian.
Oilarra galdu zuten, naski sukaldian,
Ehorzketak izanik hango dupinian...
Buruzagi berri bat behar zen ordian
Izendatu zuhurki, guzien onetan.

Etorri zazkotan ba, oilar Euskaldunak:
Hau, kukurrusta gorri, ta zer aztaparrak!
Hura, kantu pollita, zaflatuz hegalak,

Edo beste horiek, xutituz buztanak...
Bena beti bezale, debriak hartiak,
Mokoka hasi ziren artetik oiloak!

Oilo koloka batek, ipurdikik gizen,
Erran eta zernahi, oihuka hasi zen:
Oilaxko ergel hori, dinat ezagutzen,
Zergatik ari zauku espantuka hantzen?
Ene arroltzetikan, araiz zortu baitzen,
Beraz denek dakite nuntik agertu zen!..

Nahasi tzar ederra, kalakan gorarik,
Oilanda batek zion, ohantzian xutik:
Oilar Nafartar hura, ez dinat maite nik,
Tuntulo dun eta, luzegi lepotik.
Pariseko manerak ez ontsa jakinik,
Ene ustez jiten dun baserri batetik!

Axeri beilari bat, sasutik agertuz,
Hea, zer debru zuten barne hortan kantuz,
Oiloak oro kankaz, xitak aldiz huxtuz,
Azantz izigarrian basterrak harrotuz,
Urbildu zen emeki, tokiari buruz,
Hango Biltzar nausia leioitik agurtuz.

Ixildu zirelarik oiloak bet-betan,
Axeria hasi zen bera solasetan,
Erdaraz, erran-merran, dena gezurretan,
Generala zen omen, Kaskoin herrietan,
Eta hau, eta hura, ele-mele hortan,
Oile guziak bilduz aments ederretan...

Hiztun handi horrekin ziren ateratu,
Haren ixtorioak nahiz ezagutu,
Oinez edo hegalez, ihesari lotu,
Denak utzirik eta, etxetik baztertu,
Gero, uste gabian, oihanetan sartu,
Azkenian, gaixoak, sekulakotz galdu!

Hau da gertakari bat arras Euskalduna:
Elgar ezin adituz, nihun ezin mana,
Bekaizkeriarekin haizatzen laguna,
Bozketan beti nausi Paristarren Jauna!..
Noiz ote sortuko da Euskal Batasuna,
Gernikako haitzaren zazpi adarrena?

 

Gure Herria 48, 1976, 2. zk.

 

Euskadiko oiharzunak

Euzkadiko oiharzunak
Askotan ditut aditzen.
Hango jenden garrasiak
Ene ganat dira heltzen.

Francoren poliza basak
Gorputzak ditu xehatzen,
Euskuldunen gogoetak
Ez baitira estekatzen!

Gudarien odoletik,
Oi, Askatasun maitia!
Pizten zira azkarturik...

Leher zazu etsaia,
Oihu hori hedaturik:
Gora Eskual Herria!

1965-2-5

Herria, 1969, 993. zk.

 

Francoren eritasunaz

Errak to, lagun gaztia,

Berria entzun duka to?

Zer da berri, Gudaria?  
Aditu diat, alaintso,

Gure General urdia,

Zaharra bezan tuntulo,  
Sobera janez eria,

Hiltzer dela Musde Franco...
Ederki koño!

Afrikan zien bildia

Armada bat arrunt Moro,
Girixtinoki, debria,
Gure jenden zanpatzeko...
Hitlerekin zen josia

Gernika fundikatzeko!
Hots, balinbada egia

Hiltzer dela Musde Franco,
Ederki koño!

Hilen dea hiltzalia,
Ifernurat joaiteko?
Euskadiko gazteria
Ez da geldirik egongo
Askatu gabe herria.
Odolatik da piztuko
Zorionaren argia
Hiltzer baita Musde Franco...
Ederki koño!

Herriko presundegia
Azkenian da hustuko
Arin, arin, dantzaria,
Zangoak altxa goraño!..
Oi gure Jinko maitia,
Otoi duzu barkatuko

Jenden oihu itsusia,

Hiltzer baita Musde Franco:
Ederki koño!

Igortze
Ai-ei-ai, mutil ernia!
Karlixtek ere oraino,
Jauntzirik xapel gorria,
Zer debru dute errango
Adituz geroz berria
Hiltler dela Muede Franco?
Ederki koño!

 
Holako bertsu zonbaitekin, hea toberak eginen dutenez Euskal  Herriko plaza guzietan?

 

Enbata, 1975-10-30
 

Garaziko herria

1963-ko Eskualtzaleen Biltzarrari.

1
Lau mendez Beherobiak
Higatu du harria.
Detchepare Jaun Aphezak,
Nafarroan sortia,
Egin zitien bertsuak,
Ta hetaz liburia.

Eihalarren, oiharzunak

Jotzen du beharria:
«O, Heuscara, lauda ezac
Garacico herria ! »
(1)

2
Agur, Zabalzeko landak,
Arradoiko mendia,

Iratiko phago gaitzak.

Harpeko ur-jauzia...

Agur, Artheko leiziak.

Urkuluko dorria,

Errozateko etxolak,

Donaikiko  bidia...

Kanta bethi, koblakariak,
Garaziko herria!

3
Garazin, zer bihotzdunak
Eta jende saindia!
San-Frantses Jatsuarrak
Hedatzen du fedia;

Juan Huarte jakintsunak,
Argitzen Espainia;

Charles Floquet Presidentak
Gobernatzen Frantzia...
Emazkik gizon handiak,
Garaziko herria!

4
Beirazkitu ohidurak,
Donibane maitia,
Xure jantzari zaliak,
Bai eta mintzairia.

Zainzkitxu harri zaharrak:
Erromano zubia,
Gudu toki, gazteliak,

Etxeko hil-hobia...

Emazkitxu langiliak,
Garaziko herria!

Igortze
Gora Eskualtzaliak,
Eskual ohoria!
Hor duzie, Garaztarrak,

Zuen ikurburia:
«O, Heuscara, lauda ezac
Garazico herria!»


(1) «O heuscara, lauda ezac garacico herria,
«Ceren hantic uqhen baituc beharduyan thornuya.
Lehenago hi baitinçan lengoagetan azquena,
Oray aldiz içanen iz orotaco lehena.»
Linguae Vacconum Primatiae, per Daminum Bernardum Detchepare.  
Rectoren Sancti Michaelis Veteris, Bourdeaulx, 1545.

 

Herria, 1963-8-28


Garaziko herriari

Joanes Barbier zenaren oroitzapanetan

Lau mendez Beherrobiak
Higatu du harria.
Dechepare Jaun Apezak,
Nafarroan sortia,
Egin zitien bertsuak,
Ta hetaz liburia,
Eihalarren oiharzunak
Jotzen du beharria:
«Oi Heuscara, lauda ezac
Garacico herria!»

Agur, gure baserriak,

Donibane hiria,
Iratiko pago gaitzak,
Arradoiko, mendia!

Agur, Artheko bortiak,

Urkuluko dorria,

Orriagako leiziak,

Basa-Jaunen tokia...

Kanta beti, koblariak,

Garaziko  herria

Hemen, zer orroitzapenak:
Maiorga martiria,
 San Frantses ekin ta biak
Pitzarazten fedia,
Han, Huarte jakintsunak
Argitzen Espainia.
Charles Floquet Presidentak
Gobernatzen Frantzia...
Emazkik gizon handiak
Garaziko herria!

Goiz huntan, Euskaltzaindiak,
Donibanen bildia,
Goretsi du, —zer eleak!—
Barbier apez maitia;
Hunen bertsu ederrenak,
Baitzen olerkaria;
Hunen alegi pollitak,
Eta Gizon saindia...
Don-Ibane, begirazak
Jean Barbieren herria!

Igortze
Orai, xuti Euskaldunak,
Gora Euskaltzaindia!
Gaztia, zuzenki hartzak
Arbasoen bidia!
Euskaldunki lauda ezak
Garaziko herria!

1975-12-21
 

Garaziko hiri nausi zaharrari

Santibateko koblarien airia


1
Agur, agur, Garaziko
Hiri nausi ederra!
Bazinien sekulako
Apaindura zaharra:
Harriz egina gerriko,
Bai eta zitadela.
Orai harresiak oro
Erortzen ari dira !..
2
Donibaneko hiria,
Sosak bildu beharrez,`
Ari da, uda guzia,
Bethetzen estranjerrez,
Nehork ez daki, ordia,
Laketuko direnez...
Agian gure berria
Maite dute bihotzez !..
3
Egungo Donibandarrak:
Zaharkeriak bota!
Egungo udatiarrak!
Zaharkeriak maita!
Ordian pagatzeliak
Hasten dira oihuka...
Bana gure saltzaliak
Arrunt elkorrak dira!..
4
Bi xori hilen dituzte
Tiro batez kausituz:
Parking bat eginen dute
Harresiak botatuz.
Otodunek behar dute
Her egon mirakuluz...
Ta debriek ezpadute
Hiria bethe diruz !..
5
Zatozte beraz kanpotik
Donibanerat denak!
Ez dugu orai rempart’ik
Bana parking ederrak.
Berrikeriak bakarrik
Dira ikusgarriak...
Ez aipa harri zaharrik,
Zer gauzak itsusiak!..
6
Parkingez asiak gira
Parisen ta Bordelen!
Zertako otoa bara
Ez delarik laketzen?
Lehengo hiri zaharra
Duzie fundikatzen...
Ez da geroztik ederra,
Beraz hortik goazen !..
7
Donibane Garaziko
Hau da habilezia:
Alhor baten egiteko,
Aurtikitzen etxia!..
Ezkurren atxemaiteko,
Erroz gora haritza!..
Ihizia kausitzeko,
Erre bedi oihana!..
8
Asto zonbaitek balute
Barruki ederrena,
Putarka behar lukete
Lurrerat bota dena...
Hola xehatzen badute
Euskal Herriko fama,
Gustian hil lezakete
Gernikako arbola !..
9
Othoi dezazu begira,
Oi Jon-doni-Joane,
Nafarroko Garazia,
Bai eta Donibane!
Eskualdun harginkeria
Bethikotz dugu maite,
Jinkoa gure nausia,
Lege zaharrak ere!..

«Lauda ezak Garaziko herria»

 

1960-8-15

Gure Herria, 35, 1963, 2. zk.

 

Gatia eta axeria

 

Frantximent Jaun handi zonbaiteri.

 

Gatu buztan luze bat, maltzur eta gizen,

Bazterretxo batian goxoki bizi zen:

Sototik zelaururat sagiez asetzen,

Baratzeko hegian xori zonbait hiltzen,

Supazterrian aldiz, jan eta lokartzen.

 

Egun batez sasian, barrandan zelarik,

Axeri bat jin zakon ondorat ixilik...

Agur! Ta berehala adixkideturik,

Kalakan hasi ziren biak ahapetik,

Gatiak espantuka gezurrak emanik.

 

Erdaraz, erran-merran, ari zen gatia,

Eskola handietan baitzen ibilia.

Zimino bat zen omen, han erakaslia,

Harekin ikasten zen: joka, jukutria...

Hobe zuten zakurrek urrun egoitia!

 

Axeri gaixo hura, mintzatu beharrez,

Hainbeste jakitate burrustan intzunez,

Euskaraz erten zakon kasik ba edo ez,

Herriko ohidurak gordetuz ahalgez...

Argitia zen bainan, mendiko berriez!

 

Hortan ziren lagunak, ta uste gabian,

Zakur bat agertu zen, muturra lurrian.

Jo harat, jo hunat, lasterka zabilan,

Hea nor debru zagon laparren azpian,

Usuatuz axeria gatiarekilan.

 

Axeri menditarra, zanpez zauku jeiki,

Ihesari loturik, jauzika zaluki,

Erranez behar zela gordetu zuhurki

Iratze handietan, eta hortik naski,

Oihanaren bidia atxeman errexki.

 

Adar bati lotu zen gatu jakintsuna:

Orai haugi biderdi, oi zakur zikina!..

Bainan adarra baitzen dilindan egona,

Xutitu zen zakurra, —alimale ona,

Gatu gudariari mozturik buztana...

 

Baserritar maitia, bada ene ustez,

Zuhurtasunik saki gogoetan sortzez,

Axeriekin ere mendian egonez.

Dena espantu eta jakintsun izenez,

Halere zen gatia gabetu buztanez!

 

1974-9-1

Gure Herria, 1974, 4. zk.


 Gure gazteak

Euskadiko sasi-gudarieri,
errespetuki eta bihotzez.

Larrazken eder, Euskal Herrian,
Mendiak oro dira gorritzen,
Urtzo xuriak, haize hegoan,
Zerutik urbil muga nausitzen,
Gipuzkoarrek, zorigaitzean,
Basakeria dute jasaiten,
Auzoan irriz, behar denean,
Etxean aldiz, nigar egiten...
Nun ote dira, maite dituzten
Eneko, Maider, Patxi, ta Miren?
Orai, Francoren presundegian,
Gure gazteak dituzte hilitzen!

Buruilaren hemezortzian,
Donostian da zerbait gertatzen.
Anoetako pilota-plazan,
Jendetaldea ari da sartzen,
Irrintzinaka, bozkarioan,
Euskal kirola dute goresten,
Zer xapelgoa, arratsaldean!
Poliz gizonak, han ede hemen,
Hor baita Franco, denen erdian,
Esku-zartaka, lodi ta gizen...
Ba, bainan hunen presondegian,
Gure gazteak dituzte hiltzen!

Jaun Elosegi, denen artean,
Abertzalea garbi ta zuzen,
Jeiki da zanpez galerietan,
Zer den gizon bat ikus dezaten.
Emanez sua bere jauntzitan,
Horra, gainetik nun den erortzen,
Caudillo-aren sudur azpian,
Garrek dutela arrunt erretzen,
Eta gaizoak, leku berean,
Gora Euskadi!.. oihu egiten,
Zeren Francoren presundegian,
Gure gazteak dituzte hiltzen.

Jainko maitea, zeru handian,
Otoi errazu gaur zertan giren!
Askatasuna, mundu guzian,
Pizten ari da eta zabaltzen,
Sua bezala, oldar gorrian,
Iluna baita beraz argitzen.
Zuk badakizu, gudu gaitz huntan,
Zuzen aldean zendako ginen.
Euskal odola, zure ondoan,
Ariko dea berriz ixurtzen?
Egun, Francoren presundegian,
Gure gazteak dituzte hiltzen!

Igortze
Printzek, gogotik eta frangotan,
Euskaldungoa zuten onesten.
Don Karlos Kintok, beren armetan,
Gure mutillak maite zituen:
Oi zer debruak Ezpata dantzan !

Euskaraz ere mintzatzen baitzen...
Orai, Francoren presundegian,
Gure gazteak dituzte hiltzen!

1970 eke buruilaren 30 ean

Enbata, 1970, 188, zk.

Gure mutila tuntulo

1
Jin zauku mutil berria,
Etxekoen laguntzeko,
Tripota bezan lodia,
Deitzen dutena Pottolo,
Maite du biziki lana,
Besteri so egoiteko!..
Joka nezake buria,
Gure mutila tuntulo,
Egun ere hor dugula,
Taloz ase ta beti lo!
2
Mendietan, artzain gisa,
Igorri zuten Pottolo.
Bost urte han egon eta,
Etxian nigarrak asko...
Uste zuten hila zela!
Alta, etzen harritzeko:
Etxolan zagon geldia,
Gure mutila tuntulo,
Kokorrerano betia,
Taloz ase ta beti lo!
3
Bestetan, zer gazteria!
Pilota utzi orduko,
Mutxikoak, fandangoa...
Nun debru dugu Pottolo?
Erten zekoten oihuka:
Higi hadi behin, alo!
Bana, zinezko tripoia,
Gure mutila tuntulo,
Ostatian zen mozkorra;
Talos ase ta beti lo !
4
Neskatoño bat pollita
Bildu zien ezkontzeko.
Ezteiak bururatuta,
oherat zoan Pottolo...
Bana, hau makurkeria!
Ahantzirikan, alaintso,
Bere andere maitia,
Gure mutila tuntulo,
Etzana zen, leherrina,
Talez ase ta beti lo !

Igortze
Oi, Garaziko semia!
Eskualdun izaiiteko
Beharduk izan ernia.
Egun, bihar, eta gero,
Ikas ta ikas, Eskuara!
Otoi ez egon tuntulo,
Ahoa zabal-zabala,
Taloz ase ta beti lo!


Donibane-Garazin, 1963-7-10

Herria, 1964, 711. zk.

 

 

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article