N-O

Publié le par Duny-Pétré

Nafarroari

 

 Nafarroa lokartuz, menderen mendetan

 Itotzera bazoan arrotzen besotan;

 Lege onak galdurik, petzero gerletan,

 Odolez gorritua beti debaldetan,

 Estekatua zagon urezko gatetan!...

 

 Tira biran, Frantzia eta Espainia,

 Ados ezin egonez, suminduz auzia,

 Muga debru batekin hetsirik mendia.

 Bi zatiz egin zuten Nafarro handia,

 Iruñetik baztertuz ipar euskaldia.

 

 Beraz, Pe Nafarroa, bakarrik egona,

 Axuri bat iduri, olatik joana.

 Urrikalgarria zen, galdurik artzaina,

 Kanpotik ezagutuz amaren usaina...

 Hain urbil izanikan, oi zer bihotz mina!

 

 Uroski mandozainak, abarkak jauntzirik,

 Heldu ziren, gaizoak, mugaz bestaldetik,

 Zapet eta gerriko hunat ekarririk,

 Iruñeko berriak euskaraz emanik,

 Arri, arri, mandoko!... oihuka bidetik.

 

 Diputacion Forala, eskerrak Jaunari,

 Gizon jakintsunekin lotu zen lanari,

 Laster behar zutela eman herriari,

 Edertasunarekin azkar izigarri,

 Goi-Nafarroa dadin bere gain ageri.

 

 Geroztik, ohidura dute begiratzen,

 Arbasoen euskara, nun nahi hedatzen,

 Etxe xuri xaharrak, ederki berritzen...

 Mendirat, lantegia dute helarazten,

 Baserriko gizonek ihes ez dezaten.

 

 Egun, Alduden gaindi, beso bat bezala,

 Bide bat heldu zauku, xuxen ta zabala.

 Goi-Nafarroak badu guretzat axola:

 Xapel beltz edo gorri, ai-ei-ai mutilla!...

 Erakusten du, naski, denak bat girela.

 

 Otoiz egin dezagun, herrian sar dadin,

 Bide berri hortarik, lan, tresna, ta mozkin,

 Ontasun, jakitate, zorion, irrintzin...

 Bainan, oroz gainetik, sekulakotz behin:

 JAINKOA, NAFARROA, LEGE ZAHARREKIN!

 

Donibane Garazin, 1968-12-25

Zeruko Argia. (1970, 383-384.zk.) 15

 

Oi Eskualdunak !

Aguirre Jaun Lehendakari zenaren orhoitzapenetan errespetuki eta bihotzez.

Oi Eskualdunak!
Ditzagun begira
Herriko bertsuak,
Bai eta fedia...

Bai ixtorioak
Amaren altzoan,
Zizelu handiak
Gure sukaldetan...

Bai gure pilotak
Plaza gogorretan,
Eta «Mutxikoak»
Herriko bestetan...

Bai etxe xuriak
Ithurri aldetan,
Hil harri xaharrak
Xutirik loretan...

Bai mendi zorrotzak
Gure bortietan,
Eta oihan beltzak
Irati gainetan...

Bai untzi ttipiak
Itsaso handian,
Iduri xoriak
Uhin urdinetan.

Zendako nigarrak
Ditugu herrian,
Eta doluminak
Etxe zonbaitetan?

Baditugu hilak
Españako gerlan,
Zinezko sainduak
Segurrik zeruan...

Eta «Gudariak»
Han kolpaturikan,
Oraino, gaixoak,
Etxetik kanpoan...

Amerikanoak
Ere, urruntian,
Dira aipatuak
Herri guzietan...

Gure soldadoak,
Joanik armetan,
Han dira galduak
Bethi lanjerretan.

Zorigaitzen gatik
Berdin dugu mina:
Sortzen da hortarik
Anaitasuna!

Nun nahi izanik,
Ahaidiak gira,
Zeren mintzaturik
Orok Eskuara!

Lege zaharretik
Ginien biltzarra...
Odolez betherik
Jin zauku bandera.

Hots! aspaldi danik
Badugu arbola,
Gernikan xutirik,
Guziz maitatua...

Dezagun geroztik,
Zazpi herrientzat,
Oihu bihotzetik:
Euskaldunok Bat!..
 
1960 martxoaren 30an

Euzko Deya, 25, 1960, 443. zb.

 

Ostiko bat

Hegotik iparrarat,
Euskaldun elkor zonbaitentzat.


Bada, mende bat beterik,
Euskaldunak, Espainian,
Ari zirela gogotik
Don Carlosen dako gerlan;
Behar zutela segurrik
Lege Zaharrak herrian...
Zernahi gizon galdurik,
Bazter ederrenak sutan,
Zer bildu zuten geroztik?
Ostiko bat ipurdian!

Gertakari bat, geroztik,
Izan dugu Nafarroan:
Gazteria harmaturik
Joan zen Francorekilan,
Hunek aldiz hitz emanik
Herrikoak ixtantian,
Biziko zirela kasik
Lehengo libertatian...
Zer ukan zuten bakarrik?
Ostiko bat ipurdian!

Muga horren bestaldetik,
Berdin gira gu Frantzian:
Gerletan leher eginik,
Petzero gure lurrian...
Xingolez saristaturik,
Zaharrak dira lorian,
Ta gaztiak, etsiturik,
Denak Kaskoin herrietan,
Jaun handi batez ukanik
Ostiko bat ipurdian!

Buruzagi holakorik,
Zendako gure gainian?
Manex, ezkontzen delarik,
Ez dea nausi etxian?
Oi, lagunak, beraz atxik
Menditarrak mendietan!
Eta herri saltzalerik
Agertzen bada bozketan,
Har deza, doala hortik,
Ostiko bat ipurdian!

Igortze
Printziak, aspaldi danik,
Bizi dira ohoretan,
Parisetik, Madriletik,
Manatuz beren nahian.
Abertzaliak lehenik
Izan giten herrietan
Jaun horiek agurturik
Ostikoa ipurdian!


1966-11-12

 

Otsoak eta zakurrak

Festival de la force basque
Euskal Indar Xapelketa
Hendaian, 1987-ko uztailaren 8-an


Hego Euskal Herritik, otso bat jina zen
Hendaiarat, bai eta lanetik bizitzen.
Auzoek ere zuten ongi ezagutzen,
Iheslari gaizo bat bilakatu baitzen.

Bainan ihiztariak, Parisen, berriki,

Hango Jaun Handiekin zuten erabaki
Otsoa bahitzia «demokratikoki»,
Hiru zakur gotor zituztela aski.

Hantik laster zakurrak, goizetik Hendaian,
Elgarrekilan ziren, ixilik, barrandan,
Hortzek irrikaturik, bana bat batian
Agertu zen otsoa karrika hegian...

Zakurrek berehala, saingaka ta oihuz,
Hartu zuten otsoa, lepotik tinkatuz,
Hunek aldiz, azkarki, borrokari lotuz,
Jo eta jo ari zen, bazterrak harrotuz.

Kalapita gorria, etxetik intzunez,
Bi otsema plazarat jeutsi ziren tanpez,
Zakur tzar horieri ihardetsiz kolpez,
Otsoa iheslaria lagundu beharrez.


Ados ziren ordian, gure gudariak:
Zakur oldartzaliak, otso bai, otsemak.
Ba bainan Euskaldunek, debriak hartiak,
Lurreratu zituzten beren etsaiak.

Muturreko gogorrak, zakurrek bildurik,
Zangoz gora karrikan zaudezten etzanik,
Intzirika, orroaz, nigarrez hasirik,
Lekukoak leiotan irriz zirelarik...

Arte hortan otsoa, nunbait zen gordetu,
Bere otsemarekin, brixtez eskapatu,
Ta bi zakurrak aldiz, laster desagertu,
Zanpaldi on bat bezik ez baitzuten bildu!

Beraz, gure otsoak, ziren egun hortan,
Xapeldun ateratu Indar Jokoetan.
Goresmen berezi bat behar dute ukan,
Gora Euskadi eta... zakurrak lur pian!

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article