P-Z
Pilotariak
Joka gaiten oneski,
Plaça juye bethi,
Hola da ohorezki.
1853
(Aldudeko pilota plazan)
Lehengo pilotariak,
Oi, plaza gizon handiak,
Mendetan ohoratiak!
Izanikan ehortziak,
Zien esku famatiak
Untsa ziren laudatiak,
Hobietan aipatiak,
Harrian xixelatiak.
Zaharren oroitzapenez,
Euskualdunak izanez,
Geroztik aste guziez,
Igandetan, ostegunez,
Pettan, Antton, Enaut, Manez,
Biltzen dira, zorionez,
Geldirik ezin egonez,
Pilotan ari beharrez.
Herrietan, gizon koxkor,
Nagusi, mutil, Erretor,
Eskutan pilota gogor,
Pasoak dutenak idor,
Begi zorrotz, beti pixkor,
Eta irriz edo mokor,
Bainan ez emaiten amor...
Hola gaztia, jozak hor!
Jokatuz ohiko pinta,
Hortan hasi da josteta,
Bi kidiak elgar susta,
Ez dira jende herresta,
Eskian dute zimizta...
Jo hunat, jo harat eta
Xehatu nahiz pilota,
Puskatzen balitz, zer besta!
Xapelgo bat badelarik,
Denak xuriz beztiturik,
Heldu zauzkigu nunbaitik,
Uste dut aments batetik...
Alta badute gorputzik,
Zaluak, gantza gaberik,
Besotan indar ukanik,
Ukaldi gaitzak emanik.
Aintzin aldian, besainka,
Tiro bat da hunen saka!
Ari zauku, dena kaska,
Kintziak han ezin trenka...
Bainan, besazpiz pasoka,
Erreferak ere joka,
Gihil alderat botaka,
Erhotu gabe lasterka.
Ez dut atxeman gizonik,
Pilotaria ez denik,
Horiek bezalakorik:
Partida hasten delarik,
Gertatzen dira bakarrik
Jokoarekilan baizik,
Ezpaitute axolarik
Kintze zonbaiten kanpotik.
Artzen dira hor, ixilduz,
Besoz, bainan ere buruz,
Xedeak untsa gordetuz,
Besten nahiak asmatuz,
Xuxen lekian agertuz,
Nun nahi pilota bilduz,
Makur guziak jasaituz,
Jukutriak ez barkatuz!
Iruskia distiratzen,
Matelak ere gorritzen,
Atorrak larruan lotzen,
Esku hantiak erretzen,
Oinak errautsan ibiltzen,
Espartinak fundikatzen,
Gerriko batzu zabaltzen,
Bonetak aldiz airatzen!..
Xoko batian jarria,
Murruari kokatia,
Azantzan ezti eztia,
Hara nun den xaxaria...
Ikusiz geroz kintzia,
Garraitu ala galdia,
Egiten dauku kundia,
Emanik bere kantia.
Eta berriz, tinki tanka,
Pilota harat hemenka,
Jokolariak indarka,
Iduri dute, noiztenka,
Debriak zalapartaka...
So egiliak oihuka,
Gogotik esku zartaka,
Batzutan irrintzinaka!
Herriaren bihotzian,
Elizaren aintzinian,
Hil harrian bazterrian,
Arbasoan itzalian,
Gaztiak dira lorian,
Leherrinak, izerdian,
Gizonki bere jostetan,
Pilota plaza garbian.
1967-8-15
Presundegian
Bihotz handiak, Pe-Nafarroan!..
Bainan badira, alaba galduz,
Domintxineko etxe batian,
Buraso batzu, nigarrez urtuz.
Berririk anitz ez dute ukan;
Espainian zen, muga pasatuz,
Kokoteroen aztaparretan.
Bere herria zinez maitatuz,
Kristiana da presundegian,
Presundegian, andre Etxaluz!..
Ikaslea zen omen Iruñan,
Bazoan beraz lanari buruz.
Zer gertatu da mugaz haindian?
Mintzatu dea, Franco jorratuz?
Argirik ez de joko tzar hortan.
Estekaturik eta zanpatuz,
Bahitu dute zoko batian.
Sei hilabethez, denbora galduz,
Kristiana de presundegian,
Presundegian, andre Etxaluz!..
Suharki baitzen, gure herrian,
Abertzale bat, eta frogatuz,
Polizeroak ziren barrandan,
Zernahi tranpa hari hedatuz,
Behar zutela zerbait atxeman,
Haren hobena bethi xerkatuz!..
Gestaporen jukutrietan,
Gaixo neskatxa, arrunt etsituz,
Kristiana de presundegian,
Presundegian, andre Etxaluz!..
Gobernia da espantietan,
Eskualdunik ez ezagutuz,
Eta Frantzia, desohorian,
Ixil ixila, Francok manatuz!..
Hitler bezala, hunek kexuan,
Begiak samur, ari da oihuz:
Neska tzar hura, norat zabilan?
Girixtinoki, dena sufrituz,
Kristiana de presundegian,
Presundegian, andre Etxaluz!..
Igortze
Hor Espainian, hemen Frantzian,
Aserik ta lo, ezin higituz,
Urde gizenak dira lohian...
Lege zaharrak bethi segituz,
Oi gazteria, ez amor eman!
Zeren, bandera gora zabalduz,
Kristiana de presundegian,
Presundegian, andre Etxaluz!..
1965-8-30
Sagia bihitegian
Gure etxe xurian, Garazi aldian,
Sagutto bat bizi zen ontsa selaurian,
Ogiz, artoz aserik, udan ta negian,
Bana leku handi bat beharrez gainian,
Uzta sartu ginien bordatto berrian.
Saguttoa geroztik balur ta mehian,
Gosez hamikatia, bihi bat ezin jan,
Selaurutik jeutsi zen nigarra begian!
Nola beraz atzeman bere bazkaria,
Sukaldian izanik Minini gatia?
Gau batez, ilunian, arrunt mehatia,
Ihesari lotu zen, utzirik etxia.
Jo harat eta hunat, ari zen sagia,
Bordatto berriaren xekatuz bidia...
Eta bizkitartian, ikusiz tokia,
Hen zen, ilargi pian, han bihiteagia!
Bordaren aintzinerat saguttoa jinik,
Ustez sartuko zela leioen azpitik,
Oi, zer debrukeria: ez aski lekurik!..
Bazen, hegi batian, xilo bat bakarrik,
Burdin zorrotz batekin langilek eginik.
Hortan ezarri zien mutturra lehenik,
Eta bere bizkarra larrutuz geroztik,
Indarka pausatu zen xilo txar hortarik.
Bihitegi berrian, parabisian zen,
Egunez eta gauez goxorik asetzen,
Beti kokorrerano nasaiki betetzen,
Jau eta lo, sagia, aste bat egon zen.
Gorputza biribila, gantzadun ta gizen,
Harra bezan lodia, herrestan ibiltzen,
Xutik ezin egonez, oinek ez ekartzen,
Zartatzeko heinian tripatik hantu zen!..
Bakarrik izan behar, beti tripa joko,
Zer bizi molde hitsa sagu baten dako!
Gororat heldu zakon ihes egiteko,
Bana kanpokaldirat etzen aterako:
Izanik lodiegi xilearaen dako,
Saguttoa preso zen... ontsa jan orduko!..
Ezinbeste gaitz hortan, zer egin ahalko?
Berriz ere mehatu libro joaiteko.
Irakurle maitia, agia erranik,
Saguttoa bezala gira segurretik,
Ontasun poxiñobat biltzen dugularik,
Oro galtzen baitugu, hiltzen girelarik.
Hobe da bizitzia espantu gaberik,
Arbasoen legia behin ikasirik:
Nola mundu tzar huntan sartu ta buluzik,
Hala joanen gira, hor denak utzirik.
Sakelak hutsik
Gaixo ttiritta, goxoki kantuz,
Marrantatu zen negia jinik.
Xinurriaren etxerat buruz,
Bazoan gosez hamikaturik:
Auzo maitia, ezin baskalduz
Ibiltzen nuzu, dena galdurik...
Xinurri belzak, borta zerratuz:
«Ez hunat ager sakelak hutsik!»
Etxeko, jaunak, gatu beltxari:
Jateko baduk aski sagurik!
Jauregidunak, Agota bati:
Beharri-motza, habil hementik!
Andere koskak, umexurtxari:
Muttur xikina, baduka sosik?
Karrikatarrak, menditarrari:
«Ez hunat ager sakelak hutsik!»
Ahatxe hura, urrez egina,
Lehen bezala da bethi xutik.
Untasun zonbait, araiz bixtan da
Behardugula bildu nunbaitik.
Bana zernahi etxian eta
Dohakalia bortan izanik,
Fededun batek erranen dia:
«Ez hunat ager sakelak hutsik!»
Igortze
Jon-Doni-Petrik, zeru athean,
Arima beltz bat heldu delarik:
«Leher egin duk untasunetan,
Orai hemen hiz diru gaberik...
Xuxen duk beraz erren dezatan:
Ez hunat ager sakelak hutsik!»
Herrian, 1963-6-27
Santibate Garazin
Urtzen delarik elurra,
Ihautiriko denbora
Garazin dute beharra.
Utziz geroko barura,
Ase ta joaiten dira
Santibateko jantzara.
Mutikoak, haren gatik,
Irrintzina botaturik,
Haize hegoan goizetik,
Heldu dira apaindurik,
Mendi bazter orotarik,
Donibanerat gogotik.
Bestetan eder karrikak,
Leiotan neska pollitak,
Bi lerrotan jantzariak,
Zango trebe ta arinak...
Ai, ei, ai, xapel gorriak,
Eta espartin xuriak!
Fauxtin-ek musika jotzen,
Jakes Turrut ere han zen,
Matelak ederki hantzen...
Bi gizonak hatsa galtzen.
Balinda dira berotzen,
Xahakoa dute hartzen!
Gure bandera maitia,
Xuri, berde, ta gorria,
Aintzinian zabaldia,
Bi besoz inarrosia,
Hemen da ohoratia.
Ta gora Euskal Herria!
Pattin dute Makilari,
Oi, zer esku miresgarri!
Eta makil sorgin hori,
Inguru minguruz ari,
Arrunt errota iduri,
Ohono ez da errori!
Napoleonen Zapurrak,
Bizardun eta gotorrak,
Laster altxatuz aizkorak,
Ez aurtik, gero, zapelak,
Zikiro larruz eginak,
Ferreta bezan handiak!
Bi Sigantiek, — zer besta!
Firlak bezala zut-zuta,
Zoin gora duten kopeta!
Joka nezake boneta,
Hunki dutela, sar eta,
Zubi zaharreko borta.
Orai, Basanderen jantza:
Xapel luze ta zorrotza,
Bizkarrian bilo latza,
Leizeta, zuten egoitza.
Utzi dutea, hil hotza,
Basa Jaunaren bihotza?
Gero, Bolanten lerroak,
Egiazko pinpirinak,
Nun-nahitik xingoldunak,
Tinki-tinki gerrikoak,
Ta papoan hedatiak
Etxeko urre guziak.
Airian dira ibiltzen...
Oinek ez lurra hunkitzen,
Besoak xuxen gelditzen,
Makilño bat atxikitzen,
Ehunka xilintxak jotzen,
Irria deneri lotzen!
Bana zu, bertsularia,
Geldituz musikaria,
Jina da zure aldia.
Ez izanik hatsantia,
Lauda zazu, kantaria,
Hemengo ihautiria.
Emazkitzu, guretako,
Kobla batzu jostatzeko,
Irriz leher egiteko!..
Kanta, herriaren dako,
Ohiduren azkartzeko,
Orai eta sekulako.
Jendiak, esku zartaka,
Sosak botatuz ahurka,
Urruntzen ari musika...
Jantzariek, han hemenka,
Nausitu dute karrika,
Bi ixtape ta jauzika.
Sorginen kantia
Trinkun trankun!
Mendian llhun,
Neori gau hun!
Leherrinen diela
Debriak ez diena...
Higi hadi!
Da gau-erdi,
Altx iphurdi!
Leherrinen diela
Debriak ez diena...
Jo pilota!
Lan Agota,
Dena bota!
1959-5-3
Ureat bota dezate
Donibaneko hirian
Zanpantzar ez dute maite;
Ihautiriko bestetan
Untsa estekatzen dute;
Errobiarren zubian
Sua emaiten dakote,
Ostiko bat iphurdian:
Ureat bota dezate!..
Badutelarik etxian
Tresna tzar bat ede beste,
Gopor arraildu batian
Mutzuturikan tomate,
Espartinak zangoetan
Higatiak, ziloz bethe,
Besainka, ilhun beltzian,
Ureat beta dezate!..
Kontrabandixtek mendian
Zernahi gordetzen dute.
Luzaidetik, zirurikan,
Gauaz heldu dira fite.
Mugazainek, sasu pian,
Erranik oihuka: Halte!
Zakia othoi ez eman:
Ureat bota dezate!..
Igortze
Mugaren bestalderdian,
Euzkotarrek omen dute
Zanpantzar bat gobernian...
Izan edo ez Ihaute,
Buruz beiti, gauerdian,
Ureat beta dezate!..
Donibane Garazi 1962-7-15
Enbata, 19 z. 1962-10
Xerria basurdetu nahia
Xerri gizen zikin bat, etzanik lohian,
Ase ta lokartu zen, tripa iruzkian,
Ezkur aments eginez, oihana gogoan,
Ez baitzen, beharbada, jostatzen etxian...
Nahi zien ibili mendi handietan,
Basurde bat iduri, askatasunian!
Larrazken egun batez, omen zen ñapurtu...
Denak utzirik eta, oihanetan sartu.
Basurde beltz azkar bat baitzakon agertu,
Euskaldunak bezala, han ziren agurtu:
Goizik ari zirea? —Ba, zu ere heldu?..
Eta biak ederki kurrinkaz mintzatu.
Basurdiarekilan adixkideturik,
Gure xerri lodia, haren gihiletik
Zabilan mendiz mendi, beti sasu petik,
Egun gaztain aseta, bihar goseturik,
Hea alor batian etzenez artorik,
Nunbaitik ezin sartuz, jo beste aldetik!
Ohidura baseri bihotzez lotia,
Aste baten burian, ontsa mehatia,
Arrunt leherrina zen etxeko xerria,
Laster ezin ibiliz eta hatsantia,
Zangoetikan minez, dena larrutia,
Amor ez eman nahiz, hain zen tematia.
Azkenian xerria, orroaz nigarrez,
Utzirik basurdia, bakarrik izanez,
Etxerako bidia hartu zien zinez,
Xerritegi goxorat itzuli beharrez,
Asetzeko bederen, han egun guziez,
Alferretan geroztik, amentsak eginez!
Adixkide maitia, ixtorio hori,
Guretzat ez litake irri-egingarri,
Zeren eta xerriak, buruz mendiari,
Betikotz atxikia askatasunari,
Egin baitu, gaizoa, indar izigarri...
Ez baita hil ordian, eskerrak Jaunari!
Gero eta gorago, habil Euskalduna,
Behereko lohia izanik zikina.
Tripuntzikerietan, nun duk atsegina?
Erortzen bahiz ere, ez lotsa laguna.
Izar baten argirat, jo beti aintzina.
Gogoan den amentsa, oi zer zoriona!..
1975-8-10
Zakurra eta axeria
Pariseko jaun ustel zonbaiteri
Garaziko zakur bat, gure mendietan,
Zinezko tripakoia, goizetik zabilan,
Bazkaria nunbaitik beharrez atxeman,
Itzuli ta mitzuli, beti debaldetan,
Ez jakinik zer egin. Bana bat batian
Oilo bat agertu zen bide bazterrian.
Berehala zakurra joan zen gogotik,
Lasterka tirahala haren gihiletik,
Oiharzunak harrotuz, saingari loturik!...
Sasu batian aldiz, barrandan ixilik,
Axeri bat han zagon, hortzak zorroxturik,
Muturra luze luze, beharriak xutik...
Berroaren azpitik, utziz bere loa,
Ikusi zien ontsa zertan zen potzoa,
Bai eta zeri buruz zabilan gaizoa.
Hortan, axeriak, ez baitzen zozoa,
Jauzi gaitz bat eginez, zabalduz ahoa,
Kalitu zien eta... ereman oiloa!
Zakurraren orroak, nork ez ditu intzun:
«Ohoin zikin debria... Hirekilan nihun
Ez litakek bakian egin trikun trakun!»
Axeriak ordian, izanikan urrun,
Irri handi batekin: «Etsai edo lagun,
Biak ohoinak gituk, bana ni xapeldun!»
Abertzale maitia, ikusi duk hemen,
Oraiko jende batzu nolakoak diren,
Tripa, herri batian delarik nausitzen.
Bihotzaren oihua ez baita zabaltzen,
Nola gertatuko da norbait aski zuzen
Erraiteko garbiki tzarkeria nun den?
1980-ko otsailan
Zakurraren buztan petik
Gertatzen denian gerla,
Nik dakita zeren gatik,
Zoazi zu, Euskalduna,
Etxian denak utzirik.
Hiltzen ez balinda zira,
Lanjerretan ibilirik,
Hortxe duzu ohoria,
Xingola txar bat ukanik.
Nahi baduzu dirua!
Zakurraren buztan petik!
Lanian leherrin eta,
Ameriketan izanik,
Hantik heldu da gizona,
Ontsasko haberasturik.
Bankoan uzten du sosa,
Geroko han altxaturik.
Bana bere ontasuna,
Paper diruan urturik,
Nola biltzen du intresa?
Zakurraren buztan petik!
Ene herritar gaizoa,
Uzta saltzen dukalarik,
Erosten daukate dena,
Merke merke pagaturik,
Arrotz saltzalek metaka
Sosak biltzen dutelarik...
Hik aldiz, bizitzekoa
Ateratzen duk lurretik.
Nuntik dukek lan saria?
Zakurraren buztan petik!
Igortze
Gobernuko moltseroa,
Zuri nago galdeginik:
Ez dea ohoinkeria
Pagatzia, jeus gaberik,
Odol, nigar, izerdia,
Zakurraren buztan petik?
Donibane Garazin, 1963-12-28
Zakutik edo zorrotik
Etxekandere maitiak,
Baserrietan bizirik,
Gure ogi egiliak
Zinezten aspaldi danik,
Bai eta zien taloak
Jaten gintien gogotik.
Bana, hasi gabe lanak,
Hartzen zinuzten segurik
Eiharako irin onak,
Zakutik edo zorrotik!
Lurrian eder goldiak!
Hazila jiten delarik,
Hasten dira irauliak,
Mutilek itots emanik.
Beraz jeiki etxekoak,
Argia gabe ohetik,
Egitako ereitiak,
Otoitzak ez ahantzirik...
Behar ditugu ogiak,
Zakutik edo zorrotik!
Alorran eder ogiak!
Uztaila heldu delarik,
Bai eta ere artoak,
Iruzkian handiturik.
Zoazte, nekazariak,
Izanik ere bakarrik,
Egiteko uda lanak,
Goiz ta arrats izerturik...
Behar ditugu bihiak.
Zakutik edo zorrotik!
Eiharan eder bihiak!
Triki traka ehoturik,
Burrustaka ur jauziak,
Bazterrak ikaraturik.
Hor egon, eiharazainak!
Azantzetan elkorturik,
Aratzeko mekanikak,
Zokoetan ikerturik...
Behar ditugu irinak,
Zakutik edo zorrotik!
Igortze
Erregiak, Presidentak,
Lanian ez da lapurrik!
Ez fundika gure sosak;
Haberasten girelarik
Pagatzen ditugu zergak,
Zakutik edo sorrotik!
1974-12
Zer giren bestenaz
...«Hori da ontsa errana,
baina behar dugu lantu gure baratzea!»
Voltaire, Candide
Diela ehun mende, hemengo herrian,
Jende jakintsunenak, harpe beltz batian,
Bildu ziren ta jarri supazter xokoan,
Ikertuko zutela zer zuten gogoan!
Zuhurki hasi ziren, beraz, eleketan,
Denak utzirik eta, erran eta merran...
Hunek, erraiten zien, gizona zerutik
Erori dela hunat, Jinko bat izanik.
Bai eta orai ere, hortaz orhoiturik,
Ametsetan bederen, baduke geroztik
Argiño bat gogoan ardura pizturik,
Bere bihotza nunbait iluntzen delarik.
Horrek, segurki baietz, eta berehala
Zimizta bat burian agertzen zakola,
Jakitate handia hortik heldu zela!
Gizona balinbada jinko bat bezala,
Egiaren zaintzeko ukanez axola,
Zergatik agertzen da, hemen, hain ahula?...
Harpiaren jabia, leherrina baitzen,
Ihizitik jin eta, zanpez lokartu zen!
Gure hiztun ederrak, han beti mintzatzen,
Solasari loturik, denbora pasatzen,
Eta zilo hortarik nehor ez jalgitzen,
Kakin beharrez ere, etziren higitzen!...
Harpe guzia baitzen arrunt usaindia,
Hasarrian jeiki zen lekuko nausia
«Nik ez dakit badenez gogoan argia,
«Ba batian atxeman dut zertan den egia
«Ziek utzi orduko, hor, zikinkeria,
«Nork garbitu behar du ene sukaldia?...»
Egungo Jaunak ere, dira ene ustez,
Mundu zikintsu huntan, kezkatiak zinez,
Alferretan mintzatuz, lanak ez eginez,
Gero ta gehiago goxoan egonez,
Kakaren garbitzeko sehia beharrez,
Lagun aski zozo bat ezin atxemanez!
Garaziko leiho batetik
Maiatz. (1982, 2.zk.) 18
Zitadela gora duxu
Cette chanson recueillie par Pierre Duny-Pétré a fait l’objet d’une publication accompagnée d’un commentaire, par Ramón Zulaica et publiée en 2000 par la revue Oihenart-18, cuadernos de lengua y literatura, Eusko Ikaskuntza.
1.
Zitadela gora duxu Donibane Garazin:
Etxakin zonbat soldado han gure zain dagozin!
2.
Garaziko aire hautak bizarra pusarazten:
Soldadoak freskatzerat usu hirirat jausten.
3.
Guzien bizar-egile neska bat, Janamari:
Presuna seriosa zela entzun dixit orori.
4.
Kapitain bat sartu duxu barbersaren botigan:
Anderia, nahi nuke jarri horgo kadiran.
5.
Bizarra ala ilhea, zer behar dut edeki?
Egun bizarra aski dut, egizazu polliki.
6.
Kapitaina jarri duxu bisaiaz mirailari:
Hari so, nabala pasten horra hor Janamari.
7.
Matela salboinaturik kapitain gazteari,
Karra-karra hasi duxu bere nabal-lanari.
8.
Bet-betan ikara batek hartua du barbersa:
Bisaia zuri-zuria, ageri du ez ontsa!
9. Ez daki neska gaixoak begiak nora makur:
Zer zira ba, anderia, ene galoinen beldur?
10.
Ez, Jauna, ez nuzu beldur soldadoen galoinen,
Are gutiago segur kapitain prestu baten.
11.
Ez duzu bada iduri hanbat zuhauren jabe:
Ez da nihor holakatzen deus arrazoinik gabe!
12.
Arrazoinak batuzketzu erraiten ez direnak:
Othoi barka dezadala ene jaun Kapitainak.
13.
Zer nuzu ala, gaixoa, ni poxiño bat maite?
Poxiño hori zonbat den aise aitor ez daite.
14.
Haurra, nahi zindukeia enekilan ezkondu?
Zendako ez, zuk enekin hala nahi bazindu?
15.
Bizarra hortan utzirik, elgar aditu zuten:
Lukuzerat ezkontzeko biak lehen bai lehen.
16.
Kapitainak hartu zuen Janamari zaldian:
Lukuzen egin dukete bizi on jauregian.
17.
Zidadelan daudenentzat, neskatxetan segurik,
Ez da bizar egilerik Janamariz geroztik.
18.
Lukuztarrak zonbeit bertsu baitzituen merezi:
Kantu huntan orhoitzeko baditu hemezortzi.
1. La Ciudadela se encuentra en lo alto de Donibane Garazi,
No se sabe cuántos soldados nos protegen allí.
2. El aire agradable del País de Cize hace crecer la barba-.
Los militares, para afeitarse, descienden con frecuencia a la ciudad.
3. Para afeitar a todos, hay una chica, Juana-María:
Oí decir en todas partes que era una chica muy seria.
4. Un capitán entró en el salón de la peluquera;
- Señorita, me gustaría sentarme en esa silla.
5. - La barba o los cabellos, ¿qué debo arreglar?
- Hoy me contento con afeitarme. Hágalo correctamente.
6. El capitán se sentó frente al espejo;
Luego de mirarlo y tomando la navaja, Juana-María se dispuso a intervenir.
7. Habiendo embadurnado las mejillas del joven capitán,
Karra-karra, ella comenzó su trabajo.
8. De repente, la peluquera se puso a temblar;
Empalideció su rostro, dio la impresión de que enfermaba.
9. La pobre niña no sabía dónde posar la mirada;
- Señorita, ¿mis galones le causan miedo?
10. - No señor, no tengo miedo a los galones de los militares,
Y menos todavía a los de un honrado capitán.
11. - Su aspecto no corresponde a lo que afirma;
Nadie reacciona de este modo sin algún motivo.
Zitadela gora duxu
Oihenart. 18, 2000, 133-137 135
12. Hay ciertas razones que no deben manifestarse;
Ruego a mi capitán sepa disculparme.
13. - Mi pobre muchachita, ¿no te gustaría quererme un poco?
- Según lo que signifique, “un poco”; no sabría manifestarlo.
14. - Mi niña, ¿querrías pues casarte conmigo?
- ¿Por qué no, si por su parte desea usted lo mismo?
15. Interrumpiendo el afeitado, la pareja decidió
casarse en el País de Luxe, lo antes posible.
16. El capitán monta en su caballo a Juana-María;
Y en el castillo de Luxe han debido de vivir muy felizmente.
17. Para los que habitan la ciudadela y sobre todo para las chicas,
Al partir Juana-María ya no hubo más barbero.
18. Como los habitantes de Luxe merecen una cosa bien hecha,
a fin de que los recuerden siempre, en este canto hay diez y ocho estrofas.
Olerki ttipiak
¦ Aldizkariari
Astekari bat aspaldi pagatu beharrez...
Pagatzeko behankor,
Ahatik ez ahanzkor!..
Irakurtuz goxoan,
Ez dut kasurik eman
Urtean behar zela
Saristatu Herria.
1959-10-6
Euzko Deya
Euzko Deyari gogotik,
Igortzen ditut hementik,
Sos ttipi batzu bakarrik...
Ez da hor gauza handirik,
Bena jin da bihotzetik!
1960-1-16
Mouvement Fédéraliste Européen
Bizi dadin betikotz Euskaldun herria,
Bai eta gure aiten mintzaira maitia!..
Zazpiak bat eginik, muga suntsitia,
Gora Euzkadi eta Europa berria!..
1969-4-28
Enbataren urte saria
Enbatari bihotzetik
Huna urtheko saria.
Ez da hor gauza handirik,
Herriko haize maitia,
Eskualduna izanik!..
1962
Enbataren auzia
Gure auziarendako,
Denak, ttipi edo handi,
Xuti giten, erraiteko
Oihuka: Gora Euskadi!...
1965-1-25
Enbata sustengatzeko
Jalgitzeko mundurat Euzkadi handia,
Ongi begiraturik euskara maitia,
Eta gora zabalduz ikurrin garbia.
Pitz dezagun Enbata gazte ta ernia!
1967-11-7
¯
Enbatako gazteeri,
Abertzale handieri,
Lotsa gabe direneri,
Urte berri hun deneri !
1967-1-1
Enbataren auzia
Oraiko gobernutan, zer zaharkeria!
Eta Paristarekin beti tzarkeria...
Beraz, lagunt ditzagun: gure sortherria,
Enbataren gogoa, eta gazteria!
1977-1-13
EHAS sustengatzeko
Gerta dadin Europa zuzen ta garbia,
Askatasunarekin Euskadi handia,
Haurrek ikas dezaten euskara maitia,
Susta dezagun EHAS gazte ta ernia!
1978-1-18
Elgar aldizkariari
Urthe berri bat heldu da,
Hemen, elhur eta horma;
Gogoan dugu herria,
Hango etxetik beroa...
Parisetik, urrunetik,
Arrotz hiri guzietik,
Elgar ekin bihotzetik,
Bilduko gira goxorik.
Sortuz geroz eskualdun,
Bai eta ere fededun,
Euzkadi gora dezagun,
Eta denentzat, urthe hun!
1960 ako abendoan
Principe de Viana
Principe de Viana-ri,
Bere buruzagieri,
Iruñako laguneri,
Ta euskaldun zintzoeri,
Urte goxo bat deneri!
Batzutan, urrun izanik,
Etxe maite bat utzirik,
Egoiten gira trixterik...
Bainan ez gira bakarrik,
Oroitzapenaren gatik!
Bederen aments batian,
Izan giten baserrian,
Gure toki xaharrian,
Jarririk supazterrian,
Ahalden erdi erdian.
Padera suan karranka,
Pindarrak oro zartaka,
Nexkatoak, zer kalaka!
Mutikoak, hordagoka,
Eta haur txarrak oihuka!
Anitz jende, zorigaitzez,
Kinka gaixtoan izanez,
Ta geroaren beldurrez,
Herrestan dira nigarrez,
Urte on baten beharrez.
Ba, bainan hi Nafartarra,
Bihotza baituz azkarra,
Utzak haurrentzat nigarra,
Maitazak Lege Zaharra,
Beti sustatuz euskara!
¦ Euskalzaleari
Intzar Damaso aitaren liburia:
«Naparroako euskal esaera zarrak» irakurtuz geroz,
Milesker bihotzetik egile jakintsunari,
Nafarroko seme zintzoari, Euskalzain kartsiari,
bai eta ere Jaun Kaputxin maitiari...
«Naparroako euskal esaera zarrak»
irakurtzen dituzteneri:
Irakurle maitia, ez egon ixilik,
Liburu berri hori, laudazak gogotik,
Zeren, Araiztar edo Garaztar izanik,
Erakusten baitauku, deneri, geroztik,
Nafartarren artian ez dela mugarik!
1975-4-9
Iratxet apezari
Zahartasuna bildurik,
Lehengo lanak utzirik,
Osagarrian izanik,
Zer behar dugu besterik ?
1983
Iratxet jaun apezari,
Bidarraiko semeari,
Idazle famatuari,
Ta Euskaltzain berriari,
Igortzen ditut hementik,
Bertsu horiek gogotik,
Goresmenez kargaturik,
Ta bihotzaren erditik!
1988-4-6
Mgr Mathieu
A son Excellence Monseigneur Mathieu
Evêque d’Aire et de Dax
Cours Maréchal Joffre
Dax
Ene lanak ezin egin
Aste batetik besterat,
Herrestan berantarekin
Bana sainduki zuretzat,
Desiratzen dautzut berdin:
Urte biziki goxo bat,
Osagarri hun batekin.
Akizen, 1960-1-7
Norbert Tauer
Adixkide maiteari,
Euskaltzale kartsuari,
Jakintsun aipatuari
Norbert Tauer Jaun onari,
Desiratzen dut jadanik,
Urte on bat bihotzetik,
Ta eskerrak bihurturik,
Donibane Garazitik.
1963-12-22
¯
Ukanik orai lauhogoi urte,
Adin ederra duzu nik uste!
Zernahi gizon nahi luzkete
Hain luzaz bizi, bainan ez dute
Jainkoarekin euskara maite...
Ta zu bezala egin bezate!
1978
Baigorriko Eskualzain berriari
Santibateko koblarien airia
Agur, agur, Baigorriko eskualde maitia.
Bazinien pilotari, baita betsularia,
Engoitik ukanen duzu Eskualzain berria,
Haritschelhar Jauna baita gizon aipagarria.
Ikastetxe handietan erakasle izanik,
Gure Erakustokian gero izendaturik,
Jauna zuk duzu Etxahun pizten ahanzpenatik,
Manexa izanik ere, Barkoxe goraturik!..
Herriko seme bat gisa zaitugu ohoratzen,
Baionarat gure fama zuk baituzu hedatzen.
Geroztik, zure lanari xuxen bazira lotzen,
Kaskoinak hasiko dira eskuaraz mintzatzen!..
1963-7-28
Legarralde jaunari
Euskaldunen artean, nor da Legarralde?
Samurtzen bada ere, ez litake gorde
Zendako herritarrak, ta hainbeste jende
Holako Jaun batekin diren adixkide:
Gizon maitagarri bat, beharreren alde,
Jakintsun, kirolari, soinulari trebe,
Euskaltzale kartsua, bai eta bestalde
Lauhogoi urterekin abertzalen kide...
Jainkoak heda deza, beti mendez mende,
Euskaldun mota hori, gaixtaginen orde!
1978-1-18
Jean-Louis Davant
Jean-Louis Davant lagunari,
Ziberoko semeari,
Erakasle xintzoari,
Abertzale kartsuari,
Ta Euskaltzain berriari...
Igortzen dazkot Pabetik,
Mila zorion, ixilik,
Osto txar hori beltzturik,
Ta bertsu zonbait emanik,
Laster, bana bihotzetik.
1976-8-22
Satrustegi apeza, Valcarlos
Nafarroan
Nafarroako semeari,
Luzaideko aphezari,
Euskalzain berriari,
Ta bihotzdun gizonari,
Igortzen ditut gogotik,
Betsu horiek ixilik,
Goresmenez kargaturik,
Zorigaitzez urrunetik...
1963-9-12
Bergara jaunari
Bergara jauna Lapurtarrari,
Ofiziale hoberenari,
Makilegile famatuari,
Pilotatzale bihotzdunari,
Agur holako euskaldunari!
1968-2-22
Euskaltzaindiari
Beti zerbaiten beldurrez,
Frantzia baita barrandan,
Egoiten niz ezinbertzez
Paueko bulegoetan,
Lanarekin zorigaitzez,
Uztailaren igandetan.
Otoi barka gogo onez,
Bezkoitzen ez baniz izan,
Eta milesker bihotzez.
Bainan heldu den urtean,
Askatasun beharrez,
Sartuko niz erretretan !
1971-6-24
Euskal Idazlen elkartea
Euskal Idazlen biltzarrerat ezin etorriz.
Beti lantsu zorigaitzez,
Urte batetik besterat,
Egun herrestan izanez,
Bihar harat edo hunat,
Zernahi egin beharrez
Atxemaiteko oren bat,
Geldirik ezin egonez,
Hola banoa luperat!
Otoi, Jaun adixkideak,
Ez odol gaixtorik egin!
Urruntik, gure oihuak
Entzuten baitira berdin.
Gora Euskal Idazleak!
Zeren, izan gabe sorgin,
Biltzen ahal gira denak,
Bederen bihotzarekin!..
Pabetik, 1979 eko otsailaren 5 ean.
¦ Urte berri on
Urte berria, nor zira zu?
Minberatia, ixila,
Heldu zira hotzak hila.
Batzutan ere, aztala
Jotzen duzu tirahala.
Ez lerratzeko, makila
Tinkatzen duzu ta nola!
Elur xurian, etxola
Uste zinduke lo dela.
Oihu eginazu: Hela!
Ta sarzite berehala.
Ikusiko duzu hola
Supazterrian girela.
Urte berria, nor zira zu?
Erranen datazu nuntik
Jiten zira, jeus gaberik,
Uda bero bat utzirik,
Lili guziak galdurik!
Negian ere, ahatik,
Etzena gauza goxorik?
Eguberriko gauatik,
Jesus haurra maitaturik,
Iratzartu zira hortik,
Ene ustez kexaturik,
Dena hormaz arraildurik!
Baduzia zuk burutik?
Urte berria, nor zira zu?
Joan behar zira arin,
Otsail hortan, arrunt sorgin,
Gatien marrakarekin,
Ihautiriko bestekin,
Goraturik Mari-Martin,
Jauzika omen Garazin,
Bere zango makurrekin...
Santibateko jantzekin,
Turruputun, bulunbekin,
Xerrikeria ta tupin,
Tripot edo kauserekin,
Kasu emazu leherrin!
Urte berria, nor zira zu?
Atzo hotz, egun beroa,
Hor iruzki, han lanoa,
Orai: haugi! Sarri: joa!
Hasiko duzu martxoa.
Uste dut, giza gaizoa,
Ez duzula maite loa,
Ta bilakatuz erhoa
Aldatzen duzu aroa,
Botatuz haize hegoa,
Emaztiaren gogoa,
Hori betiko leloa...
Ba, bainan eta geroa?
Urte berria, nor zira zu?
Jinkoak daki nor ziren zu!
1964
Agur urte berria,
Hormarekin sortia,
Elhurrez beztitia!
Otoi, urte berria,
Jinkoaren nahia,
Izan zite garbia
Ene maitagarria.
Ekar zazu bakia,
Egunego ogia,
Udako iruzkia,
Eta osagarria.
Agur urte berria,
Hormarekin sortia,
Elhurrez beztitia!
Donibaneko garbitzaleri
Donibaneko garbitzaleri,
Gure langile bihotzduneri,
Alfer eta lo ez direneri,
Urte berri on, Jaun horieri !
1977-12-30
Urte berriarekin...
Osagarria lehenik,
Ontasun aski geroztik,
Euskal Herrian egonik
Jinkeak daki zoin goxorik,
Hori guzia, osorik,
Ukan dezazu zerutik,
Urte berriak emanik !
Presoendako
Urte berri bat ukanik,
Sutegian beroturik,
Aments eder bat goxorik eginik,
Bilduko gira gogotik.
Eginen dugu otoitza,
Jinko Jaunak eman deza
Gudariari bihotza,
Herriari azken hitza,
Gerta dadin zoriona,
Euskadin askatasuna,
Egiazko euskalduna,
Ta zuretzat: urte ona...
1977-1-1
Urthe berriari buruz
Elgar agerkariari,
Bere buruzagieri,
Pariseko laguneri,
Gaizo Eskualduneri,
Agur bero bat deneri!..
Kaskoin hiriño batetik,
Ene herria utzirik,
Gogoetan niz ixilik.
Ohoitzapenak ahatik
Ez nute uzten bakarrik...
Bederen, aments batian,
Izanen gira herrian,
Gure toki xaharrian,
Goxoki supazterrian,
Ahaiden erdi-erdian.
Padera suan karranka!
Pindarrak oro zartaka,
Nexkatoak, zer kalaka!
Muthikoak, hordagoka,
Eta haur txarrak mokoka...
Amentsa da zorigaitzez!
Etxetik urrun izanez,
Ta geroaren beldurrez,
Othoitzian gira, zinez,
Urthe hun baten beharrez.
1964 eko abendoan
Agur urte berria
Agur urte berria,
Hormarekin sortia,
Elurrez beztitia.
Otoi, urte berria,
Jinkoaren nahia,
Izan zite gabia,
Eta maitagarria,
Ekar azu bakia,
Eguneko ogia,
Udako iruzkia,
Eta osagarria.
Agur urte berria,
Hormarekin sortia,
Elurrez bestitia.
1963-12-15
¦ Beste
Hil hobiaren gainean
Hemen datza
Orai hotza
Lehen gaitza
Pétré kolonelaren bihotza.
Hun gerlari
Maitagarri
Hil gaztegi
Zahartasunik etzien nahi.
1959-4-20
Hobi beltzian sartzeko,
Hor etzanik egoiteko,
Behin bederen betiko,
Ez hiz oinez etorriko!..
¯
Goizian, goraturik arrotzen goxoa,
Hobe zaut, arratsian, etxeko beroa.
Berantegi maitatuz ene herrittoa,
Sorlekian laketuz, hobirat banoa.
Enetzat eginzaxu, Garaztar gaixoa,
Otoitz bat ahapetik, maitatuz Jinkoa.
Tourisme, sans-gêne et pollution
Hemen sartzen ziztelarik,
Ohoinak ere izanik,
Otoi zoazte ixilik,
Seilak ontsasko hetsirik !
¯
Udartiarrak lehen,
Aski garbiak ziren.
Ez baita berdin aurten,
Othoi sarturik hemen,
Bidexketik bederen,
Urrun kakin dezaten !
Athearen harrietan
Oi Jon Doni Petri,
Zeruko giltzaina,
Zain dezazu bethi
Gure Hegitoa.
1959-09-30
Udatiarrak, lehen,
Aski barbiak ziren.
Ez baita berdin aurten,
Othoi, sarturik hemen,
Bibexkatik bederen
Urrun Katin dezaten !
1963-9-18
Gogor egin eta atxik
Patxi Noblia preso
Patxi Noblia jaunari,
Euskadiko semeari,
Abertzale kartsuari,
Eta gizon garbiari.
Donibane Garazitik,
Opatzen dakot gogotik,
Etsaien aztaparretik
Joan dadin askaturik,
Laster, pizkor eta xutik !
Jon Donipetry
Pierre Duny-Pétré, 1986-ko hazilaren 8.an
Jaun agurgarria,
Zer gerta ere, otoi etzitela lotsa.
Pariseko edo Madrileko jukutrien aintzinean, gogor egin eta atxik!
Panpi Sainte Marie
Panpi abertzaleari,
Preso den Euskaldunari,
Mutiko bihotzdunari,
Ta Nafartar zintzoari!
Batzutan, urrun izanik,
Etxe maite bat utzirik,
Egoiten gira trixterik.
Bainan ez gira bakarrik
Orroitzapenaren gatik.
Anitz jende, zorigaitzez,
Kinka gaixtoen izanez,
Ta geroaren beldurrez,
Herrestan dira nigarrez,
Urte on baten beharrez.
Ban bainan hi, Nafartarra,
Bihotza baituk azkarra,
Utzak haurrentzat nigarra,
Beti maitazak euskara,
Jinkoa ta Lege zaharra!
Egin behar
En note, lettre Casedevant pour Abbé Béhéran (Apez euskalduneri) ?