Vendredi 29 janvier 2010 5 29 /01 /Jan /2010 11:19

Piarres Hegitoaren olerkiak

 

Pierre Duny-Pétré

 

 Donibane Garazin 1914eko apirilaren 3an – 2005eko martxoaren 24an

 

1-   Aurkibidea

2-   Bizitza

3-   Bibliografia

4-   Olerkiak

 

 

 

g  Zure eskuinean, aurkituko duzu zerrenda bat: "Articles récents" deitzen dena. Klik eginezazu "liste complète" gainean. Artikulu guziaren zerrenda ikusiko duzu. 

 

      

1- Aurkibidea

Anitz erran, jeusik eman

Aipatiak ez diren sasi-gudarieri

Aita Mugika jakintsunari

Aizinarik gabe...

Ama maitia

Amaren besta baita

Apez Eskualduneri

Ardiak

Arin-arin berri bat

Arri, arri mandoko !

Arrotzen artean

Arrotzen zakurkeria

Aztaparrekin

Basanderiaren kantia

Berak erranez

Domingo Agirreri

Don Jose Estornes-Lasa Jaunari

Ene lehengo laguneri

Eskual Herriko makurrak

Eskual radioari

Eskualdun radioari

Etxe xaharra

Etxian nor da nagusi ?

Europako emazteak

1939-1940

1940-1944

Euskal oilotegia

Euzkadiko oiharzunak

Francoren eritasunaz

Garaziko herria

Garaziko herriari

Garaziko hiri nausi zaharrari

Gatia eta axeria

Gure gazteak

Gure mutila tuntulo

Haize hegoa Garazin

Hantxetan Eiheraberrin

Harrak eta haritza

Hegitoren errepostia

Iholdiko elizari

Iholdiko esne-lantegiari

Ipurdian

Irrati etsaiari

Iratzar giten

Jende handi zonbaiteri

Jo aintzina!

Kaikutik

Laminen kantia

Lehengo "Amerikano" bat Kaliforniatik

Luhusoko langileri

Maiatza heldu denian

Manexen marrakak

Manexen solasak

1944-1964

1974-1981

Montpellier-ko sendailuak

Mundu baten egiteko

Nafarroari

Oi Eskualdunak

Ostiko bat

Otxoak eta zakurrak

Pilotakariak

Presundegian

Sagia bihitegian

Sakelak hutsik

Santibate Garazin

Sorginen kantia

Ureat bota dezate

Xerria basurdetu nahia

Zakurra eta axeria

Zakurraren buztan petik

Zakutik edo zorrotik

Zer giren bestenaz

Olerki ttipiak

 

Aldizkariari

Euskalzaleari

Urte berri on

Beste

 

2-   Bizitza

 

Z

INEZ garaztarra zen Pierre Duny-Pétré, garaztarra errotik, aita Lekunberrikoa, ama Donibane berekoa. Sortu zen 1914eko apirilaren 3an Espainiako karrikako etxe eder batean, XVIII. mendekoa hain zuzen, giltza egile baten etxea, nafar itxurakoa, bere baratzeñoa gibelean. Aita guarda izanez, Aldudeko, Baigorriko, Urdoz auzoko eta Donibane Garaziko eskola publikoan egin zituen lehenbiziko estudioak eta gero Baionako lizeoan, hasi zituelarik filosofiako ikasketak bigarren gerla aintzin. Ezagutu du, beraz, bi gerlen arteko Donibane Garazi herri euskalduna, bere asteleheneko merkatuarekin, han biltzen baitziren Garaziko herri guzietako laborariak eta ere Baigorriko eta Iholdiko kantonamenduetarik heldu zirenak. Ardi, marro, behi, zaldi, asto, gizonen sal-erospenak, emazteak jiten zirela ere etxeko mozkinen saltzeko, barazki, arroltze, oilo, oilasko, hitz batez poalleria guzia.

Hogeita bost urte zituen Pierre Duny-Pétré-k hasi zelarik bigarren gerla, jadanik senditu zuela bere bihotzean Espainiako guduka, euskaldunen zorte tristea, bilduak zirelarik Donibane Garaziko gaztelu zaharrean erbestean ziren euskaldun haurrak Lafitte apezari eta orduko Donibaneko alkateari Haranburu jaunari esker. 1940.ean, Somme ibaiaren ondoan Alemanek preso hartu zuten, baina hor agertzen da Pierre Duny-Pétré-ren jeinua, bost aldiz eskapatuko dela, seigarren aldian 1942.an askatzen dela osoki, Marseillara etorriz bere osaba Jean Pétré-ren ondora. Jaun hau da Frantzia Hego Ekialdeko erresistentziaren buru eta berehala jarraikitzen zaio osabari, gerla segituz Alemanen kontra sasigudari gisa.

 

Duny-Pétré P. 1984 profil rap

Pierre Duny-Pétré


1944.ean Frantzia libratzen delarik sartzen da polizian, lehenik DST deritzan adarrean eta gero izendatzen dute komisario departamenduetako hiri nagusietan egiten duela bere lana, azkenik Pauen ukanen duela bere lanpostua. Anartean ezkondu da Jeanne Idieder Iholdi Haranburuko alaba errientsarekin, sema bat Ellande ukanen dutela. Polizia lana eta abertzaletasuna ezkondurik daude Pierre Duny-Pétré-ren baitan. Alde batetik bizitzeko duen ofizioa eta bertze aldetik bihotzean barna sartua zaion sendimendu sakona. Enbata mugimendutik hurbil dago eta astekari horretan idazten du izenorde batzuen pean izan diten Garaziko Manex eta bere gardentasunean Jon Donipétry. Mauleko aberri egunean, 1972.an agertzen da jendeen artean, zenbait egunen buruan erretretara doala. Polizia batek han ikusirik salatzen du eta deitua da Parisera Poliziako nagusi haundiaren aitzinera.

Abertzale izan baino lehen euskaltzale da Pierre Duny-Pétré. Harremanetan sartzen da René Lafon Bordeleko Unibertsitateko euskal katedradunarekin, hasiz etnologiako ikerketak, Basa Jaunari buruz eta gero, ikusirik zer beherekada daukan euskarak Garazin eta Iparraldean, biltzen ditu, haur kantu, eskolako jostetak, erran zaharrak, horiek guziak berak entzunak Alduden han bizi zelarik edo Donibane Garazin, bilduz ere bere familian, bai eta ere bere andrearen familian. Ikus horretarako Gure Herria aldizkaria, Anuario de Eusko Folklore eta, azkenik, Xirula mirula, deitzen den liburu batean agertuko da luzaz egin duen ikerkuntza. Euskaltzain urgazle izendatua izana da 1963.an bereziki bere olerkari emaitzaren

gatik. Olerkaria baitzen Pierre Duny-Pétré, idazten zituen olerkiak agertu direla Gure Herrian, Elgar-en, Herrian, Eusko gogoan.

Maite zuen bereziki balada deritzan frantses erdi aroko olerki mota Guillaume de Machaut edo François Villon-ek erabili zutena. Baladak hiruzpalau estrofa baditu hamar neurtitzekoak, neurtiz bakoitza hamar silabaduna, errimak gurutzatzen direla (a b a b a b a b a b) eta azkenik «igortze» deritzan sei neurtitzeko estrofa errima berekin (b a b a b a b). Berrogeita sei neurtitzetan bukaera berak izanen dira (ia, ez) orain irakurriko dudan Berak erranez tituluarekilako balada:

1

Izanik omen pilotaria,

Erran ta erran ari zen Manez,

Zer den oraiko «Joko Berria»...

Hortan, jabetuz, pilota batez,

Trenkatu nahiz beti kintzia,

Hutsak eginik aldi guziez,

Atxeman zien estakuria:

Eskietan min, edo bestenez

Pilota-plaza zakon ttipia!

Xapelduna zen... berak erranez!

2

Roxali deitu neska gaztia,

Betikotz eder ezin egonez,

Mutzurdina zen bilakatia,

Parisen sehi lehen izanez.

Bana geroztik, zer kondaria

Emaiten zaukun dena gezurrez:

Miss izanikan, egunkaria

Zen estalia haren potretez!

Jinkoak daki nun den egia.

Erregina zen... berak erranez!

3

Kaskoin ergel bat, mihi luzia,

Mintzo zen gerlaz, untsa edanez.

Lehertu zien, hor, etsaia,

Lau gizon hilik ukaldi batez!

Gure Pettiri trufatzailia,

Irrintzinaka hasirik tanpez,

Ikaran zagon kalakaria,

Ahoa nunbait hetsi beharrez,

Beldurrarekin zuri-zuria.

Gerlaria zen... berak erranez!

4

Bere buriaz arras hartia,

Gizon gazte bat, urruntik jinez,

Iduri zaukun zela Printzia,

Mintzatuz zaldiz edo langilez,

Aipatuz etxe ta jauregia.

Ezkonduz geroz, espanturik ez...

Borda batian zien tegia,

Ama gaixoa, langilen ordez,

Asto maingu bat, bere zaldia.

Haberatsa zen... berak erranez!

 

Igortze

Jaun frantximenta, gora Frantzia!

Dena espantu, oihu eginez.

Harrotzen duzu jende guzia.

Paristarrak du sinesten zinez

Mundian dela, Frantses handia,

Lehen-lehena... berak erranez!

                    Piarres Hegitoa.

 

Hautatu dudan baladak erakusten du olerki mota egokia dela iraganaren aipatzeko alde batetik eta jorragailu pollita dela denbora berean. Hori izan da Piarres Hegitoa-k erabili duen gai nagusiena. Iragana bere oroitzapen xoragarriekin «Mais où sont les neiges d’antan !» delakoaren oihartzuna, ezeztatzen ari dela, hautetsiek, agintariek ez dutelarik deus egiten euskararen hiltzaile den bizitzeko manera berriaren kontra, gehienetan haren laguntzaile hurbil ez balinbadira esku mutil bilakatzen. Hori zen Pierre Duny-Pétré-ren kezka, hortakotz salatu ditu bere olerkietan, hobeki ulertua izaiteko idazten zuela Garaziko euskalkian. Laurogeita hamaika urte ez ditu osoki bete. Zendu da martxoaren 24ea, Martxoaren 26an elizkizunetan galdegin zidan familiak irakur nezan Pierre Duny-Pétré-k idatzi zuen olerki bat. Hautatu nuen Harrak eta haritza deitzen dena. Eskaintza da: Gure herri pollita eta gure euskaldungoa xehatzen dituzteneri ene samurgoarekin eta azken bertsuak salatzen du gogorki orduko joka-moldea:

 

Har horiek bezala, gizona da galtzen,

Geroaz ez delarik zinez axolatzen.

Itsutuki lanari balinbada lotzen,

Hautsi, motz eta trenka, makur edo zuzen.

Zirt hunak, zart harat, dena du xehatzen.

Hortarik, azkenian, zer zako gertatzen?

Ontasun ederrenak ditu fundikatzen

Ta Jainkoak emanak debrurat igortzen.

 

Halakoa zen Piarres Hegitoa, euskaltzale eta abertzale suharra. Goian bego.

 

Jean Haritschelhar

 

3-   Bibliografia

 

+ Ahozko euskal literatura Garazin, ipuinak : http://ahozko-euskal-literatura.over-blog.com

+ Piarres Hegitoaren olerkiak: http://piarreshegitoarenolerkiak.over-blog.com

+ Basa jauna ou le Seigneur sauvage dans les légendes basques, Société de Sciences Lettres et Arts de Bayonne, 1960, n° 92, 93 et 94.

+ Xirula mirula, l’enfant basque à travers ses amusements, ses terreurs naïves, ses formulettes récréatives burlesques et superstitieuses, Eusko press éditeur, Bayonne, 1996, 206 p. et Revue Anuario de Eusko folklore n° 34 de 1987 et n° 35 de 1988-1989. http://xirula-mirula-duny-petre.over-blog.fr

+ Quelques Basques dans la tourmente (1939-1945) : http://pierredunypetre.over-blog.com

+ Colonel Pétré-ren bizitza : http://colonel.petre.resistance.marseille.over-blog.com

 

Par Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 1 commentaires
Vendredi 29 janvier 2010 5 29 /01 /Jan /2010 11:18

A

Anitz erran, jeusik eman

«Zazpiak bat» ez izanik,
Behar ginuke Frantzian,
Ardietsi gobernutik
«Hiruak bat» herri huntan,
Eskualdunak bakarrik
Departamendu batian,
Biziko gira goxorik
Gure ohidurekilan...
Paristarrak, urrunetik
Irri batekin hortzetan,
Guretzat, elheak hutsik:
Anitz erran, jeusik eman!...

«Hiruak bat» ez izanik,
Zer egin kaskoinekilan?
Nahi ginuke ahatik,
Gure eskola guzitan,
Mintzaira ikas ttipitik.
Hori dugu, oraikoan,
Zoko-moko orotarik
Galdegiten debaldetan...
Frantximentak, untsa janik,
Bere aferez kakakan,
Guri kasu ez eginik:

Anitz erran, jeusik eman!..

Eskuara ez izanik
Gure ikastegietan,
Eskualdun bat, nunbaitik,
Mintzo dea radioan?
Ba, bainan Espainiatik
Ari zauku solasian...
Segur ez da ahalgerik
Frantziako gobernian!
Emankizun bat, goizetik,
Uzten dauku... uztailian.
Espantiak, ez baimenik:
Anitz erran, jeusik eman!...

Igortze
Badea azkatasunik
Ohono gure herrian?
Munduan etzen Frantsesik
Eskualdunak Gernikan
Lehen biltzen zirelarik!
Bai eta joko tzarrian
Oraiko Jaunak, engoitik,
Debru zaharra mihian,
Badaube bide beretik:
Anitz erran, jeusik eman!..

1964-3-30

Herria, 1964, 718. zk.

 

Aipatiak ez diren sasi-gudarieri

 

«Ils sont morts, ils sont tous tombés dans la montagne,

Tous, sur le dos couchés, en braves devant Dieu,

Et si leurs yeux s’ouvraient, ils verraient le ciel bleu.»

Victor Hugo, Hernani.

 

Alemanekin ados ez baitzen,

Gerlan sarturik hogoi urtetan,

Kartsuki joka gauaz ari zen.

Gurekin zagon mendi leizetan.

Soldado berdek kolpatu zuten,

Tiroka hasiz ilun beltzian.

Gizagaizoa, leherrin zien,

Oihu bat gabe, malda gainian.

Haren izenaz nor da orhoitzen?

Etzen izarrik horren besotan...

 

Bilakatu zen aintzindaria,

Izanik trebe sasi-guduan.

Oroz gainetik, zoin perestia

Ageri zaukun zorigaitzetan.

Maite ginien haren irria,

Eta bihotza zien eskian.

Batzutan, utziz bere ogia,

Gosetieri beharrez eman,

Jan gabe zoan egun guzia:

Etzen izarrik horren besotan...

 

Tiro zapartak bazirelarik,

Bai eta zonbait lagun ikaran,

Ezin jalgituz gudu tokitik,

Zer ikusten zen, ordu berian?

Gure nausia, sispa harturik,

Irri batekin, bera borrokan,

Eta gu, gero, haren ondotik...

Ezti-eztia, bonben erdian,

Manatzen zien, egonez xutik:

Etzen izarrik horren besotan...

 

Aintzindaria zauku suntsitu,

Ixilik hil da, sasu batian,

Nehork etzauku behin salatu

Nuntik heldu zen, norat zabilan...

Zer gerta ere, dugu landatu

Kurutze txar bat hobi lurrian.

Jinko handia! Otoi sarrazu

Arima hori zure zerian,

Zeren, debrurik ez balinbadu,

Etzen izarrik horren besotan...

 

Igortze

Printze bat zira, Jaun Marexala,

Bada langile zure menian!..

Guriak, lehen, etziren hola,

Karlixten gudu harrigarrian.

Hik, «Tio Tomas», egin duk gerla (1)

Xapel-Gorrien leku gaixtoan.

Hantxet hila hiz, bestek bezala:

Etzen izarrik hire besotan!..

 

Marseillean, 1944 eko uztailian.

(1)                 «Tio Tomas»: Tomas Zumalakarregi Jeneralaren izen-goitia.

 

 

Aita Mugika jakintsunari

Agur, Aita Mugika, jakintsun handia!
Orai atheratu da zure hitztegia,
Denentzat Ian ederra, ta miresgarria,
Eskuararen alde, zer laguntzailia!
Izan dadin Jinkoa bethi goratia.

Zuk, erlia bezala, eginik eztia,
Nun-nahitikan duzu bildu mintzairia,
Xede neketsu bati kartsuki lotia,
Iduriz Loiolako Iñaki Saindia.
Azpeitiak du berriz emaiten argia!..

Irakurle maitia, ez egon ixilik!
Xuberotar bat edo Manex bat izanik,
Liburu berri hori lauda zak gogotik,
Zeren frogatzen baitu, deneri, geroztik,
Euskaldunen artian ez dela mugarik.
 
Aizinarik gabe...

Euskal idazlen biltzarrerik ezin etorriz...

Beti lantsu zorigaitzez,
Urte batetik besterat,
Egun herrestan izanez,
Bihar harat edo hunat,
Zernahi egin beharrez
Atxemaiteko oren bat,
Geldirik ezin egonez,
Nola banoa debrurat!..

Otoi, Jaun adixkideak,
Ez odol gaixterik egin!
Urruntik, gure oihuak
Entzuten baitira berdin,
Gora euskal idazleak!
Zeren, izan gabe sorgin,
Biltzen ahal gira denak,
Bederen bihotzarekin!

Pabetik 1979 eko otsailaren 5 ean.

Ama maitia

 

Eliza xuri batian,

Kantuz ari da jendia,

Zure ohoratzekotan,

Andera-Dena-Maria.

Nola, maiatz ederrian,

Histen duzu iruzkia,

Distiranta izanikan

Eta denentzat saindia?

Zu baizira, bihotzetan,

Jesusen ama maitia!

 

Buba, buba !.. Ohakoan,

Hauxeda ñiñi ttipia!

Emazte batek, ondoan,

Emaiten dako kantia,

Edo hartzen du besotan

Bere ume gosetia,

Bularretik edan dezan

Esne bero ta eztia.

Nor da  hor, beti barrandan?

Haurraren ama maitia!

 

Goizik, sukalde lanetan,

Andereño bat ernia

Ari da, bera karraskan,

Prestaturik askaria,

Irriz edo nigarretan,

Harat, hunat, haurreria,

Heldu zako zango petan!..

Hor zira, asaldatia,

Oilo bat, xiten erdian,

Etxeko ama maitia!

 

Girixtinoki elizan,

Laudatzen du igandia,

Bai eta ere kalakan,

Egiten du merkatia,

Ari baita berriketan

Gure etxekanderia!..

Hemengo bazter orotan,

Euskara erabiltzia

Ohi duzu, denekilan,

Euskaldun, ama maitia!

 

Igortze

Jaunari esker, agian,

Luzaz eder ta garbia,

Egonen zira etxian

Pare gabeko lilia,

Izanik, gure gogoan,

Betikotz: ama maitia!

 

Donibane Garazin 1964-5-17

Herria, 1964, 723. zk.

 

Amaren besta baita

«Arri, arri mandoko»... bezala erraiteko.

Amaren besta baita...
Utzirikan josteta,
Panpin edo pilota,
Goazen liliketa.
Izanen da buketa
Ahal bezain pollita,
Horrekilan zut-zuta,
Emanen dugu potta,
Amaren besta baita...

 

1960-5-28

 

Apez eskualduneri

 

Gure apez euskalzaleen jazarleak, debriak ereman ditzula !

 

Garaziko herrian, apez bat ginuen,

Girixtino kartsua, ta gogo zorrotza,

Euskaltzale, idazle, jakintsun ta zuzen,

Jende xumen alderat emanez bihotza.

Etzitien handiak aski perekatzen,

Beraz haizatu dute... Hau da makur gaitza!

Holako tzarkeria, nik ez dut barkatzen:

Ohore ta goresmen, zuri, Jaun apeza.

 

Eskualdun haurretan, Gizona da hazten,

Gizon hoberenetan, agertzen apeza.

Hau ez du, mundu huntan, biziak lotsatzen,

Gogotik hartu baitu bide bat bortitza.

Jende hitsen artean da berdin ibiltzen,

Hemen ele goxo bat, edo hor laguntza,

Frangotan urdeari bixkotxak ekartzen!..

Ohore ta goresmen, zuri, Jaun apeza.

 

Mugaren bestaldetik, nork ez du aditzen

Abertzale gaixoan azken oihu latza?

Joka presundegian dituzte botatzen.

Nuntik agertuko da Jainkoaren botza?

Gure Apezak oro, han, beharra baitzen,

Zuzenaren alderat eman dute hitza.

Artzain onak ez dira otso bilakatzen!..

Ohore ta goresmen, zuri, Jaun apeza.

 

Igortze

Printzea, espantuan, elizan da sartzen.

Jaun horrentzat bakarrik ote dea meza?

Haren bidetik denak umilki baztertzen...

Oihu egin nezake hor izan banintza:

Gure Jesus maitea lastoan sortu zen!..

Ohore ta goresmen, zuri, Jaun apeza.

 

1969-8-18

Herria 1969, 994. zk. 

 

Ardiak

Zer xira xu Manez: ardia ala gizona?


«Mee, mee, mee...
«Ardi kaka mehe!

Artaldia, tarrapatan,
Badabila bidexketan.
Jaun artzaina gihilian,
Zanpa-zanpa bizkarrian,
Ostikoka ipurdian!
Xakurño bat, hasarrian,
Ehausika zango petan,
Ausikika ixterretan!
Ardi tuntulak lasterkan,
Bixta labur begietan,
Gauza guti gogoetan,
Jeusik gabe buruetan,
Ta marrakaz debaldetan...
Hola ditake, frangotan,
Gure mendien eletan.

«Mee, mee, mee...
«Ardi kaka mehe!

Mendian nintzan gau batez,
Errepika hau intzunez,
Loa ezin atxemanez,
Bertsu horiek emanez.
Mundu huntan, ene ustez,
Ardiak gira, segurrez,
Jaunen nahiak jasanez,

Sekulakotz BA erranez,
Ukurtuz edo ahuspez,
Zutik egoiteko partez,
Ikaran, beti beldurrez,
Mainguak, zangotik minez,
Geroari so nigarrez,
Intzirika... eta jeusez.
Zer ari gira bestenez?

«Mee, mee, mee...
«Ardi kaka mehe!

Jeiki giten bada hortik,
Gure mendien gainetik,
Ardikeriak utzirik,
Paristarreri erranik:
Errak to! Eta zerduk hik?..
Ezpada zuzentasunik,
Guk ez diagu beharrik
Hi bazalako nausirik.
Hemen, Euskadin izanik,
Aberria maitaturik,
Mintza litake, geroztik
Euskararekin bakarrik!
Zakutik ede zorrotik,
Burutuk edo besotik,
Gizonak gituk nunbaitik!..

Donibane Garazin, 1973-4-22

Euskaldunak, 1975, 13. zk.

 

Arin-arin berri bat

 

Goberniek badakite

Triku trakun egiten.

Herria bipiltzen dute

Gizentzeko Parisen !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Goberniak emaiten du

Langileri saria.

Zergarekin ebasten du

Sari horren erdia !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Auzoan balinbadugu

Petrola, gaza, ura,

Ontasun nork biltzen du ?

Paristarrak segura !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Goberniak hetsi dauku

Herriko lantegia.

Eskualdunak aski du

Parisen bizitzia !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Utziko dugu geroztik

Etxia kaskoineri,

Bilakatzeko gogotik

Jaun Paristarren sehi !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Jaunek ez baitute maite

Eskuara gaixoa,

Udan naski hilen dute

Eskual radioa !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Artetik, denak samurtuz,

Ari gira mokoka,

Arrotzen dako bozkatuz…

Biba errepublika !

 

Arrotzen urdekeria

Izan bedi laudatia !

 

Oi haurrak ! Lehen bai lehen,

Arrangurak utzirik,

Sekulakotz izan gaiten

Eskualdunak baizik !

 

Arrotzen urdekeria

Izanen da lehertia!

 

Herria, 1967, 883. zk.

 

Arri, arri mandoko!

Erna, erna, gazteño!
Bihar goizik jeikiko
Lantegi bat egingo,
Herrian egoiteko,
Hobeki bizitzeko,
Sosak anitz bilduko,
Ba, bainan noren dako?
Zerga-biltzalen dako!..
Eta gero fitexko,
Jaun Paristarren dako!..

Zer othe da: maquereau?

 

Enbata, 1968, 85. zk.



 

Arrotzen artean

 

Euskaldun batek badaki

Ttipitik Ianian artzen,

Hitz eman eta norbaiti,

Sekulakotz atxikitzen.

Jakinik giriztinoki

Ongi eta gaizki zer den,

Ez du, esker Jinkoari,

Ibiliz han edo hemen,

Buruzagi arrotzeri

Ipurdia milikatzen!..

 

Sor lekia nien utzi,

Herrian lanik ezpaitzen.

Gerlan ibiliz ederki,

Petzero nintzan egoiten!

Bizi delarik zuzenki,

Es da laster aberasten.

Kopeta gogor, gizonki,

Nik ez dut, han edo hemen,

Paristar Jaun Handieri

Ipurdia milikatzen!..

 

Batasun huntan sar hadi,

Lagunek erten zautaten,

Hor ukanen duk zernahi!

Lohia badute jaten,

Beren osagarriari!

Ez niz hola ni gizentzen.

Beti nahiz egon garbi,

Nik ez dut, han edo hemen,

Gizon erosle jenderi

Ipurdia milikatzen!..

 

Gernikako arbolari

Bihotzez ari niz lotzen,

Eta seme ttipiari

Euskara dut erakasten.

Gure ohidurak, naski,

Dira pollit eta xuxen.

Nor gira gu, ta nor niz ni?

Ez dute, han, edo hemen,

Nafartarrek nornahiri

Ipurdia milikatzen!..

 

Igortze

Ai-ei-ai, mutillak xuti!

Etxekoek egon diten

Herrian beti nagusi.

Ez dakigu, guk bederen,

Gobernu tzar etsaieri

Ipurdia milikatzen!..

 

1972-ko jorrailaren, 28-an

Pays, 1977, 16. zbk.

 

Arrotzen zakurkeria

 

Airea: «Buhamiek badakite...»

 

Goberniek badakite

Trikun-trakun egiten,

Herria bipiltzen dute

Gizentzeko Parisen!..

 

Leloa: Arrotzen zakurkeria

            Izan bedi laudatia!

 

Goberaiak finkatzen du

Lan zonbaiten saria :

Zergekilan ebasten du

Sari horren erdia!..

 

Goberniak nekatzen du

Herriko lantegia :

Baserritarrak aski du

Parisen bizitzia!..

 

Utziko dugu geroztik

Etxia turizteri,

Bilakatzeko gogotik

Jaun Paristarren sehi!..

 

Arrotzek egin daukute

Golf-zelai bat berria:

Euskaldunek aski dute

Belarraran moztia!..

 

Parisen ez dute maite

Euskararen ospoa.

Lehertu nahi lukete

Ikastola gaixoa!..

 

Bainan gu beti samurtuz,

Ari gira mokoka,

Etsaien alde bozkatuz,

Biba errepublika!..

 

1988-6-1

 

Aztaparrekin

Euskal Herrian egoiten direneri,

Zernahi gertaturik ere.

Oi, Manex laboraria!
Nola lanak dituk egin,
Galdurik hire sehia?
Geroztik ez duk atsegin:
Lurretan aste guzia,
Edo, bilakatuz hargin,
Berritzen duk barrukia!..
Hortzetan irri bat ekin
Da sortzen errepostia:
Lotzen niz aztaparrekin,
Jinkoa laguntzailia!..

Maitatuz hire mendia,
Izanik artzaina, Pattin,
Nola biltzen duk esnia,
Bakarrik kotxiarekin?
Eri zelarik ardia,
Sorgin, lamin, edo tortin,
Hiaurek duk sendatia!..
Ez baita burutik arin,
Pattinek, ezti-eztia:
Lotzen niz aztaparrekin,
Jinkoa laguntzailia!..

Piarres arrantzaria,
Galerna sortziarekin,
Binbilikatuz untzia,
Arraina hartzen duk berdin.
Gaixto delarik leria,
Nola duk, behin-ezbehin,
Tiratzen sare bustia?
Zalantzen gibelez-aintzin,
Mintzo da itsasturia:
Lotzen niz aztaparrekin,
Jinkoa laguntzailia!..

Igortze
Baduka bihotzian min,
Euskaldun abertzalia,
Arrotzek baitute Orhin
Hiltzen etxeko xoria?
Ez baduk nahi leherrin,
Begirazak mintzairia,
Hiaurek, aztaparrekin,
Jinkoa laguntzailia!..

 

1967-1-15

Herria, 1967. 861. zbk.

Par Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Vendredi 29 janvier 2010 5 29 /01 /Jan /2010 11:18

B

Basanderiaren kantia

Ur xuria,
Ithurria,
Edaria,
Ixuria...

Iruzkian busti-bustia,
Ilargian urreria!

Ur garbia,
Mirailia,
Gazteria
Emailia...

Iruzkian busti-bustia,

Ilargian urreria!

Ur jauzia,
Anderia,
Kantaria,
Zer xoria!

Iruzkian busti-bustia,
Ilargian urreria!

1959-8-15

 

Berak erranez

 

Izanik omen pilotaria,

Erran ta erran ari zen Manez,

Zer den oraiko Joko-berria...

Hortan, jabetuz pilota batez,

Trenkatu nahiz bethi kintzia,

Hutsak eginik aldi guziez,

Atxeman zien estakuria:

Eskietan min, edo bestenez

Pilota-plaza zakon ttipia!

Xapelduna zen... berak erranez!

 

Roxali deitu neska gaztia,

Betikotz eder ezin egonez,

Mutxurdina zen bilakatia,

Parisen sehi lehen izanez.

Bana geroztik, zer kondaria

Emaiten zaukun, dena gezurrez:

Miss izanikan, egunkaria

Zen estalia haren potretez!

Jinkoak daki nun den egia.

Erregina zen... berak erranez!

 

Kaskoin ergel bat, mihi luzia,

Mintzo zen gerlaz, ontsa edanez.

Lehertu zien, hor, etsaia,

Lau gizon hilik ukaldi batez!..

Gure Pettiri trufatzailia,

Irrintzinaka hasirik tanpez,

Ikaran zagon kalakaria,

Ahoa nunbait hetsi beharrez,

Beldurrarekin zuri-zuria.

Gerlaria zen... berak erranez!

 

Bere buriaz arras hartia,

Gizon gazte bat, urruntik jinez,

Iduri zaukun zela Printzia,

Mintzatuz zaldiz edo langilez,

Aipatuz etxe ta jauregia.

Ezkonduz geroz, espanturik ez...

Borda batian zien tegia,

Ama gaixoa, langilen ordez,

Asto maingu bat, bere zaldia.

Haberatsa zen... berak erranez!

 

Igortze

Jaun Frantximenta, gora Frantzia!

Dena espartu, oihu eginez,

Harrotzen duzu herri guzia.

Paristarrak du sinesten zinez,

Mundian dela Frantses handia,

Lehen-lehena... berak erranez!

 

1963-10-17

Herria, 1963, 690. zk.

 

 

Par Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Vendredi 29 janvier 2010 5 29 /01 /Jan /2010 11:13

D-G

Domingo Agirreri

Agur, Ondarroako itsaso bazterra!
Ehun urthez uhinak jotzen du leihorra,
Hango «Goiko-kalean» sortu zen mundura
Domingo de Agirre, Euskalzain suharra,
Idazle, olerkari: hau aphez zuhurra!

Aphez saindu bat eta mariñel semia,
Laudatzen du Jinkoa maitatuz herria.
Hedatu behar dugu bere khar handia.
Bizi dadin bethikotz euskara garbia.
Beraz, gora Euzkadi eta Bizkaia!

Zubikarai Jaunari, eskaitzen dakot nik,
Eskerrak, goraintziak, bainan urrunetik...
Zeren, Ondarroako berriak ukanik,
Kaskoin-herri tzar huntan, Périgueux-n izanik,
Iduri zaut nizala urbildu etxetik !...

Périgueux-tik, 1964-6-14

Boga Boga, 1964, uztaila abuztua 15.

 

Don Jose Estornes-Lasa Jaunari

Erronkariko uskara,
Mendian zagon ixilik...
Oi, jakintsun Nafartarra,
Ez duk, axola gaberik,
Gayarren mintzai ederra
Utziko leizetan hilik!
Gaizo uskara zaharra,
Berriz ibil hadi xutik,
Ta jalgi hadi mundura!
Oiarzunak, bortietik,
Izabatik Iruñara,
Bazterrak iratzarturik,
Estornes Lasari: Gora!...
Biziko baita, geroztik,
Erronkariko uskara.

1979ko martxoaren 20an.

 

Ene lehengo laguneri

 

Aspaldiko haur-lagunak,

Muttiko ta nekattoak,

Nafarroko herrikoak,

Zorigaitzez zahartiak,

Bai eta batzutan hilak,
Agur deneri, gaixoak !

 

Euskara karrikan baitzen,

Nun-nahitik erabiltzen,

Ikasi dugu mintzatzen,

Jostatzen eta samurtzen...

Bana laster irria zen

Haurren artian

Nausitzen !

 

Goxoa zen sukaldia,

Hauta, talo ta esnia,

Menditik urbil etxia,

Eliza, liliz betia,

Pilota-plaza, handia,

Eta ni, ttipi-ttipia!..

 

Oroitzapen horiekin,

Ene bihotzian dut min,

Bana zoin ezti den, behin,

Intzutia «Martin-Tortin»,

Ta«Harla-Marla-Kin-koan-Kin»,

Ametsetan ere berdin!

 

Anuario de la sociedad de Eusko-Folklore, 1987, 84.


Eskual radioari

Uztaila heldu denian,
Agertzen dira goizian,
Eskualdunak radioan.
Aurten girea baruran,
Eskuara ez ukanikan
Bi egun baizik astian?

Bainan aldiz, zorionez,
Paristar bat, ene ustez,
Eskualtzen ari da zinez,
Iixilik ezin egonez,
Mintzaturik ere nekez,
Gurekin izan beharrez!...

Mundu guziak jakinik,
Itsaso bazterretarik
Mendiraino, nun-nahitik,
Bixtan da, aspaldi danik,
Ez dela Eskual Herririk
Eskual mintzaire gaberik.

Radiolari maitiak,
Izanik ere arrotzak,
Segi zuen lan ederrak!
Nahiz oraino ttipiak,
Bilaka diten handiak
Emankizun eskualdunak!...

 

1966-7-14

Herria, 1966, 835. zk.

 

Eskualdun radioari

Oi! Eskuara maitia,
Betzik aditzen zitugu,
Airez-aire igorria,
Eta Baionatik heldu...
— Radio miresgarria,
Eskuara mintza zazu!..

Orai, urrun izaitia
Naski berdin balio du:
Utzirik ere herria
Bi beharrietan dugu!
— Radio miresgarria,
Eskuara igorrazu!..

Nun zira, bertsularia?
Kebla berri bat emazu,
Zeren etxeko irria
Nun-nahi intzunen dugu...
— Radio miresgarria,
Eskuara kanta zazu!..

Baionan, kide ernia!..
Eskerrak merexi ditu.
Emak hor! adixkidia,
Eta programe-ri kasu...
— Radio miresgarria,
Eukuara maita zazu!..

Igortze
Gora Eskual Herria!
Radio bat sortu zauku,
Ahula, bana garbia...
Araiz azkartuke dugu,
— Radio miresgarria,
Eskuara heda zazu!..
 
Herria, 1961, 582. zk.

Eskual Herriko makurrak

Basa-jaun edo sorginak
Mendiko leize beltzetan;
Ohoin edo tratulantak
Iruñeko ferietan;
Alfer edo edaliak
Goizetik ostatietan;
Emazteño nahasiak
Auzoarekin kalakan...
Lehen ziren hor, debriak,
Zoko-moko guzietan!...

Iphar haize edo hormak
Mertxika lili denian;
Gaitz aro edo galernak
Idortiarekin udan;
Eritasun edo minak
Artzen delarik lanian;
Beltzuri edo nigarrak
Jende gaixoen etxetan...
Hetarik bai zer asiak
Zoko-moko guzietan!...

Arrotzen harginkeriak
Zut-zuta gure pentzetan;
Eta leku pollitenak
Bethikotz itsusturikan;
Kaskoin edo Paristarrak
Etxe berri horietan;
Erdaraz mintzo direnak
Eskuara utzirikan...
Zer izigarrikeriak
Zoko-moko guzietan!...

Gure muthiko gaztiak
Lanik gabe herrietan;
Laborarien semiak
Ehunka Ameriketan;
Pariseko goberniak
Espantuka debaldetan;
Hemengo abertzaliak
Zazpiak bat ezin ukan...
Hortan gira, gaizo tresnak,
Zoko-moko guzietan!...

Igortze
Othoi, ene herritarrak,
Makur horien erdian,
Segi Jaunaren legeak!
Bana, gure biltzarretan,
Berri ditzagun xedeak
Atxikitzeko gogoan
Euskadiko ohidurak
Zoko-moko guzietan!...

 

1965-6-10

Herria 1965, 776. zk.

Etxe xaharra

Etxe zaharra, gure herrian,
Xuri-xuria, pentzen erdian,
Leiho gorriak hego aldian,
Miru-buztana haize beltzian,
Iduri zauku,  arratsaldian,
Atso gaixo bat lo iruzkian!…

Harri batian, borta gainetik,
Deiturak ditu zizelaturik.
lzar, kurutze, lilien petik,
Irakurtzen da, lau mendez danik,
Bere lekian dagola xutik,
Nola sortu zen, ta zoin eskutik?

Ofiziale, mutil, sehia,
Herrikoa zen kide guzia:
Eñaut hargina, buruzagia,
Erramun, harri-pikatzalia,
Bai eta Pettan, mahaxturia...
Zer langiliak, Jinko maitia!

Mintza baladi behin etxola,
Erran lezake azkarra dela,
Aro gaixtoa berdin zakola,
Bana laguntza behar lukela,
Ez gelditzeko, borda bezala,
Jende gaberik, eta su-hila.

Erran lezake, nola, geroztik,
Seme gazte bat joan zen hortik,
Indietarat, denak utzirik,
Jinen ote da haberasturik?..
Etxe gaixoan, iduriz  hutsik,
Etziren egon zaharrak bezik.

Hango semia, urruntik jinez,
Etxe huts hartan, iluntze batez,
Ixil-ixila sartu zen brixtez,
Zoko guziak beltze atxemanez,
Hil-herritarat laster eginez,
Otoitzian zen egon nigarrez...

Urte berian, han zen ezkondu,
Andriarekin untsa laketu,
Langilekilan lanari lotu,
Etxe xaharra dena berritu,
Bana lehengo gauzak apaindu:
Zein euskaldunki zuten artatu!

Etxian eder harri alkiak,
Teilatu zabal, murru handiak,
Borta gainean, itze lodiak...
Oraiko kaskoin tegi berriak,
Haren ondoan ttipi-ttipiak,
Zer ote dira? Oilotegiak!

Ukanik ere maina-tokia,
Utzi dakote pegartegia!
Berotzeko du tresna guzia,
Bainan halere supazterria!
Beraz zer etxe maitagarria,
Edertzen baitu Euskal Herria!

Jende horiek, behar lukete
Bizi goxoki, ta anitz urte,
Zeren bihotzez maite baitute
Aiten etxia, zinez nik uste.
Hilen nahia segi dezate:
Lur petik ere manatzen dute!..

 

Donibane Garazi, 1965-4-18

Herria, 1969, 987. zk.

 

Etxian nor da nagusi ?

Euzkadiko anaia,
Frantziarat hiz ihesi,
Xekatuz libertatia,
Ta hemen laketzen hasi.
Paristar tzar bat, legia
Itzulirik ta nahasi,
Duk hire kasatzailia!
Etxian nor dan nagusi?..

Espainiako egia
Beharko dea sinetsi?
Franco-ren erabakia,
Izanikan no edo si,
Horren manamendia
Frantzian dute onetsi.
Zer desohoragarria!
Etxian nor da nagusi?..

Aspaldi, jende maitia,
Gernikan duzu ikasi
Goratzen Euskal Herria,
Eta geroztik ikusi
Madrilen presundegia.
Noren dako da itsusi
Herriaren maitatzia?
Etxian nor da nagusi?..

Intzunik Euzko deia,
Gure ganat zira jeutsi,
Oi Aphezpiku saindia!
Zuk ez duzu borta hetsi,
Gure Zenator handia!
Saratik duk ihardetsi,
Auzaphez adixkidia:
Etxian nor da nagusi?..

Igortze
Euzkadiko gobernia
Nehork ez baitu erosi,
Gure bandera garbia
Behar dugu inharrosi,
Jakin dezaten, debria,
Etxian nor den nagusi!..

1962-30-10

Enbata, 1962-12, 20. zk.

 

Europako emaztiak

           
Miseris succurrere disco...
                 Virgile, Eneide, I. 630.

1939-1940
Ipar herrialdetan, gerla dugu galtzen.
Guduen ondotikan, preso zorigaitzez,
Artalde bat bezala, itsuki goazen,
Etsaia sakur gisa, jan gabe ta oinez.

Ehunka, lerro-lerro, arrunt leherrinak,
Laster joaiten gira Belgikari buruz,
Gogoa ilun eta begiak zorrotzak,
Gure gose gaixtoa ezin errexituz.

Burraso, haur, emazte, bide bazterretan,
Zerbait egin beharrez presonaren alde,
Beren baskari txarra nahi zuten eman,
Bana Fritz horiekin, dena zen debalde.

Bethuneko hiria agertu zelarik,
Gu, mutur zikinak eta beti preso,
Bazen andereño bat, karrika hegitik,
Ogi bat askietan, eni so eta so...

Jauzika, neskatoa da gure lerrotan,
Irriz ta esku batez sispak basterturik,
Bere ogiarekin, pott bat eman zautan,
Alemanek zanpaka, ken zadin bidetik.

Ihesiz lekutu zen, orkatza bezala,
Goraturik besoa azken agurrian,
Nigarra begietan, erran nakon hola:
Hik badun, gaixo neska, zerbait bihotzian!

 

1940 - 1944
Gerla debru hortarik, orroitzapen anitz,
Ametsetan bezala gogorat jalitzen...
Izigarrikeriak nunbait izan balitz,
Emazte gisako bat, laguntzaile hor zen.

Flandreseko alaba, lanaren artetik,
Zure beso azkarrek ekartzen zituzten
Ogi ta esne-zopa, etsaien ixilik,
Preso ziren gisonak zerbait jan zezaten.

Neskato Alemana, Colognen sehia,
Agian bonben pian etzira suntsitu!
Ifernian zen Peter, zure etsaia:
Urrikalgarri baitzen, zuk duzu maitatu.

Wallon herri batian, zuk laborarisa,
Gauaz nindoalarik, lotuz ihesari,
Erran datazu hola: Frantses baliosa,
Alemanak hor dira, enekilan zauri!

Alpeseko artzaintsari, agur gudariek!
Maquis’etan ibilis, mendi zokoetan,
Haren gezurren gatik, S. S. hiltzaliek
Bidia galdu zuten... biziarekilan.

Zer bilakatu zizte, orai anderiak?
Mutiko hun batekin agian ezkondu?
Ohorezko xingolez etziste josiak,
Bana Jinko maitiak araiz ikusten du!

 

Gure Herria, 36, 1964, 6. zk.

 

Euskal oilotegia

Diela zonbait urte, etxalde batian,
Gertatu ziren bozkak, oiloen artian.
Oilarra galdu zuten, naski sukaldian,
Ehorzketak izanik hango dupinian...
Buruzagi berri bat behar zen ordian
Izendatu zuhurki, guzien onetan.

Etorri zazkotan ba, oilar Euskaldunak:
Hau, kukurrusta gorri, ta zer aztaparrak!
Hura, kantu pollita, zaflatuz hegalak,

Edo beste horiek, xutituz buztanak...
Bena beti bezale, debriak hartiak,
Mokoka hasi ziren artetik oiloak!

Oilo koloka batek, ipurdikik gizen,
Erran eta zernahi, oihuka hasi zen:
Oilaxko ergel hori, dinat ezagutzen,
Zergatik ari zauku espantuka hantzen?
Ene arroltzetikan, araiz zortu baitzen,
Beraz denek dakite nuntik agertu zen!..

Nahasi tzar ederra, kalakan gorarik,
Oilanda batek zion, ohantzian xutik:
Oilar Nafartar hura, ez dinat maite nik,
Tuntulo dun eta, luzegi lepotik.
Pariseko manerak ez ontsa jakinik,
Ene ustez jiten dun baserri batetik!

Axeri beilari bat, sasutik agertuz,
Hea, zer debru zuten barne hortan kantuz,
Oiloak oro kankaz, xitak aldiz huxtuz,
Azantz izigarrian basterrak harrotuz,
Urbildu zen emeki, tokiari buruz,
Hango Biltzar nausia leioitik agurtuz.

Ixildu zirelarik oiloak bet-betan,
Axeria hasi zen bera solasetan,
Erdaraz, erran-merran, dena gezurretan,
Generala zen omen, Kaskoin herrietan,
Eta hau, eta hura, ele-mele hortan,
Oile guziak bilduz aments ederretan...

Hiztun handi horrekin ziren ateratu,
Haren ixtorioak nahiz ezagutu,
Oinez edo hegalez, ihesari lotu,
Denak utzirik eta, etxetik baztertu,
Gero, uste gabian, oihanetan sartu,
Azkenian, gaixoak, sekulakotz galdu!

Hau da gertakari bat arras Euskalduna:
Elgar ezin adituz, nihun ezin mana,
Bekaizkeriarekin haizatzen laguna,
Bozketan beti nausi Paristarren Jauna!..
Noiz ote sortuko da Euskal Batasuna,
Gernikako haitzaren zazpi adarrena?

 

Gure Herria 48, 1976, 2. zk.

 

Euskadiko oiharzunak

Euzkadiko oiharzunak
Askotan ditut aditzen.
Hango jenden garrasiak
Ene ganat dira heltzen.

Francoren poliza basak
Gorputzak ditu xehatzen,
Euskuldunen gogoetak
Ez baitira estekatzen!

Gudarien odoletik,
Oi, Askatasun maitia!
Pizten zira azkarturik...

Leher zazu etsaia,
Oihu hori hedaturik:
Gora Eskual Herria!

1965-2-5

Herria, 1969, 993. zk.

 

Francoren eritasunaz

Errak to, lagun gaztia,

Berria entzun duka to?

Zer da berri, Gudaria?  
Aditu diat, alaintso,

Gure General urdia,

Zaharra bezan tuntulo,  
Sobera janez eria,

Hiltzer dela Musde Franco...
Ederki koño!

Afrikan zien bildia

Armada bat arrunt Moro,
Girixtinoki, debria,
Gure jenden zanpatzeko...
Hitlerekin zen josia

Gernika fundikatzeko!
Hots, balinbada egia

Hiltzer dela Musde Franco,
Ederki koño!

Hilen dea hiltzalia,
Ifernurat joaiteko?
Euskadiko gazteria
Ez da geldirik egongo
Askatu gabe herria.
Odolatik da piztuko
Zorionaren argia
Hiltzer baita Musde Franco...
Ederki koño!

Herriko presundegia
Azkenian da hustuko
Arin, arin, dantzaria,
Zangoak altxa goraño!..
Oi gure Jinko maitia,
Otoi duzu barkatuko

Jenden oihu itsusia,

Hiltzer baita Musde Franco:
Ederki koño!

Igortze
Ai-ei-ai, mutil ernia!
Karlixtek ere oraino,
Jauntzirik xapel gorria,
Zer debru dute errango
Adituz geroz berria
Hiltler dela Muede Franco?
Ederki koño!

 
Holako bertsu zonbaitekin, hea toberak eginen dutenez Euskal  Herriko plaza guzietan?

 

Enbata, 1975-10-30
 

Garaziko herria

1963-ko Eskualtzaleen Biltzarrari.

1
Lau mendez Beherobiak
Higatu du harria.
Detchepare Jaun Aphezak,
Nafarroan sortia,
Egin zitien bertsuak,
Ta hetaz liburia.

Eihalarren, oiharzunak

Jotzen du beharria:
«O, Heuscara, lauda ezac
Garacico herria ! »
(1)

2
Agur, Zabalzeko landak,
Arradoiko mendia,

Iratiko phago gaitzak.

Harpeko ur-jauzia...

Agur, Artheko leiziak.

Urkuluko dorria,

Errozateko etxolak,

Donaikiko  bidia...

Kanta bethi, koblakariak,
Garaziko herria!

3
Garazin, zer bihotzdunak
Eta jende saindia!
San-Frantses Jatsuarrak
Hedatzen du fedia;

Juan Huarte jakintsunak,
Argitzen Espainia;

Charles Floquet Presidentak
Gobernatzen Frantzia...
Emazkik gizon handiak,
Garaziko herria!

4
Beirazkitu ohidurak,
Donibane maitia,
Xure jantzari zaliak,
Bai eta mintzairia.

Zainzkitxu harri zaharrak:
Erromano zubia,
Gudu toki, gazteliak,

Etxeko hil-hobia...

Emazkitxu langiliak,
Garaziko herria!

Igortze
Gora Eskualtzaliak,
Eskual ohoria!
Hor duzie, Garaztarrak,

Zuen ikurburia:
«O, Heuscara, lauda ezac
Garazico herria!»


(1) «O heuscara, lauda ezac garacico herria,
«Ceren hantic uqhen baituc beharduyan thornuya.
Lehenago hi baitinçan lengoagetan azquena,
Oray aldiz içanen iz orotaco lehena.»
Linguae Vacconum Primatiae, per Daminum Bernardum Detchepare.  
Rectoren Sancti Michaelis Veteris, Bourdeaulx, 1545.

 

Herria, 1963-8-28


Garaziko herriari

Joanes Barbier zenaren oroitzapanetan

Lau mendez Beherrobiak
Higatu du harria.
Dechepare Jaun Apezak,
Nafarroan sortia,
Egin zitien bertsuak,
Ta hetaz liburia,
Eihalarren oiharzunak
Jotzen du beharria:
«Oi Heuscara, lauda ezac
Garacico herria!»

Agur, gure baserriak,

Donibane hiria,
Iratiko pago gaitzak,
Arradoiko, mendia!

Agur, Artheko bortiak,

Urkuluko dorria,

Orriagako leiziak,

Basa-Jaunen tokia...

Kanta beti, koblariak,

Garaziko  herria

Hemen, zer orroitzapenak:
Maiorga martiria,
 San Frantses ekin ta biak
Pitzarazten fedia,
Han, Huarte jakintsunak
Argitzen Espainia.
Charles Floquet Presidentak
Gobernatzen Frantzia...
Emazkik gizon handiak
Garaziko herria!

Goiz huntan, Euskaltzaindiak,
Donibanen bildia,
Goretsi du, —zer eleak!—
Barbier apez maitia;
Hunen bertsu ederrenak,
Baitzen olerkaria;
Hunen alegi pollitak,
Eta Gizon saindia...
Don-Ibane, begirazak
Jean Barbieren herria!

Igortze
Orai, xuti Euskaldunak,
Gora Euskaltzaindia!
Gaztia, zuzenki hartzak
Arbasoen bidia!
Euskaldunki lauda ezak
Garaziko herria!

1975-12-21
 

Garaziko hiri nausi zaharrari

Santibateko koblarien airia


1
Agur, agur, Garaziko
Hiri nausi ederra!
Bazinien sekulako
Apaindura zaharra:
Harriz egina gerriko,
Bai eta zitadela.
Orai harresiak oro
Erortzen ari dira !..
2
Donibaneko hiria,
Sosak bildu beharrez,`
Ari da, uda guzia,
Bethetzen estranjerrez,
Nehork ez daki, ordia,
Laketuko direnez...
Agian gure berria
Maite dute bihotzez !..
3
Egungo Donibandarrak:
Zaharkeriak bota!
Egungo udatiarrak!
Zaharkeriak maita!
Ordian pagatzeliak
Hasten dira oihuka...
Bana gure saltzaliak
Arrunt elkorrak dira!..
4
Bi xori hilen dituzte
Tiro batez kausituz:
Parking bat eginen dute
Harresiak botatuz.
Otodunek behar dute
Her egon mirakuluz...
Ta debriek ezpadute
Hiria bethe diruz !..
5
Zatozte beraz kanpotik
Donibanerat denak!
Ez dugu orai rempart’ik
Bana parking ederrak.
Berrikeriak bakarrik
Dira ikusgarriak...
Ez aipa harri zaharrik,
Zer gauzak itsusiak!..
6
Parkingez asiak gira
Parisen ta Bordelen!
Zertako otoa bara
Ez delarik laketzen?
Lehengo hiri zaharra
Duzie fundikatzen...
Ez da geroztik ederra,
Beraz hortik goazen !..
7
Donibane Garaziko
Hau da habilezia:
Alhor baten egiteko,
Aurtikitzen etxia!..
Ezkurren atxemaiteko,
Erroz gora haritza!..
Ihizia kausitzeko,
Erre bedi oihana!..
8
Asto zonbaitek balute
Barruki ederrena,
Putarka behar lukete
Lurrerat bota dena...
Hola xehatzen badute
Euskal Herriko fama,
Gustian hil lezakete
Gernikako arbola !..
9
Othoi dezazu begira,
Oi Jon-doni-Joane,
Nafarroko Garazia,
Bai eta Donibane!
Eskualdun harginkeria
Bethikotz dugu maite,
Jinkoa gure nausia,
Lege zaharrak ere!..

«Lauda ezak Garaziko herria»

 

1960-8-15

Gure Herria, 35, 1963, 2. zk.

 

Gatia eta axeria

 

Frantximent Jaun handi zonbaiteri.

 

Gatu buztan luze bat, maltzur eta gizen,

Bazterretxo batian goxoki bizi zen:

Sototik zelaururat sagiez asetzen,

Baratzeko hegian xori zonbait hiltzen,

Supazterrian aldiz, jan eta lokartzen.

 

Egun batez sasian, barrandan zelarik,

Axeri bat jin zakon ondorat ixilik...

Agur! Ta berehala adixkideturik,

Kalakan hasi ziren biak ahapetik,

Gatiak espantuka gezurrak emanik.

 

Erdaraz, erran-merran, ari zen gatia,

Eskola handietan baitzen ibilia.

Zimino bat zen omen, han erakaslia,

Harekin ikasten zen: joka, jukutria...

Hobe zuten zakurrek urrun egoitia!

 

Axeri gaixo hura, mintzatu beharrez,

Hainbeste jakitate burrustan intzunez,

Euskaraz erten zakon kasik ba edo ez,

Herriko ohidurak gordetuz ahalgez...

Argitia zen bainan, mendiko berriez!

 

Hortan ziren lagunak, ta uste gabian,

Zakur bat agertu zen, muturra lurrian.

Jo harat, jo hunat, lasterka zabilan,

Hea nor debru zagon laparren azpian,

Usuatuz axeria gatiarekilan.

 

Axeri menditarra, zanpez zauku jeiki,

Ihesari loturik, jauzika zaluki,

Erranez behar zela gordetu zuhurki

Iratze handietan, eta hortik naski,

Oihanaren bidia atxeman errexki.

 

Adar bati lotu zen gatu jakintsuna:

Orai haugi biderdi, oi zakur zikina!..

Bainan adarra baitzen dilindan egona,

Xutitu zen zakurra, —alimale ona,

Gatu gudariari mozturik buztana...

 

Baserritar maitia, bada ene ustez,

Zuhurtasunik saki gogoetan sortzez,

Axeriekin ere mendian egonez.

Dena espantu eta jakintsun izenez,

Halere zen gatia gabetu buztanez!

 

1974-9-1

Gure Herria, 1974, 4. zk.


 
Gure gazteak

Euskadiko sasi-gudarieri,
errespetuki eta bihotzez.


Larrazken eder, Euskal Herrian,
Mendiak oro dira gorritzen,
Urtzo xuriak, haize hegoan,
Zerutik urbil muga nausitzen,
Gipuzkoarrek, zorigaitzean,
Basakeria dute jasaiten,
Auzoan irriz, behar denean,
Etxean aldiz, nigar egiten...
Nun ote dira, maite dituzten
Eneko, Maider, Patxi, ta Miren?
Orai, Francoren presundegian,
Gure gazteak dituzte hilitzen!

Buruilaren hemezortzian,
Donostian da zerbait gertatzen.
Anoetako pilota-plazan,
Jendetaldea ari da sartzen,
Irrintzinaka, bozkarioan,
Euskal kirola dute goresten,
Zer xapelgoa, arratsaldean!
Poliz gizonak, han ede hemen,
Hor baita Franco, denen erdian,
Esku-zartaka, lodi ta gizen...
Ba, bainan hunen presondegian,
Gure gazteak dituzte hiltzen!

Jaun Elosegi, denen artean,
Abertzalea garbi ta zuzen,
Jeiki da zanpez galerietan,
Zer den gizon bat ikus dezaten.
Emanez sua bere jauntzitan,
Horra, gainetik nun den erortzen,
Caudillo-aren sudur azpian,
Garrek dutela arrunt erretzen,
Eta gaizoak, leku berean,
Gora Euskadi!.. oihu egiten,
Zeren Francoren presundegian,
Gure gazteak dituzte hiltzen.

Jainko maitea, zeru handian,
Otoi errazu gaur zertan giren!
Askatasuna, mundu guzian,
Pizten ari da eta zabaltzen,
Sua bezala, oldar gorrian,
Iluna baita beraz argitzen.
Zuk badakizu, gudu gaitz huntan,
Zuzen aldean zendako ginen.
Euskal odola, zure ondoan,
Ariko dea berriz ixurtzen?
Egun, Francoren presundegian,
Gure gazteak dituzte hiltzen!

Igortze
Printzek, gogotik eta frangotan,
Euskaldungoa zuten onesten.
Don Karlos Kintok, beren armetan,
Gure mutillak maite zituen:
Oi zer debruak Ezpata dantzan !

Euskaraz ere mintzatzen baitzen...
Orai, Francoren presundegian,
Gure gazteak dituzte hiltzen!

1970 eke buruilaren 30 ean

Enbata, 1970, 188, zk.

Gure mutila tuntulo

1
Jin zauku mutil berria,
Etxekoen laguntzeko,
Tripota bezan lodia,
Deitzen dutena Pottolo,
Maite du biziki lana,
Besteri so egoiteko!..
Joka nezake buria,
Gure mutila tuntulo,
Egun ere hor dugula,
Taloz ase ta beti lo!
2
Mendietan, artzain gisa,
Igorri zuten Pottolo.
Bost urte han egon eta,
Etxian nigarrak asko...
Uste zuten hila zela!
Alta, etzen harritzeko:
Etxolan zagon geldia,
Gure mutila tuntulo,
Kokorrerano betia,
Taloz ase ta beti lo!
3
Bestetan, zer gazteria!
Pilota utzi orduko,
Mutxikoak, fandangoa...
Nun debru dugu Pottolo?
Erten zekoten oihuka:
Higi hadi behin, alo!
Bana, zinezko tripoia,
Gure mutila tuntulo,
Ostatian zen mozkorra;
Talos ase ta beti lo !
4
Neskatoño bat pollita
Bildu zien ezkontzeko.
Ezteiak bururatuta,
oherat zoan Pottolo...
Bana, hau makurkeria!
Ahantzirikan, alaintso,
Bere andere maitia,
Gure mutila tuntulo,
Etzana zen, leherrina,
Talez ase ta beti lo !

Igortze
Oi, Garaziko semia!
Eskualdun izaiiteko
Beharduk izan ernia.
Egun, bihar, eta gero,
Ikas ta ikas, Eskuara!
Otoi ez egon tuntulo,
Ahoa zabal-zabala,
Taloz ase ta beti lo!


Donibane-Garazin, 1963-7-10

Herria, 1964, 711. zk.

 

 

Par Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Vendredi 29 janvier 2010 5 29 /01 /Jan /2010 11:12

H-L

Haize hegoa Garazin

                       

Haize hego ergelari

                                Bertsu txar jostagarri !

 

1

Herriko haize hegoa,

Xuri milaka goraintzi!

Jeiki ta, xuri xuria,

Ufatzen duzu goxoki.

Negian, bero-beroa,

Horma kentzen duzu bethi.

Udan aldiz, aro txarra

Baztertzen duxu garbiki.

2

Bana, zer gertatzen da ?

Min egin dauzute naski...

Orroaz joaiten xira,

Lasterka menditik beiti !

Ibañetako lephoa

Ez duzia ttipiegi?

Edo gauaz, Basa-Jauna

Ez duxia kexarazi ?

3

Bardako haize maitia,

Ezin ibiliz emeki,

Arrunt erhotzen ari da:

Atzo nigar, egun irri,

Huxtuz edo marrumaka,

Haur itsusi bat iduri,

Badoa zalapartaka,

Zernahi jo ta aurtiki!..

4

Menditarrak, zangoz gora!

Ardiak, itzulipurdi!

Bonetak, airian eta

Kotak belaunetik goiti.

Gure Kattalin ergela,

Ixterrak ere ageri!

Debrien haize xirtxila,

Zer behar dugu ikusi?

5

Ikusi? Jeusez: haizia,

Izan orduko ihesi,

Eta geroztik euria.

Berriz behar gira busti!

Lehen, ari zen oihuka,

Odeiak haizatu nahi...

Egun, ixilki joan da,

Ta bere xedeak utzi.

6

Kaskoin batzu hala dira:

Buru bero, aho handi,

Merke dute balentria.

Lehenik, azantz ausarki,

Izigarriko kalaka.

Bana gero, tantiruri...

Gure « Pullo », kakin eta, (1)

Etxera ari eztiki!

 

(1) Pullo : astoaren izena Garazin.

 

Herria, 1963-2-28, 657. zk.

 

Hantxetan Eiharaberrin

1
Urthiak joan eta jin,
Lana bada Donibanen.
Aipatu behar da behin
Nola ari izan diren
Herriko baimenarekin.
Atsulitoki behar zen
Bide handi bat Garazin.
Pentsa dezazie nun den?
Hantxetan, Eiharaberrin!..
2
Hauxeda pasai handia:
Gatu, xakur, ta xerriek,
Lokartzeko zer tokia!
Ta sasu peko xoriek
Segurki dute bakia.
Arratsez aldiz, aphoek
Atxikitzen biderdia...
Ilhunez, kontrabandixtek
Hor lukete jar-lekia!
3
Orgabide bat izanez,
Langilek dute largatu.
Ba, bainan urthe guziez
Belharra behar zen moztu!
Lan gaixto horren beldurrez,
Untsa dute mundrunatu.
Eta bidian nehorez...
Bederen estranjer batzu,
Hea udan badirenez?
4

Herriko muthilak omen,
Hantxet barrandan egonik,
Untsa ikusi zitien
Arrotzak, bere zokotik:
Bide hortan ari ziren,
Lerro-lerro ukurturik,
Xeilen ondoan kakiten...
Etzen hor mirakulurik,
Arrunt bakarrik baiziren!
5
Beraz, lanak alferretan
Egin dituzte auserki,
Ta bidia, azkenian,
Ez da joaiten xuxenki:
Bihurgune bat, erdian,
Utzi dakote ituski.
Zer debru zuten gogoan?
Jende batzu, mixterioski
Ari dira herri huntan !...
6

Aspaldi dugu galdegin,
Gure zurezko zubia
Azkarrago izan dadin,
Han egiteko bidia.
Ez dute nahiko berdin,
Ta zendako samurtzia?
Hegito-ren bertsuekin,
Hobe da irriz artzia
Hantxetan, Eiharaberrin!..

1963-10-1

 

Harrak eta haritza

Gure herri pollita ete gure euskaldungoa xehatzen dituzteneri.

Haritza zoin edo den, oihanetan xutik,
Adarrak ditiela urrun zabaldurik,
Ezkurrak aldaxketan, ostoz beztiturik,
Agurtuz iruskia kopeta gorarik,
Errege bat iduri, ontasun beterik.
Bainan adinarekin, zahartzen delarik,
Harrak agertzen zazko, erroen azpitik,
Aterbe baten keta, nun-nahi sarturik.

Harrek beti ziloka, zuraren barnian,
Beti leku beharrez, beti jan eta jan,
Hortzez eta haginez, hor dira lanian,
Usteldura hedatuz bazter guzietan.
Egun batez haritza, adarrak haizian,
Xutik ezin egonez hego zirimolan,
Erroz gora badoha lurrerat karraskan.
Zer irabazi dute, harrek, hiltze hortan?

Har horiek bezala, gizona da galtzen,
Geroaz ez delarik zinez axolatzen.
Itsutuki lenara balinbada lotzen,
Hautsi, motz, eta trenka, makur edo zuzen,
Zirt hunat, zart harat, dena du xehatzen.
Hortarik, azkenian, zer zako gertatzen?
Ontasun ederrenak ditu fundikatzen,
Ta Jinkoak emanak debrurat igortzen...

Donibane Garazi, 1967

Gure Herria, 43, 1971, 3. zk.

Hegitoren errepostia

Zonbaitek ez jakinik
Xuxenki nor nizan,
Nahi nute buluzik
Ezarri argian !..
Donibanen sorturik,
Gazte joan nintzen,
Garaziko herritik,
Nigarra begian.

Ofizioz izanik
Gobernamendian,
Eskuara beharrik
Atxiki gogoan,
Izena gordeturik
Bertsua ari nintzan,
Deitura bat bildurik
Etxeko hegian...

Nahi duka nunbaitik
Piarres atxeman?
Askotan lana badik
Kaskoin irietan;
Bana heldu delarik
Herrirat batzuten,
Sartzen duk segurretik
Bere Hegitoan.

Han, Eiharaberritik
Zubira heltzian,
Etxian duk goxorik
Patar gain-gainian.
Haize hegoak eztik,
Ufa gaitz batian,
Ohono Garazitik
Zerurat eraman !..

 

1962-4-24
 

Iholdiko elizari
Berritua izan dadin, harriz eta zurez, lehen bezalako itxura xahar  batekin.

Ekaina bero Pe-Nafarroan,
Pentzetan belar, lili, pinpirin,
Iholdiarrak dira lorian,
Besta Berriko jantzariekin.
Gazteria da lerro-lerroan,
Bizkarra xuxen, xangoak arin,
Boneta gorri, zizpa eskuan...
Ezkilak oro, dalan ta dilin,
Bainan eliza, malda gainean,
Da nigarretan egun Iholdin !

Elizak eder Ostibarrean,
Xuri-xuriak, gibelez aintzin.
Iholdikoa, behar zenean,
Artatzen zuten urtean bahin,
Bainan gaixoa, mendez-mendetan,
Fundikatu zen itaxurekin...
Berant ohartuz, zorigaitzean,
Auzoek dute bihotzean min,
Zeren eliza, malda gainean,
Da nigarretan egun Iholdin !

Behar litake, eliza hortan,
Lanari lotu, xut egon dadin,
Eta betikotz, lehengo modan,
Bere aterbe pollitarekin.
Bainan dirua, nuntik atxeman,
Saristatzeko hargin ta zurgin ?
Xedeak anitz, sos eskasean,
Laborariak ez dira sorgin...
Beraz eliza, malda gainean,
Da nigarretan egun Iholdin !

Igortze
Oi, haberatsak, Ameriketan!
Eta su Maider, edo zu Pattin,
Izan zirezte gure herrian,
Badakizue orai zer egin...
Eliza hori, malda gainean,
Noiz ariko da irriz Iholdin?


1969-2-8

Herria, 1969, 968. zk.

Iholdiko esne lantegiari

Ekaina bero Pe-Nafarroan,
Pentzetan belar, lili, pinpirin.
Iholdiarrak dira lorian
Besta-Berriko Jantzariekin.
Gazteria da lerro-lerroan,
Bizkarra xuxen, zangoak arin,
Boneta gorri, sispa eskian,
Ezkilak oro, dalen ta dilin...
Bai eta ere, peko aldian,
Da lantegi bat egun Iholdin.

Lantegi guti Euskal Herrian.
Gaztek badute bihotzian min,
Arrotzen ganat  beharrez joan,
Etxian aldiz, bat bizi dadin.
Nahi lukete lana mendian,
Egon Euskaldun herritarrekin,
Espos laguna hemen atxemen...
Haste bat dea, bederen behin?
Xuri-xuria, pentze batian,
Da lantegi bat egun Iholdin.

Aspaldi danik, Goi-Nafarroan,
Lagunduz lurrak induztriekin,
Gure anaiek, baserrietan,
Badute lana, bai eta mozkin.
Han ikusten da, udan, negian,
Artzain semia fabrikan berdin.
Ba bainen hemen, gira Frantzian:
Behar da joan edo leherrin.
Otoi ez lotsa... Uste gabian
Da lantegi bat egun Iholdin.

Igortze
Gobernukoak bulegoetan,
Omen ez dira biziki sorgin...
Zer egin dute gazten onetan?
Guaurek gure esniarekin,
Eraiki dugu, hor, bakarrikan,
Lantegi on bat egun Iholdin.

 

Herria, 1974, 1249. zk.


Ipurdian

Bada mende bat beterik,
Euskaldunak, Espainian,
Sartu zirela gogotik
Don Carlos-en dako gerlan,
Behar zutela segurik
Lege zaharra herrian...
Zerhani gizon galdurik,
Bazter ederrenak sutan,
Zer bildu zuten geroztik ?
Ostiko bat ipurdian !..

Mende laurden bat jadanik
Iragan da, Nafarroan,
Gazteria harmaturik
Jin zela Franco-rekilan,
Hunek aldiz hitz emanik
Herrikoak ixtantian,
Biziko zirela kasik
Lehengo libertatian...
Zer ukan dute bakarrik ?
Ostiko bat ipurdian !..

Muga horren bestaldetik,
Berdin gira gu Frantzian:
Gerletan leher eginik,
Petzero gure lurrian...
Xingolez saristaturik,
Zaharrak dira lorian,
Ta gaztiak, etsiturik,
Ehunka Ameriketan,
Jaun haundi batez ukanik
Ostiko bat ipurdian !..

Buruzagi holakorik,
Zendako gure gainian?
Manex, ezkontzen delarik,
Ez dea nausi etxian?
Oi lagunak, beraz atxik
Menditarrak mendietan!
Eta herri-saltzalerik
Agertzen bada bozketan,
Har beza, doala hortik,
Ostiko bat ipurdian!..

Igortze
Printzeak, aspaldidanik,
Bizi dira ohoretan,
Madriletik, Parisetik,
Manatuz bere nahian.
Eskualdunak lehenik
Izan giten Euzkadian,
Jaun horiek agurturik
Ostiko bat ipurdian !..


1966-11-13

 

Irrati etsaiari

«Radio-Paris ment,
Radio-Paris est Allemand!..»`
Ici Londres! 1942


Pariseko urdia hil eta,
beti kurrinka bizi!..
Euskaltzaliak, 1979-an.

Berririk gabe dea lotsatzen,
Etxetik urrun, itsasturia?
Luzaz bakarrik ere kexatzen,
Bere mendian, artzain gaztia?
Hartzen badute ta perekatzen
Irratiaren tresna ttipia,
Euskal Herritik ez da zabaltzen
Amaren ele maitagarria!
Bainan oihuka nor da mintzatzen?
France Interaren aho handia!

Nahi ginuke, han edo hemen,
Intzun herritar baten irria,
Euskaraz hutsik erran dezaten
Egun sortu den gertakaria.
Zorigaitzetan, zoin eztia den
Gure xorien huxtu garbia!
Ba, bainan Tiercez gira asetzen,
Hiru zaldien astokeria!
Diru jokoan baita Iaketzen
France Interaren aho handia!

Behar ginuke, behin bederen,
Aditu nunbait gure herria.
Azken bestetan zer gertatu zen,
Pilota, jauzi, koblakaria...
Gure feriek zen omen zuten,
Bazenez jende, pottok, ardia...
Bainan futbolezez gira betetzen,
Hortan dabila mundu guzia!
Beste gauzetan ez da gelditzen
France Inter-aren aho handia!

Aho tzar horrek, ez du xuritzen
Oraiko kezka izigarria:
Hemengo gaztek ikas ditzaten
Euskaldungoa ta mintzairia,
Artetan ere, Girixtinoen
Eginbidiak eta fedia.
Bainan ardura dauku goresten
Jende zonbaiteen zikinkeria!
Noiz hetsiko da, gu mintza giten,
France Interaren aho handia!

Igortze
Printziak oro dira Parisen,
Xokoan dago Euskal Herria...
Zergak ahatik, dituzte biltzen,
Zapatuz Euskal langileria!
Gerletan ere dugu pagatzen,
Odolarekin, gure lekia!
Zer gatik, beraz, ez da nausitzen
Basque Inter baten aho handia!

1977-5-30


Iratzar giten

Nik uste nien, Frantses Herrian,
Gure gizonak gerlan izanik,
Jendia zela bizi goxoan,
Askatasuna irabazirik.
Gezurra dugu! Bizkitartian,
Ez da gehio zuzentasunik.
Nor da nagusi etxe batian,
Gobernukoek diotelarik:
Ez bahiz untsa hire tokian,
Ixilik ago, eta joan hortik!..

Bazen Erroman Aita Saindu bat.
Erraiten zien gobernieri:
Jin bedi lana gizonen ganat,
Bego zuhaitza bere lurrari,
Igorrazie, bas-herrientzat,
Lantegi zonbait hango semeri...
Minixtro batek, harat ta hunat,
Manatzen dako menditarrari:
Lanik ez baduk, habil hirirat,
Etxia saltzak estranjerrari !..

Parisen dira buruzagiak.
Han dira Jaunak, mutilak hemen.
Heien zapeten garbitzailiak,
Hala zirezte, bethikotz omen.
Dituztelarik euri uharrak,
Zer gertatzen da? Ziek bustitzen ?
Holako gizon handi-mandiak
Hozten direa? Ziek eztultzen!
Beraz, nor gira Eskualdunak ?
Basa Jaun batzu gira Parisen !..

Paristarreri gure herria:
Lapurdi, Nafar, edo Zibero:
Erosi nahi dute guzia,
Etxe batian sartu ta gero:
Sukaldian den untzitegia,
Zizelu, gopor, zakur, zikiro,
Hermeru, ohe, nahai, emaztia!..
Har lezazkete bazterrak oro,
Ahal balute gure airia...
Guretzat, agur ta putza bero !..

Arrotz horier nagusitzeko,
Eskualdunki gauden fededun.
Amodiotan ta ezkontzeko,
Eskualdun bat xerka dezagun.
Ederki haurren erabiltzeko,
Gure mintzaira bethi xapeldun,
Behar delarik utzi geroko
Etxe maitia, eta joan urrun,
Zer othe gira bilakatuko?
Izanen gira, han, Eskualdun !..

Bethi petzero, ta lo eginez,
Amentsekilan nintzan aspaldi.
Gaztek ez nahiz, amor emanez,
Kinka tzar huntan egon biderdi,
Erran dautate, goiz eder batez:
Haugi gurekin ta erna hadi!
Intzun orduko, eta beldurrez
Ihardesteko berant baladi,
Iratzartu niz, botzik erranez:
Hola gaztiak !
Gora Euzkadi !..

 

Herria, 1965-11-25, 799. zk.

 

Jende handi zonbateri

Etxekanderiak, lehen,
Garaziko merkatian,
Maitagarriak zinezten
Nafar astoen gainian.
Untziek egiten zuten:
Dilin-dalan kakoletan...
Arroltziak etzinuzten
Denak hausten kinka hortan,
Zorionez ezpaiziren
Saskitto bakar batian!

Etxeko nausiek, lehen,
Egoitzaren urranian,
Aterbe zonbait bazuten
Mozkinen ezartzekotan.
Sua lotzen balinbazen
Nunbaitik uste gabian,
Ontasunak etzituzten
Denak galtzen makur hortan,
Zorionez ezpaiziren
Bordatto bakar batian!

Gerlari ohiak, lehen,
Egon beharrez barrandan,
Toki batzu bazituzten
Gordetzeko lur barnian.
Bondak igortzen zazkoten
Bere ziloen erdian,
Halere, etziren omen,
Denak hiltzen aldi hortan,
Zorionez ezpaiziren
Tegitto bakar batian!

Igortze
Gure Europarrek, lehen,
Diru gosia gogoan,
Su ta pindar ari ziren
Petrolarekin karraskan.
Agortu zakote aurten,
Ta autoak utzirikan
Astorat dira erortzen...
Induztria dute zapan,
Zorigaitzez bizi baizen
Indar bakar batekilan!

1973-12-30

Herria, 1974, 1245. zk.

 

Jo aintzina !..

            
Iholdiko herritarreri, bihotzez.

Iholdiko eliza, ontsa berritia,
Lehen bezain eder du bere aurpegia.
Hari beha bainintzan, arrunt harritia,
Irriz ari zen naski, nitaz trufatia...
Beraz gora Iholdi, ta Ostibarria!

Eliza, jauregia, maldaren gainetik,
Etxe zahar ederrek plazaren aldetik,
Pentzez eta baratzez hek inguraturik,
Oi, zer lili buketa, oraino bizirik!
Ez da, Pe-Nafarroan, hain pollitagorik.

Ba, bainan gibeletik, malda sahetsian,
Jauregi gaixo hura zagon ahalgian,
Elizaren ondoan, iduriz ikaran,
Dorreak arraildiak, leihoak haizian,...
Elizalarrekoek zer dute gogoan ?

Araiz, Ihodiarrak dira axolatzen
Jauregi ttipi hortaz, ikusiz nola den,
Artatuko dutez, gainetik bederen,
Berrituz teilatia, xaz ez dada aurten?
Zerbait egin behar da, hor lehen bai lehen.

Zaindu behar litake Plazaren itxura,
Josirik elizari jauregi xaharra,
Leku pollit horrekin, laket estranjerra,
Herrriaren arima hor baita segurra...
Hots, Maria batentzat, zer toki ederra !

Hortan, lauda ditzagun gure arbasoak,
Eta gure lehengo ofizialiak,
Harri pikatzailiak, harginak, zurginak,
Apaindu baizituzten herri zaharrenak,
Amultsuki moldatuz bere lan guziak !

Moldatu baizituzten, mendi bazterrian,
Etxe xuri xabalak, lau haitzen erdian,
Zubi bizkar gogorrak, osinen gainian,
Gaztelu etxe gaitzak, bortuko bidian,
Hil harri biribilak, elizen aldian!

Kaskoinkeri zozoak, zuhurki baztertuz,
Etxe zahar ederrak, barnetik berrituz,
Bainan eskualdunki kanpotik apainduz,
Gauden herritar beti, duguna maitatuz,
Ohidura zakarrak ontsa begiratuz !...

1969-5-25

Herria, 1969, 986. zk.

Kaikutik

Esnearen prezioa beitituz ari baita aurten...


1
Gure burhasoek, lehen,
Esnia begiraturik,
Hirietan saltzen zuten,
Merkatu hun bat eginik,
Goxoki bizitzen ziren,
Etzuten eritasunik,
Gaxuxa, Pettan, ta Gilen,
Jeiki orduko goizetik
Denek edaten baizuten
Esne beroa kaikutik!..
2
Orai, moda Pariseko:
Ez da irabazten fitsik!
Pxitt ur botoilarendako
Bada segur probetxurik,
Bainan esniarendako

Dirua dugu eskasik.
Hun litake ezartzeko
Xerrian askan bakarrik
Bai eta azen huntzeko
Esne beroa kaikutik!..
3
Zonbaitetan, ene ustez,
Ura, untsa xuriturik,
Saldia zen esne ordez...
Urari kasu geroztik,
Karioegi izanez!
Zer egin, goizian goizik,
Idortiaren beldurrez?
Baratzia jorraturik,
Tipuleri bota, Manez,
Esne beroa kaikutik!..
4
Lanari lotuz karraskan,
Laborariak, engoitik,
Ari dira sukaldetan
Gasna, burra, metaturik.
Eta gure herrietan,
Kukumarroz afaldurik,
Zer asiak arratsetan!
Nil jan nezake gogotik,
Bainan urririk ez eman
Ezne beroa kaikutik!..

Igortze

Minixtro bat kexatia
Parisen dugu, segurrik!
Bere bizar beltz handia
Xuri dezagun errotik,
Garbituz haren buria
Esne beroaz kaikutik!..

1964-9-30

Herria, 1964, 742. zk.

Laminen kantia

Laminak,
Harginak,
Ilhunak
Eginak...

Altxa ezak Laminaño
Harri hori gohoraño!


Emak hor!
Lan gogor,
Leherkor,
Ez hilkor...

Altxa ezak Laminaño
Harri hori gohoraño!


Nik pika,
Hik trenka,
Guk joka,
Hek koka...

Altxa ezak Laminaño
Harri hori gohoraño!


Garazi,
Hun azi,
Nun hazi
Han bizi...

Altxa ezak Laminaño
Harri hori gohoraño!

 

1959-3-5

 

Lehengo "Amerikano" bat Kaliforniatik

  

 Ene ustez, Ameriketarat joaiten diren langilen artian, Euskalduna da nausi olerkiak hantik igortzeko sorleku maitagarrirat. Bertsu gehienak, XIX garren mendekoak dira, edo 1914eko gerlaren aintzinekoak, eta frangotan aipatzen dauzkigute artzain zonbaiten bihotz minak. Ez da hortaz harritu behar, zeren eta gizagaizoak bakarrik egoiten baitziren, mendi zoko batian, Jinkoak daki zonbat urte. Bixtan da, beraz, gogoa ilun zutela! Bainan, olerki huntan bederen, badugu irri egingarri zati batzu, bereziki gure Euskaldunak kondatzen dielarik bere pidaiaren gertakariak. Ordian, ikasten ahal dugu, bestiak beste:

 

 

Maiatz. (1983, 4.zk.) 28-29

 

 

Luhusoko langileri

Santibateko koblarien airea
edo Pettiri Uhartekoaren airea.


1
Agur, agur, Luhusoko
Lantegi famatua!

Han ginuen sekulako
Bustin xuri gozoa,
Lan poxibat bizitzeko,
Bai eta zoriona.
Orai ditugu saltzeko
Lurrak eta jendia!
2
Etxetik joan beharrez,
Portugesak iduri,
Menditarrak, ezinbestez,
Dira hirirat ari,
Lan gaixtoenak eginez,
Bihotzetikan eri,
Etsiturik ta nigarrez,
Ifernurat erori!
3
Egungo herri ttipiak:
Behar dugu «fabrika»!..
Pariseko gobernuak:
Bas-herrieri kaka!..
Orduan Eskualdunak
Hasten dira oihuka,
Bainan, oi Deputatuak,
Ez dakizea joka?
4
Nagusi batzuen dako,
Hauxe da balentria:
Herri baten laguntzeko
Urruntzen langilia!
Etxe baten apaintzeko
Bastertzen anderia!
Eta Orhin laketzoko
Hiltzen xori maitia!
5
Asto zonbaitak balute
Barruki ederrena,
Putarka behar lukete
Lurrerat bota dena!..
Kanporat saltzen badute
Euskadiko gizona,
Errotik kenduko dute
Gernikako Arbola!
6
Otoi gitzazu begira,
Oi Jon-Doni-Joane,
Joanes Aita Saindua
Gurekin baitzen ere:
Herritarra biziko da
Bere herrian erne,
Beraz, nun den gazteria,
Lana gerta dezate!

1971-10-5

        1) Lehengo itsas-untziak, ardura galtzen zirela sekulako galernak bilduz geroz... arrainek ere behar zutela egin baskari! Beraz, lotsaren gudukatzeko: «Hil artio bizi!» edo hobeki: «Hil artio irri!»

        2) La Habana-ren jende beltzekin, gure Euskaldunak nola egin zitien ezin ahantzizko ezagutzak, bere bonetarekin burian buter guziak harrotuz!

        3) Mexiko-n aldiz, zoin luze iduri zakon denbora. Bainan azkenian nola joan zen, egiazko adixkide bati esker, San-Franzizko-rat eta hantik Kaliforniako mendietarat.

        Huna beraz Amerikatik igorria den kantu xahar hori.

 

 

                                   I

                    Kantu berriak ederki

                    Ezar nitzazke banaki,

                    Hok diren baino hobeki.

Halarik ere/sei zazpi pertsu/emanen ditut oneski.

                    Egiak dire segurki,

                    Nahituenak sinetsi

                    Nahi eztuenak utzi.

 

                                   II

                    Aitarena Kreatura,

                    Amaka emana mundura,

                    Aspaldi zen egun hura.

Aitama onak/hil zitzauzkitan/haur nintzalarik segurra.

                    Jin nintzan adimendura,

                    Lurreko bizi modura,

                    Badut zonbait arrangura.

 

                                   III

                    Sortu naiz Euskal Herrian,

                    Ta hazi toki berian,

                    Oi, leku maitagarrian!

Oren ederrak/ereman ditut/gazte lagunen erdian .

                    Orai, guzien berian,

                    Artzain naiz Kalifornian,

                    Bakarrik, bortu gainian.

 

                                   IV

                    Izatu naiz Espainian,

                    Ez bakarrik barrenian,

                    Abantxu hiri nausian,

Iruñen eta/Donostian bai/gero Bilboko hirian,

                    Hantik biaramunian,

                    Santandereko hegian,

                    Han sartu nintzan untzian.

 

                                   V

                    Pasatu dut itsasoa,

                    Trago Atlantikakoa,

                    Leze bixta gabekoa.

Atseginekin/ezarri nuen/leior gainean zangoa,

                    Nahiz ez nintzan gurdoa,

                    Han emaiteko kaskoa,

                    Arrainen asetzekoa!

 

                                   VI

                    La Habanako hirian,

                    Izan naiz egun batian,

                    Bonet txar-txar bat berian,

Andre beltz heiek/zalapartaka/ihes ene aitzinian,

                    Zuriak irriz aldian!

                    Ahalgeturik ordian,

                    Itzuli níntzan bidian.

 

                                   VII

                    Gero, hantik petik gora,

                    Abiatu itsasora,

                    Joaiteko Mexikora.

Biziki luze/iduritu zait/han eman dutan denbora.

                    Jin zitzerautan gogora

                    Sartzera San-Franzizkora,

                    Euskaldun maiten ondora.

 

                                   VIII

                    Nahiz burua xapeldun

                    Zangoak ere botindun,

                    Moitsa ez nuen dirudun.

Kalifornian/sartua bainaiz/eskerrak zuri Erramun!

                    Zu zirelakotz Euskaldun,

                    Beharrarentzat bihotzdun,

                    Huna ordainak nun tutzun.

 

                                   IX

                    Hau duket azken pertsua,

                    iluna dut urrundua,

                    Artaldia urrundua,

Mendi gainetik/han ehausika/koiota mila debrua!

                    Gau on, Erramun gaizoa,

                    Nola baituzu gustua,

                    Kirrinka zazu soinua.

   

 

HAZPARNEKO MENDIAGUE FAMILIATIK

 

        Azkenian beraz, gure «Amerikanoa» bilakatzen da artzain, anitz Euskaldun egiten zuten bezala. Bakarrik lotzen da lanari, beldurrik gabe, «Far-West»-eko mendi eta leize izigarrietan. Ene ustez, oraiko «Western» filma horieri esker, jakiten ahal ginuke zer izan behar zen hango Euskaldunen bizia, diela ehun urte.

        Hemen ditugun bertsuetan ere, ikusten da zertan den gure artzaina, iluna zabaltzen delarik, artaldia urrundia izanik, eta Kaliforniako otsoak edo «Koiotak» agertzen direlarik orroaz gose gaixtoarekin. Bainan, kinka tzar hortan, zer ote du gogoan Euskaldun gazte hori? Jinkoa? Aita eta ama? Herrian egona den andregaia?...

        Etzauku hetaz hitzik erraiten! Aipatzen du bakarrik orroitzapen bat, bere bihotzian gorderik dagona. Orroitzapen ttipi txar bat, bainan halere xoragarria: Erramun!... Uste gabian Mexiko-n ezagutu zien adixkide zintzoa, hiri nausi hortan arrunt galdia zoalarik arrotzez edo etsaiez inguratia! Erramun bihotz ona, aro txarraren ondotik iruzki goxo bat ateratzen den bezalakoa! Erramun mutiko gisakoa, Jinkoak daki muntik Ameriketarat etorria, eta tenore huntan, oherat joan gabe, beharbada kantuz ari baita eztiki bere gitarrarekin eskian.

        Zorigaitz izigarrietan ibili direnak bezik ez dute kausituko, behar litaken bezala, zoin hunkigarriak diren azken gogoeta labur horiek. Sinetsia edo fediaren gainetik, hemen ikasten ahal ginuke nolakoa den egiazko jandetasuna, bai eta zer den «gizonki» artzia, Euskaldunen artian bederen.

Par Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires

Présentation

  • : Piarres Hegitoaren olerkiak
  • Piarres Hegitoaren olerkiak
  • : Garazi Donibane Garazi Piarres Hegitoa Pierre Duny-Pétré Euskal olerkiak Littérature
  • : Euskal olerkiak Piarres Hegitoak edo Pierre Duny-Pétré-k idatzirik (Donibane Garazikoa, 1914-2005) eta Euskal Herriko aldizkari desberdinetan agertuak. Poésies écrites en langue basque par Piarres Hegitoa, alias Pierre Duny-Pétré (Saint Jean Pied de Port, 1914-2005) et publiées dans différentes revues du Pays Basque.
  • Partager ce blog
  • Retour à la page d'accueil
  • Contact

Créer un Blog

Recherche

Calendrier

Mai 2012
L M M J V S D
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      
<< < > >>
Créer un blog gratuit sur over-blog.com - Contact - C.G.U. - Rémunération en droits d'auteur - Signaler un abus